Iñaki Aldai: “Bizikleta garraio moduan erabili nahi badugu, bidegorriak behar ditugu”

Iñaki Aldai: “Bizikleta garraio moduan erabili nahi badugu, bidegorriak behar ditugu”
ETA KITTO 2019, Ira 20

Mugikortasunaren Europako Astean murgilduta daude eta gai honen inguruan hainbat ekintza egin dira herrian. Bihar, adibidez, bigarren eskuko bizikleten eta mugikortasun jasangarriarekin lotutako objektuen salerosketa-azoka egingo da Untzagan, 10:00etatik 14:00etara, eta bizikletak konpontzeko tailerra egongo da goiz osoan. Bizikletak ondo ezagutzen dituena Iñaki Aldai da, orain dela 15 urtetik hona bizikleta erabiltzen duelako garraio moduan.

 

– Noiztik erabiltzen duzu bizikleta garraio moduan? Eta zergatik?

Orain dela 15 urte inguru hasi nintzen bizikleta garraio moduan erabiltzen eta erosotasun kontuagatik hartu nuen erabakia. Ermuan egiten dut lan eta arazoak nituen kotxearekin, emazteak ere behar zuelako. Gainera, Eibar eta Ermua zeharkatu behar nituen eta gero aparkatu. Denbora asko galtzen nuen. Erosotasuna izan zen arrazoi nagusia, baina badaude beste kontu batzuk ere. Adibidez, osasuntsua eta ekonomikoa dela. Gainera, modu honetan ingurugiroa zaintzen dugu.

– Hasieran zalantzarik eduki zenuen? Autoekin errepide berean nola moldatuko zinen, euriarekin eta hotzarekin bizikletan ibiltzea nolakoa izango zen, eta abar.

Desplazamenduen gaia ohitura kontua da. Bizikletan mugituko zarela erabakitzen baduzu, euria egiten duenean zira eta euritako frakak janzten dituzu eta kitto, arazo barik. Amsterdamen, adibidez, mundu guztia dabil bizikletan (nerabeak, gazteak, helduak eta zaharrak), eguraldi ona zein txarra egin, eta orokorrean hango eguraldia ez da hemengoa baino hobea. Bizikletan ibiltzeko ohitura oso barneratuta dute. Biztanle bakoitzeko bi bizikleta daude han. Donostia inguruan ere hasi da bizikletaz mugitzeko ohitura indartzen, baina Eibar inguruan apenas ikusten dut jendea. Egia da, baita ere, ez digutela asko laguntzen. Hemengo bideak eskasak dira, ia ez dago bidegorririk… gauza batzuk ulergaitzak dira. Bariantearen azken fasea egin zenean pentsatzen dut ez zela oso zaila Unibertsitate Laboraletik Ermura bidegorria egitea. Bariantearekin trafikoa jaitsi behar zela ikusten zen eta bidea nahiko zabala da, baina betiko bazterbideak jarraitzen du hor.

– Eibarko orografia aitzakia da bizikletan ez mugitzeko?

Orografiak ez du laguntzen, baina pentsatzen dut aitzakia dela gehiago. Lanera joateko 40 minutuz bizikletan ibiltzea larregi izan daiteke, baina 20 minutu (Elgoibar edo Ermura joateko, adibidez) ez dira gehiegi. Hori bai, bideek ez dute hainbeste laguntzen jendea animatzeko. “Bizikleta hartzen dut egunero eta larrua arriskatzen dut”, esan izan didate. Hori du bizikletak, txasisa zu zarela.

– Nolako elkarbizitza izan duzu autoekin?

Orokorrean autoan doan jendea nahiko errespetutsua da. Beti dago baten bat ondo-ondotik pasatzen dena, klaxona jotzen dizuna… baina ez dut kexarik. Egunero erabiltzen dut bizikleta eta ez dut sentitzen bizia arriskuan jartzen dudanik.

– Amañako pasealekuan bidegorria egin berri dute eta badirudi Eibartik Maltzagaraino ere beste bat egingo dutela. Nola ikusten dituzu horrelako neurriak?

Bizikletaren erabilera sustatzeko bide horretatik joan behar garela pentsatzen dut. Bizikleta garraio moduan erabili nahi badugu, bidegorriak behar ditugu. Kirola egiteko beste gauza bat da, baina garraio moduan erabiltzeko, bai. Ermuan 200 metroko bidegorria dago eta gustora nabil tarte motz horretan. Amañan 300 metro inguruko bidegorria dago, baina gero malda igo behar da Ermura jarraitzeko. Izerditan hasteko beste! Batzuetan ez dituzte gauzak errazten.

– Zure eredua jarraitzera animatu da inguruko jendea?

Familian bai, hiru anaiak erabiltzen dugulako bizikleta garraio moduan, baina bestela ez.

– Probatzea da kontua?

Bai, baina baldintza onekin. Gero, ohitura kontua da. Niretzat orain gogaikarria da lanera autoan joatea. Auto-ilarak, aparkalekua aurkitzea… denbora gutxiago behar dut bizikletaz heltzeko. Pentsatzen dut poliki-poliki jendea bizikletaz mugitzen hasiko dela gehiago, hiriburuetan batez ere, baina aldaketak ez dira egun batetik bestera egiten.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »