Institutuko Ikasle Taldea: “Eibarko gazteak mugiarazi nahi ditugu”

Institutuko Ikasle Taldea: “Eibarko gazteak mugiarazi nahi ditugu”
ETA KITTO 2019, Urr 28

Gogotsu eta euren ahotsa entzunarazteko nahiarekin hasi dute ikasturtea Eibarko Institutuko Ikasle Taldeko kideek. Batxilergoko 1. eta 2 mailetako 15 ikasle inguru dira dagoeneko.  Ikasleek jarrera aktiboa izan behar dutela uste dute, eta arlo desberdinetan (sozialean, politikoan, ingurugiroan…) jarduteko asmoa daukate. Joan den astean Kataluniako herriari elkartasuna adierazteko kontzentrazioan ikasle asko batzea lortu zuten ikastetxeko patioan.

– Nola eta zein asmorekin sortu da taldea?
Talde ez da berria, lehendik ere bazegoen, baina egia da joan den urtean jende gutxiago zegoela eta gainera denak Institutuko azken urtekoak zirela. Aurten batzuk taldearekin jarraitzea erabaki dugu, apurka-apurka batzen joan gara eta 15 ikasle inguru gaude dagoeneko, Batxilergoko 1. eta 2. mailakoak. Ikasleen borroka eta aldarrikapenak Eibarren sustatzea, hori da gure asmoa.

– Beraz, beharrezkoa ikusten duzue ikasleek jarrera aktiboa izatea?
Ikastetxean arazoak edo kexak baldin badaude taldean jarduteak pisu handiagoa dauka. Bestalde, arlo sozialean, politikoan, ingurugiroan… jarduteko asmoa daukagu, momentu bakoitzeko beharren arabera. Landu daitezkeen gaiak era askotakoak izan daitezke. Esate baterako, gela guztietan birziklatzeko ontziak jartzea eskatu dugu.

– Nola joan da ikasturte hasiera?
Ez dugu izan gauza handirik egiteko astirik. Lehenik eta behin egin duguna taldea sortu eta elkar ezagutzea izan da, eta ez da gutxi. Orain arte egin ditugun ekitaldi nagusiak, egia esan, protesta eta aldarrikapen ekintzak izan dira, horrela suertatu delako. Hispanitate egunaren aurkako pankarta egin genuen, baina jartzen ari ginela udaltzaingoaren eta ertzaintzaren “bisita” izan genuen. Sei udaltzain eta bi ertzain agertu ziren zazpi ikasle identifikatzera. Neurriz kanpokoa iruditu zitzaigun. Zergatia azaldu barik, gu isiltzen eta beldurtzen saiatu ziren. Pankarta kendu ziguten, baina argazkia sare sozialetan asko ikusi zen.

– Joan den ostiralean, bestalde, Institutuko patioan Kataluniaren aldeko kontzentrazioa egin zenuten…
Egun horretan guk ere zerbait esatea beharrezkoa zela ikusi genuen. Ahalegindu arren, ez genuen greba egiteko baimena lortu. Baina ezin ginen ezer egin gabe geditu eta, horregatik, “paroia” egitea eta Kataluniarekin elkartasuna adierazten zuen pankarta erakustea erabaki genuen. Zuzendaritzaren aldetik trabak jarri zizkiguten, arazo batzuk izan genituen, baina, hala ere, lortu genuen. Irakasle batzuk gurekin egon ziren eta baita DBHko 3. eta 4. mailakoak ere (eurak izango dira hurrengo urteetan Ikasle Taldearekin jarraitu ahal izango dutenak). Azkenean jende mordoa biltzea lortu genuen eta polita izan zen.

– Aurrera begira zer daukazue buruan?
Guazak zehaztu barik ditugu, baina Konstituzio egunaren kontrako ekitaldiren bat egingo dugu eta aurrerago bergira, Martxoaren 8rako, zerbait berezia egiteko asmoa daukagu.

– Sare sozialak eraginkorrak dira egiten dituzuen gauzak ezagutzera emateko?
Bai, Instagramen gaude (@eibarkoikasletaldea) eta dagoeneko jende askok ezagutzen gaitu Eibarren. Aurten jarraitzaile kopurua asko igo da. Gure moduko taldeek gizartean gertatzen diren gauzen aurrean kontzientzia sortzeko balio dezaketela uste dugu, eta  egiten duguna zabaltzeko erreminta egokiak dira sare sozialak. Eibarko gazteak mugiarazi nahi ditugu.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »