IVAN ROGEL: "Izurriteei edo plagei aurre egitearekin zerikusia duen negozio-ideia lantzen ari naiz”

IVAN ROGEL: "Izurriteei edo plagei aurre egitearekin zerikusia duen negozio-ideia lantzen ari naiz”
2022/11/04 eta kitto!
Eibarko Udalak eta Debegesak martxan jarritako HELDU! programan zortzi ekintzaile ari dira euren enpresak sortzeko lehen pausoak ematen. Helburua da Eibarren enpresa-jarduera berriak sortzea. Ivan Rogel elgoibartarrak Ingurumen Zientzietako ikasketak egin ditu eta bere asmoa plagei aurre egiteko enpresa sortzea da.

Ingurumenarekin eta, zehazki, izurrite edo plagekin lotutako proiektua lantzen ari zara Heldu! programan. Nondik dator negozio-ideia hori?
Batxilergoa amaitu ondoren Ingurumen Osasuneko goi mailako zikloa egin nuen. Han asko lantzen zen plagen arloa, eta nire kontu ere hainbat ikastaro egin nituen. Ondoren, Ingurumen Zientzien ikasketak egin nituen. Heldu! programaren berri jakin nuenean oso aukera ona iruditu zitzaidan. Aspaldi nuen nire enpresa sortzeko ametsa.

Nola ezagutu zenuen Heldu! programa?
Debegesara jo nuen laguntza eske. Eibarko Udalarekin batera sustatutako programa horren berri eman zidaten. Nire arloa ingurumena denez, eta programan lehentasuna zeukaten gaien artean zegoenez, proiektua aurkeztera animatu nintzen. Zorionez, aukeratuetako bat izan zen.

Nola egiten da lan plagen kontra?
Produktu kimikoak erabiltzen dira gehienbat, baina gero eta gehiago bilatzen da beste baliabide batzuekin lan egitea, produktu kimiko horiek alde batera lagaz edo murriztuz. Horretarako beste teknika batzuk daude, eta horietan inbestigatu nahi dugu. Animalien portaerak, lehentasunak eta ohiturak ondo ezagutzea ezinbestekoa da. Hori da gure lana: jakin nondik eta zergatik etortzen diren, berriro gauza bera ez gertatzeko.

Enpresa sortzeko bide horretan zeintzuk dira zure ustez zailtasun edo oztopo handienak eta zertan laguntzen dute HELDU! bezalako programek?
Zailtasun handienak eragiten dizkidaten gaiak baimenak, legedia, fiskalitatea eta antolakuntza dira. Heldu!n tresna guztiak ematen dizkigute gure lana errazteko. Gaiak orokorrean lantzeaz gain, norbanako-tutoretzak ere egiten dira, ekintzaile eta enpresa bakoitzaren ezaugarri eta beharrei erantzuteko. Jendearengana iristea oso inportantea da eta HELDU!n marketin-plana oso ondo lantzen da. Oso adeitsuak dira gurekin, eta ahal duten guztian laguntzen digute. Gure negozio-ideiak martxan jartzeko babesa ematen digute, presiorik gabe, eta hori oso lasaigarria da. Bidean laguntzeko daude eta hori eskertzekoa da.