Izaskun Alberdi: “Ezinbestekoa da zientziarekiko jakintza izatea kritiko izateko gaitasuna duen gizartea edukitzeko”

Izaskun Alberdi: “Ezinbestekoa da zientziarekiko jakintza izatea kritiko izateko gaitasuna duen gizartea edukitzeko”
2021/02/19 eta kitto!
Izaskun Alberdik bere pasio biak uztartu ditu: zientzia eta marrazkigintza. Biologia ikasketak egin ondoren, zientzia irudien bitartez transmititzeko prestatu zen eta NorArte Visual Science estudioan egiten du lan orain. “Ilustrazio zientifikoa zientziaren edozein kontzeptu modu bisualean erakusteko ahalmena ematen digun disziplina da”, berak dioenez, eta hori berori jartzen dute praktikan.

Imagen1

Zure kasuan, zer izan zen lehena: zientzia ala ilustrazioa?

Txikitatik marraztu izan dut, baina zientziarenganako kuriositatea ere goiz piztu zitzaidan. Zientzia eta ilustrazioa oso presente egon dira nire bizitzan, baina modu independentean jarraitu eta bizi izan ditut, orain dela urte batzuk elkartu ziren arte.


Nolako bidea jarraitu dozu orain arte?


Nire ibilbide profesionala zientziari lotuta egon da beti. Txikitatik kuriositate handia izan dut izaki bizidunekiko, eta argi nuen biologiako ikasketak egin nahi nituela. Biologia ikasi eta gero, Biodibertsitate eta Biologiaren Kontserbazioan espezializatu nintzen. Orduan, zientzian irudiek eta diseinu on batek duten garrantziaz konturatzen hasi nintzen: prozesu zailak ulertzeko ilustrazioak oso lagungarriak dira, batez ere maila mikroskopikoan gertatzen direnak ulertzeko. Eskura genituen irudi askok, ostera, lagundu baino kontzeptuak zailtzen zituzten, eta prozesu asko era nahasgarrian irudikatzen ziren. Urte batzuk geroago, EHU-k Ilustrazio Zientifikoko Graduondo berria eskeini behar zuela jakin nuen, eta argi eduki nuen mundu honetan murgildu nahi nuela. Graduondoak niretzat ezezaguna zen bide berri bat zabaldu dit, bide oso polita! Ikasketak bukatu nituenean Vega Asensiok sortutako NorArte Visual Science estudioan lanean hasi nintzen graduondoko beste kide batekin batera, eta gaur egun bertan jarraitzen dugu.


Nolako prozesua jarraitzen dozue zientzia-ilustrazio bat egiteko?


Gehienetan, marrazten hasi aurretik lan bibliografiko sakona egin behar izaten dugu. Irudikatu behar duguna oso ondo ulertu behar dugu, eta gaia ondo menperatzen dugunean, nola irudikatuko dugun pentsatzen hasten gara. Hitzak irudi bihurtzerako orduan, bi kontzeptu eduki behar ditugu kontuan: audientzia eta euskarria. Audientziaren kasuan, nork ikusi eta ulertu behar du ilustrazioa? Horren arabera informazio gehiago edo gutxiago sartzea pentsatu behar dugu, espezifikotasun maila erabaki behar da, eta baita irudien estiloa ere. Euskarria ere garrantzitsua da: non argitaratuko da ilustrazioa? Aldizkari zientifiko bateko artikulu batean, tamaina handiko panel batean, liburuetan, sare sozialetan… horren arabera ere irudiaren tamaina eta estiloa finkatzen ditugu. Ideia guzti hauek finkatuta ditugunean zirriborro bat egiten dugu, eta bezeroaren oniritzia jasotzen dugunean behin betiko ilustrazioarekin hasten gara.

SARS-CoV-2_zikloa


Nolako teknikak erabiltzen dituzue?


Normalean lan digitalak egiten ditugu. Teknika tradizionalak soilik egiten dituzten ilustratzaileak ere ezagutzen ditugu, baina gure bezero motarengatik eta eskatzen dizkiguten lan motengatik modu digitalean egiten dugu lan ia beti. Marrazketa digitala beti berdina edo antzekoa dela pentsatzen dugun arren, aukera asko daude: ilustrazio sinple edo eskematikoak, ilustrazio errealistak, 3D estiloko irudi hiperrealistak…


Zientziarekin zerikusia duen edozer gauza ilustratzen duzue edo arlo espezifiko bateko gauzak bakarrik?


Zientziaren arlo desberdinak ilustratzen ditugu: natur-zientziak, medikuntza, teknologia… Gaiaren arabera lan bibliografikoan denbora gehiago eman behar izaten dugu, baina orokorrean bezeroek asko laguntzen digute. Gure lanean bezeroarekin dugun komunikazioa ezinbestekoa da: hasierako zirriborrotik behin betiko lanera heldu arte, gure lana partekatzen joaten gara, beraien ideiak eta iradokizunak ondo irudikatzen ditugula ziurtatuz.

 3. Erakusketa

Zientziak berebiziko garrantzia hartu du aurten. Gizartean zientziaren ezagutzarekiko dauden gabeziak agerian jarri dira? Pedagogia askoz gehiago egin bihar da oraindik?

Bai, azken urtean informazio dosi handia jaso dugu alde guztietatik, teknizismo askorekin, momentu batzuetan informazioz ia saturatzera heldu arte. Uste dut ezinbestekoa dela zientziarekiko jakintza ona edukitzea kritiko izateko gaitasuna duen gizarte bat eduki ahal izateko. Arlo horretan gure lanak asko lagundu dezakela uste dugu. Adibidez: txerto jakin batek gure immunitate-sistemari nola eragiten dion erakusten duen prozesua testu luze batean irakurri dezakegu, eta seguraski ondo ulertuko dugu ondo azalduta baldin badago; baina informazio berdinarekin diagrama ilustratu bat egiten baldin badugu, ahalik eta modu bisualenean, kontzeptua askoz errazago ulertuko dugu, eta gerora ere hobeto gogoratuko dugu.


Orain zuen lana gehiago baloratzen dala uste duzue?


Bai, urteekin eskariek gora egin dutela nabaritu dugu, bi arrazoi nagusirengatik. Alde batetik, komunitate zientifikoa konturatu da bere komunikazio-helburuak betetzeko kalitate oneko irudiak erabiltzea guztiz ezinbestekoa dela. Zientziaren dibulgazioan eta komunikazioan geroz eta irudi gehiago erabiltzen dira, eta modu bisualagoan komunikatzea da joera, informazioa kontsumitzeko modua aldatzen baitabil. Bestalde, irudi hauek sortzeko profesional espezializatuen merkatua geroz eta ezagunagoa da eta, ondorioz, jende gehiagok jotzen du gugana.

exosomak


Nolako lanak egien dittuzue NorArten?


Denetarik egiten dugu, bezeroaren beharretara moldatzen gara. Askotan, ilustrazio zientifiko bat imajinatu behar dugunean, estilo tradizionalean egindako marrazki batean pentsatzen dugu, zoologia edo botanikarekin lotutako marrazki bat. Eta ez gabiltza gaizki, baina horrez gain, ilustrazio zientifikoa zientziaren edozein kontzeptu modu bisualean erakusteko ahalmena ematen digun disziplina da. Estudioan prozesu diagramak, infografiak, artikulu zientifikoetarako irudiak, ilustrazio medikoa, memoria grafikoak, kongresuetarako posterrak… egiten ditugu. Denetarik! Adibidez, gure azken lanean parke teknologiko bezala funtzionatzen duen plataforma ozeaniko batean aurkitu ditzakegun elementu eta teknologia guztien infografia egin dugu.


Irakaslea ere bazara. Ilustrazio zientifikoaren inguruko interesa piztu da orain?


Bai. Zientziaren heziketa grafikoa hobetzea ezinbestekoa dela uste dugu eta, hori dela-eta, ikerketa munduan dabiltzan langileentzat ikastaroak ematen ditugu. Hau da, zientzialariei euren kabuz kalitatezko diseinuak sortzeko tresnak eta jarraibideak ematen. Bestalde, ilustrazio zientifikoko tailerrak ere ematen ditugu, heldu nahiz umeentzat, eta oso pozik gaude, arrakasta handiko ikastaroak izaten baitira. Tailer desberdinak eman izan ditugu: marrazketa botanikoa, hegaztiak, itsasoko biodibertsitatea… ezagutzen dugun hori soilik zaintzen dugu, eta tailer hauen bidez, ilustrazio zientifikoaren kontzeptuak erakusteaz gain, partaideak gure ingurua pixka bat gehiago ezagutzera animatzen ditugu.


Zeintzuk dira ilustrazio on bat egiteko jarraitu behar diren gako nagusiak?


Lehenik eta behin, gaia ondo menperatzea ezinbestekoa da, zalantzak baditugu gure ilustrazioan islatuta geldituko direlako nolabait. Gero, badaude jarraitu beharreko gako garrantzitsu batzuk: kolore paleta egokia aukeratzea, diseinuaren elementu guztiak ondo lerrokatuta egotea, irakurketa fluxua egokia izatea… eta kontzeptu oso garrantzitsu bat: irudian gauzak ahalik eta sinpleen azaltzen saiatu behar gara. Honek ez du esan nahi ilustratzen duguna sinplea denik, baina kontzeptu zail eta oso mamitsuak ditugunean modu sinpleenean irudikatzen baditugu, askoz ere hobeto transmitituko dugu irudiaren mezua.


Aurreko astean Emakume Zientzialarien Eguna izan zen. Lan asko dago egiteko zentzu horretan?


NorArte, adibidez, hiru emakumeren artean eramaten dugu. Ilustrazio zientifikoa zientziarekin estuki lotuta dago, eta lan asko egin den arren, zientzian gertatzen den bezala, bide luzea dugu oraindik eraikitzeko. Gainera, askorentzat oraindik ezezaguna den lan bat aurrera ateratzen gabiltzala gehitu behar diogu guzti horri, baina oztopoak gainditzen jarraituko dugu, ondo ematen zaiguna egiten: zientzia kalitatezko irudiz betetzen.

zelula