Iker Eizagirre: “Elkarte gastronomikoek Eibarko enpresen arteko harremanak indartu zituztela uste dugu”

Iker Eizagirre: “Elkarte gastronomikoek Eibarko enpresen arteko harremanak indartu zituztela uste dugu”
ETA KITTO 2019, Abe 16

Ego Ibarra Batzordeak herriko elkarte gastronomikoen eta enpresen arteko lotura aztertzen duen ikerketa abiatu du. Igor Etxabe Enpresen Zuzendaritzan, Ezagutzan eta Berrikuntzan doktorea dago ikerketaren buru eta Iker Eizagirre eibartarraren laguntza jasoko du datuen bilketan. …eta kitto! Euskera Elkarteak 1996an herriko elkarte gastronomikoei buruzko liburua oinarri hartuta, sasoi hartako elkarteetako kideak identifikatu eta bakoitzak lana non egiten zuen jakin nahi dute. Lagundu nahi izanez gero, egoibarra2@eibar.eus helbidera idatzi eta 943 70 84 20 telefonora deitu daiteke.

 

– Zergatik jarri duzue martxan Eibarko elkarte gastronomikoei buruzko ikerketa?

Igor Etxabek kapital soziala kontzeptua landu zuen bere doktorego tesian. Kapitulu batean Eibarko kasua jorratu zuen, eta enpresen arteko loturak eta harremanak errazten zituzten sare informalak existitzen zirela ondorioztatu zuen. Batetik, Udaleko (alkatea, zinegotziak…) eta enpresetako kideen arteko harremanak aztertu zituen, hau da, harreman formalak. Eta bestetik, harreman informalak. Adibidez, enpresetako kideak Armeria Eskolan ikaskideak, familia berekoak edo koadrilakoak zirela.

– Zer da kapital soziala?

80ko hamarkadan soziologiatik jaiotako kontzeptua da. Kapital ekonomikoak dugun dirua azaltzen du, kapital kulturalak zenbateko jakintza dugun, eta badago jendea kapital ekonomikorik edo kulturalik ez duena, baina badu beste era bateko sare bat edo kontaktu batzuk, eta hori litzateke kapital soziala. Ikertzen zaila da, kapital soziala neurtzea zaila delako. Zein elkarte gastronomikotan zauden, zein kirol-taldetan jokatzen duzun edo zenbat laguneko koadrila duzun jakin dezakegu, eta nahiz eta neurketa kuantitatiboa ez egin, ondorio batzuk atera ditzakegu. Guk elkarte gastronomikoen eremua aztertu nahi dugu, erregistroan jaso ditzakegun datuekin gurutzatzeko.

– Antzeko ikerketarik egin da inoiz?

Ikerketak egin dira, baina ez hain formalki. Oso berritzailea da. Eibar kasu paradigmatikoa da, herri industriala delako eta elkarte gastronomiko asko dagoelako.

– 1996an …eta kitto! Euskera Elkarteak herriko elkarte gastronomikoei buruz egindako liburua hartu duzue oinarri. Zergatik?

Aurretik jaso gabeko datu-base bat dagoelako liburuan. 60 elkarte eta 2.216 kideren izena eta lehen abizena jasotzen dira bertan, eta hortik abiatzen gara. Gero, kideak identifikatu beharko ditugu, bigarren abizena zein den eta sasoi hartan non lan egiten zuten eta lanpostua jakiteko, baina badugu nondik hasi.

– Zer jasotzea espero duzue? Zein da zuen hipotesia?

Elkarte gastronomikoek Eibarko enpresen arteko harremanak indartzeko rol garrantzitsu bat jokatu zutela da gure hipotesia. Elkarte askotako kideek lantegi berean lan egiten zutela uste dugu, edo elkarteetan lantegi ezberdinen arteko harremanak sortzen zirela, adibidez. Bestetik, Goi Argi elkartearen kasua asko interesatzen zaigu, emakumeen lehen elkarte gastronomikoa edo bakarra izan zelako. 1996an, orokorrean, gizonezkoak bakarrik zeuden elkarte gastronomikoetan, eta Goi Argiko datuak falta zaizkigu.

– Zer moduz datu-bilketarekin?

Biztanleen erroldaren bitartez elkarteetako ideak identifikatzen saiatzen dihardugu eta egin dugu kontaktua elkarte gastronomiko batzuekin. Fitxa bat pasatu diegu datuak betetzeko eta elkarte bik bete dute dagoeneko. Eskatutakoa ahal den gehien zehaztea eskertzen dugu. Gu ere tentuz gabiltza, datu pertsonalak eskatzen ditugulako. Gero, datuak publikatzeko orduan, ez ditugu datu pertsonalak jarriko, zenbakiak bakarrik, izen eta abizen barik. Hala ere, ikerketaren berri emateko elkarteek eurengana joatea nahi badute, ez dugu batere arazorik, eta Ego Ibarrako ateak zabalik dituzte baita ere.

– Zer egingo duzue jasotako datuekin?

Nik datu-bilketa egingo dut eta Igor datuen ustiaketaz arduratuko da. Honen inguruan artikulu zientifiko batzuk idazteko asmoa du. Eibarko ikerketaren inguruan sakontzen jarraitu nahi du, gai honen inguruan Eibarkoa kasu interesgarria dela uste duelako. Horrela, etorkizunean Eibarri buruzko liburu monografiko bat egitea da asmoa.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »