Iker Garcia (Leanstocks.com): “Momentu honetan makinariaren stock handia dago”

Iker Garcia (Leanstocks.com): “Momentu honetan makinariaren stock handia dago”
2020/06/29 eta kitto!
Makina-erreminta saltzeko eta erosteko Leanstocks.com online plataforma sortu du Iker Garcia eibartarrak. Armeria Eskolan ikasi zuen eta ondo ezagutzen du industriaren sektorea. Plataforman agertzen diren enpresak makinaria saldu eta erosi nahi dutenak dira. Makinen aukera zabala eskaintzeaz gain, zerbitzu tekniko integrala eskaintzen du Leanstocks.com-ek.

Nola sortu zen ideia?
Aspaldi nago sartuta industriaren sektorean, erreminta-makinaren eta mekanizatuaren eta dekoletajearen arloan. Etengabe aritu naiz trebatzen. Nahiko ipurterrea naiz, eta, bizi dugun egoera ikusita, enpresen beharrei erantzuteko asmoz erabaki nuen Leanstocks.com plataforma digitala sortzea. Tknika  eta Metxak antolatutako startup lehiaketa batean parte hartu nuen. Nire ideia aukeratu zuten, eta programa batean parte hartu nuen. Horrek proiektuari forma emateko eta modu bideragarri batean gauzatzeko aukera eman dit.

Nolakoak dira plataforman dituzuen enpresak?
Alde batetik makinak  fabrikatzen dituzten enpresak daude,  salerosketara dedikatzen direnak, eta, bestalde, edozein arrazoi dela-eta, makinaria salgai jartzen duten ekoizpen-enpresak daude; esate baterako, ekoizpenaren jaitsieraren ondorioz makina geldirik daukaten enpresak, edo besta makina hobea erosi nahi dutenak.

Zein da enpresek bizi duten egoera?  Eta zer da eskaini ahal diezuena?
Logikoa den bezala, arazoak dituzte.  Makinariaren stock handia dago; saltzeko behar handia dago. Enpresa asko, zoritxarrez, bezeroak galtzen ari dira. Gure plataformaren bitartez, daukaten stockajeari irteera eman ahal diote, modu digitalizatu eta eroso batean. Erosi nahi duten enpresei dagokienez, hauetako zerbitzu bat behar badute, makina sorta zabala ikus dezakete plataforma bakar batean. Gainera, behar duten zerbitzuaren arabera, euren beharretara egokitzen den enpresa bilatzen laguntzen diegu.

Zerbitzu teknikoa ere eskaintzen duzue, ezta?
Zerbitzu tekniko integrala eskaintzen diegu bezeroei: mantenimendua, "puesta a punto" delakoa, makinariaren garraioa...  Horrez gain, makina zaharra berreraiki nahi duten enpresei ere laguntzen diegu; enpresa askotan zaharkituta gelditzen diren makinei funtzionalitate berriak gehitzen dizkiete, produktiboagoak izan daitezen. Kasu horietan, makina berri  batean inbertitu beharrean, euren makinaren berreraikitzean inbertitzen dute, koste gutxiagoarekin.

Enpresak espero zenuten bezala erantzuen ari dira'?
Nire ideia forma hartzen joan zen neurrian enpresekin harremanetan jartzen hasi nintzen, makinaria saltzeko edo erosteko orduan euren beharrak zeintzuk ziren ondo ezagutzeko. Behin plataforma sortuta enpresak gehitzen joan dira. Lan handia egin dugu enpresengana ailegatzeko, hori da zailena. Bain, behin informazioa emanda, eta eman ahal diegun balioa azalduta, oso jarrera ona daukate eta eurentzako interesgarria izan diatekeela uste dute, ikusgarritasun handiagoa lortzeko.

Iker Garcia2

Nola funtzionatzen du platafornak?
Euren produktuari edo zerbitzuari ikusgarritasuna eman nahi dioten enpresak gure datu-basean gordetzen ditugu, eta harremanetan jartzen ditugu  makina bat erosi edo zerbitzu bat kontratatu nahi duten enpresekin. Bitartekari lana egiten dugu, azken batean. Dagoeneko hainbat enpresa jarri ditugu harremanetan. Adibidez, tornu bati kontrol numerikoa jartzeko deitzen badigute, gure datu-basean ditugun eta  horretara dedikatzen diren enpresei deitzen diegu; eta lan hori egiteko aukera dagoela ikusten badute, bata bestearekin harremanetan jartzen ditugu, euren artean gaian sakondu dezaten eta egin beharreko lana adosteko.

Nongo enpresak dira?
Inguruko enpresekin aritzen gara gehienbat, baina estatu mailakoak ere baditugu (Bartzelona, Valentzia,  Sevilla...). Online plataforma bat geranez, enpresak ez dira derrigorrez hemen egon behar. Guk prozesu guztia errazten diegu.

Badaude horrelako online plataforma gehiago?  
Antzerakoak daude, baina  atzerrian, eta bakarrik salerosketan jarduten dute. Guk daukagun balioa da industriarekin eta makina-erremintarekin lotura handia duen zonalde batean gaudela eta prozesu guztian laguntzen dugula: enpresak makina aukeratzen duen momentutik hasita, martxan jarri arte, mantenimendua eta zerbitzu teknikoa ahaztu barik.

Zeintzuk dira epe motz eta ertainera dauzkazuen helburuak?
Batez ere nortzuk garen eta gure plataforma digitalaren bidez  eskaintzen duguna ezagutzera ematen jarraitu  nahi dugu. Orain ez da saltzeko momentu ona, baina bai datu-base on bat lortzeko. Erreminta-makinaren eta metalaren inguruko ekosistema hori sortzen jarraitu nahi dugu.