Itsasne Gallastegi, psikologoa: “Adimen emozionalak ez du inongo sekreturik, baina landu egin behar da”

Itsasne Gallastegi, psikologoa: “Adimen emozionalak ez du inongo sekreturik, baina landu egin behar da”
2022/05/20 eta kitto!
Itsasne Gallastegik adimen emozionalari buruzko tailer teoriko-praktikoa eskaini zuen martitzenean Agifes Buru Osasun Arazoa duten Pertsonen eta Senideen Gipuzkoako Elkarteak Urkizun duen egoitzan. Aurretik, ostera, berarekin elkarrizketa egiteko aukera izan genuen.

Gallastegi Agifeseko psikologoa da eta bizi-esperientzia ugariri aurre egiteko emozioak ezagutzeko eta erregulatzeko beharra azpimarratu zituen saioan. “Adimen emozionaleko tailerraren helburu nagusia da gure emozioez gehiago jabetzea eta horiek eguneroko erabakietan eta inguratzen gaituzten egoeren interpretazioan nola eragiten diguten identifikatzea”, psikologoaren berbetan.

 

Sarritan entzun dugu “adimen emozionala” kontzeptua, baina zein da zehazki bere esanahia?

Daniel Golemanek zabaldu eta ospetsu egin zuen kontzeptua da, baina aurretik Peter Salovey eta John D. Mayer psikologoek definitu zuten zer den adimen emozionala. Eurek egin zuten definizioaren arabera, norbere eta besteen emozioak ezagutzeko, erabiltzeko, ulertzeko eta erregulatzeko gaitasuna da adimen emozionala. Horrela, ulertzen da adimen emozionalak eragin zuzena duela pertsona baten jokabidean, bere harremanak bideratzen dituela eta emaitza onak jasotzeko erabaki egokiak hartzen laguntzen duela. Adimen emozionalaren barruan bi dimentsio lantzen ditugu: intrapertsonala eta interpertsonala.

Zer esan nahi du bakoitzak?

Adimen emozional intrapertsonala norberaren barneko mundua ulertzeko eta kontrolatzeko gaitasuna da. Interpertsonala, berriz, besteekin enpatizatzeko eta ulertzeko gaitasuna da. Hori kontuan edukita, adimen emozionalaren bost ezaugarritan zentratzen gara.

Zeintzuk dira?

Batetik, autokontzientzia emozionala. Hau da, norberaren emozioak atzematea, izena-ematea eta jabetzea. Bigarrenik, emozioak maneiatzea dago, hau da, emozioak kontrolatzea. Ezin ditugu gure emozioak hautatu, baina gure esku dago gure erreakzio emozionalak nola bideratu ditzakegun era positibo eta eraginkorrean. Hirugarrenik, automotibazioa dago. Norberarengan konfiantza eduki behar da eta gaitzei aurre egin behar zaie emaitza onak lortzeko. Egoera zailak ez dira akats moduan ikusi behar. Blokeatuta gelditu beharrean, egoera horri buelta ematen saiatu behar gara eta aukera moduan ikusi. Horretarako, introspekzio lanak egiten ditugu, eta bakoitzak ikusten du zeintzuk diren bere indarguneak eta ahultasunak. Laugarren ezaugarria enpatia da eta dimentsio interpertsonalarekin du zerikusia. Oso garrantzitsua da besteekin erlazionatzeko. Kontuan izan behar dugu komunikazioaren %90 hitzik gabe egiten dela, hau da, gure berba egiteko moduagatik, tonuagatik, begiradarengatik... Beraz, enpatiak emozioak onartzen, arretaz entzuten eta berba bitartez adierazi ezin diren sentimenduak ulertzen laguntzen digu. Eta bosgarren puntuan gaitasun sozialak ditugu. Hau da, horiek nola sortzen ditugun, nola konpontzen ditugun gure arteko arazoak, tonu egokia erabiltzen dugun, nola erabiltzen ditugun hitzak, zein estilotan komunikatzen garen... Ezaugarri guztiek dute garrantzia adimen emozionalean eta horrek erabakitzen du nola interpretatzen dugun gure eguneroko bizitza.

Nola landu ditzakegu aipatutako ezaugarriak?

Ez dira egun bakarrean ikasi eta martxan jartzeko zerbait, egunero egin behar diren gauzak dira. Bestetik, ikusten badugu ez dugula lortzen ondo egotea, ondo legoke profesional baten laguntza jasotzea. Dena dela, gure osasuna zaintzeko kirola egiten dugun moduan, buru osasuna zaintzeko ariketa hauek egitea ondo legoke. Egunean zehar tarte bat atera eta kontzientzia apur bat lantzea besterik ez da kontua. “Zer gertatu zait?”, “zergatik haserretu gara?”, “zergatik sentitu dut hau?”, “bera nola sentituko zen?”... Gauza horiek pentsatzeko tartea hartzea da gauza. Bestela, bizitzan zehar pilotu automatikoarekin goaz, ez gara gauza horietaz jabetzen, gauzak pilatzen joaten dira eta, gero, gainezka egiten digute. Adimen emozionalak ez du inongo sekreturik, guztiok dugun gaitasuna da. Beraz, gaitasun hori landu egin behar dela ulertu behar dugu.

Nola egin dezakegu eguneroko entrenamendu hori?

Gertatzen zaizkigun gauzak aztertuz, adibidez. Normalean, beldurra dugula detektatzen dugunean, lehen eskaileran gelditzen gara. Izutu egiten gara eta beste gauza batekin hasten gara, beldur horri aurre ez egiteko. Gero, gainera, beldur horrek eragiten duena da lagunari edo senideari edozein gauzagatik oihukatzea, gertatzen ari denarekin zerikusirik izan gabe. Horregatik, pertsona horrek zer gertatzen zaion ulertu behar du eta ikusi behar du lagunek edo familiakoek ez dutela inongo errurik. Agian, emozioak espresatzen ikasi egin behar dugu, bestela ez dugulako egingo.

Martitzeneko tailerraz gain, adimen emozionalari buruzko zerbitzuak eskaintzen dituzue Agifesen?

Agifesen eskaintzen ditugun ekintza, zerbitzu eta bestelakoen berri jakiteko, agifes.org webguneaz gain, 943 47 43 37 telefonoa jartzen dugu herritarren eskura. Zerbitzu asko eskaintzen ditugu: senide eta zaintzaileentzako laguntza, buru osasun arazoa dutenentzako laguntza (indibiduala eta taldekoa), komunitatean autonomiaz moldatzeko laguntza psikosozialeko programa, tutoretzapeko etxebizitzak, errehabilitazio psikosozialeko zentroak, aisialdi eta denbora libreko programak, Karabeleko Enplegu Zentro Berezia eta, niretzat bereziki garrantzitsua dena, elkarrekiko laguntza-programa, besteak beste.

Zer da, ba, elkarrekiko laguntza-programa?

Bertan, gaixotasuna duen baina dagoeneko ondo eta errehabilitatuta dagoen pertsona batek buru osasuneko gaixotasuna duen pertsona batekin egiten du lan. Adibidez, zailtasunak dituelako medikazioa onartzeko edo gaixotasuna bera onartzeko. Horrela, profesionalaren figura aldendu egiten da, kasu askotan ikusi delako hobe dela pertsona horiek gaixotasuna normaltasunez hartzea.

Agifesek sarritan aipatu du buru osasunaren gaia eta buruko gaixotasunak gizarteratu behar direla, eta horri buruz berba egin behar dela, aurreiritziak eta tabuak albo batera lagata, gaiak dituen estigmak kenduz. Nolako lana egiten ari zarete zentzu horretan?

Martitzeneko tailerretik gehien interesatzen zitzaidana jendea hurbiltzea zen, ez hainbeste nik teoria ematea eta kitto. Jendearen zalantzak, galderak, arazoak eta horrelakoak argitzea zen asmoa. Horregatik planteatu genuen tailer moduan egitea, dinamikoa izateko eta bertaratzen zirenek zerbait eramateko. Ez bakarrik ulertzea arazoak nondik sortzen diren, baizik eta ikustea baliabide pertsonal asko dituztela eguneroko egoerei aurre egiteko. Kontua da ez garela horretaz konturatzen, ez garelako horrelako gauzetan pentsatzen jartzen. Gelditu barik gabiltza, ezertarako denborarik gabe eta, batzuetan, jendeak pott egiten du azkenean.