Jesus Maria Iparragirre: “Jubiletxea eraberritu behar dugu, gauza batzuetan atzean geratzen ari garelako”

Jesus Maria Iparragirre: “Jubiletxea eraberritu behar dugu, gauza batzuetan atzean geratzen ari garelako”
2022/02/04 eta kitto!
Aro berria hasi dute Untzagako jubilatuen etxean. Hainbat urtetan zentroaren arima izan den Felix Elkoroiribek kargua laga du eta Jesus Maria Iparragirrek hartu du bere tokia. Ondo ezagutzen dute elkar biek eta azken urteotan elkarlanean ibili dira, orain eman duten pausoa naturala izan delarik. Ilusio handiz ekin dio aro berriari Iparragirrek, etorkizunera begira jarrita dagoen jubilatu etxearen gidaritzan.

 

Untzagako jubilatuen etxeko presidente kargua hartu duzu, baina ez da horrelako saltsatan zabiltzan lehen aldia. Gustatzen zaizu?

Orain dela 41 urte Ipurua auzoko ordezkaria izan nintzen Udalean. Auzoko kezkak Udalera eramatea zen nire eginbeharra, besteak beste, baina auzotarrek ez zuten asko parte hartu. Bi urtez egon nintzen karguan. Bestetik, San Kristobal auzoko jai-batzordean ibili naiz. 2018an Felix Elkoroiribek Untzagako jubilatuen etxeko presidenteorde bezala aurkeztu ninduen Miguel de los Toyos alkatearen aurrean, eta ikusi ninduenean zera esan zuen azken honek: “Hara, eskatzen dakien beste bat”. Bai, Udalean eskatu dut eta eskatzen jarraituko dut, baina ez niretzat, baizik eta jendearentzat. Baina tira, kontua ez da saltsan ibiltzea gustatzen zaidala, horrela tokatu den zerbait izan da.

 

Nola sortu zitzaizun Untzagako jubiletxearen zuzendaritzan sartzeko aukera?

Felixekin egin nuen topo behin eta esan zidan jubiletxeko kontuekin lagundu behar niola lan-karga arintzeko. Eta bat-batean, presidente.

 

Baina aukera hau posible zela ikusten zenuen?

Bai, iaz Felixek kargua utzi behar zuela eta nik hartu behar nuela esan zidalako. Bat-batekoa izan da, baina egokitzen joateko aukera izan dut. Dena dela, Felixek laguntzen jarraituko du, mentorea izango da, zaila delako bere moduko pertsona bat isilik egotea. Txantxak alde batera lagata, otsailaren 27an omenaldia egingo diogu Coliseoan. 12 urte egin ditu jubiletxearen gidaritzan eta aurretik urte askoan jendaurrean egin du lan; beraz, ondo merezitako omenaldia izango da.

 

Felixek lan handia egin du Untzagan. Listoia oso goian dagoela uste duzu?

Hauxe ez da listoi kontua, gauzak egin behar dira hemen. Orain arte egin ditugun gauzak ondo daude, baina erronka asko ditugu aurretik. Batetik, jubiletxea eraberritu behar dugu, aldatzen joan behar gara poliki-poliki, gauza batzuetan atzean geratzen ari garelako. Bestetik, jubiletxeko kideen parte-hartzea sustatu behar dugu. Zentro honek 1.700 bazkide ditu, baina horretatik 200-300 dira ohiko erabiltzaileak. Batzuek ekintza jakin batzuetan bakarrik hartzen dute parte, gauza ezberdinak egiten direnean (irteerak, bidaiak…). Zer gauza interesatzen zaie lagun horiei? Zer gustatzen zaie? Ez dakigu, eta jakitea gustatuko litzaiguke. Horretarako, bazkide guztien buzoietara galdetegia bidaliko dugu eta, horrekin batera, jubiletxean egiten diren jardueren informazioa. Bazkideen zaletasunak zeintzuk diren jakitea nahiko genuke. Horrela, gure eskaintza zabaldu eta aberastu ahal izango dugu, eta bazkide gehiagoren parte-hartzea lortu. Azken neurrian, arrazoi batengatik egin ziren bazkide, ez bakarrik karneta edukitzeko. Gainera, euren lanbidea zein izan den jakitea ere gustatuko litzaiguke, dituzten ezagutzak oso baliagarriak izan daitezkeelako jubilatuen etxearentzat.

 

Felix mentore izango duzu, baina talde baten laguntza edukiko duzu gauzak egiteko?

Zuzendaritza-batzordea dugu, baina bakoitzak ahal duen neurrian ahal duena egiten du. Inor ez dugu ezertara behartzen. Hori bai, lan-plangintza nahiko potoloa aurkeztu dugu eta nola egin aztertzen dihardugu azken asteotan. Beraz, bakoitzak ahal duen neurrian, baina lan egin behar dugu.

 

Nolako zereginak dituzue aurretik?

Batetik, zuzendaritza-batzordea arlo digitalean hezitu behar da eguneratuta egoteko. Bestetik, jubiletxeko beheko pisuan obrak egingo ditugu. Lanak hilabete honetan edo hurrengoan hasiko dira eta pare bat hilabete iraungo dute. Ordurako bertan eskainiko diren zerbitzuak emateko beharrezkoa den taldea osatuta egon behar da. Bertan pertsona nagusientzako leihatila bakarra jarriko dugu izapideak egiten laguntzeko, informazioa emateko, Imsersoren bidaiak prestatzen laguntzeko… Pegoran egiten den antzeko zerbait, baina pertsona nagusiei begira.

 

Ohiko erabiltzaile diren 200-300 lagun horiek asko inplikatzen dira jubilatuen etxeko jardunean?

Erabiltzaileek taldetxoak sortu dituzte eta taldetxo horietan inplikatu egiten dira, baina ez dira zentroaren funtzionamenduaren inguruko gauzetan inplikatzen. Batzuek Tai Chi egiten dute, beste batzuek zumba, informatika ere bai, kartetan ibiltzen dira… Baina parte hartze horretaz gain ez dira ur handiagoetan sartzen.

 

Zentroaren funtzionamenduan lagunduko duen jendea aurkitzea kostatzen da?

Asko kostatzen da, bai. Horregatik nahi dugu bazkide izan eta etortzen ez diren horiek erakarri. Hobeto ezagutzen baditugu, behar dutena ematen badiegu eta ekarpenak egiten badituzte, gauza handiak egiteko gai izango gara. Adibidez, iaz bankuko langile ohi batzuek eman zuten izena, baina ia ez dira hemendik agertu. Jubiletxearen kontuak eramaten dituen emakumeak kargua lagako du aurten eta bankuan lan egiten zuten lagun hauen ezagutza oso baliagarria izan daiteke guretzat. Hala ere, garrantzitsua da eurek parte hartu nahi izatea, gogoa edukitzea, bestela akabo.

 

Lan-taldea eguneratu behar dela aipatu duzu, baina sare sozialetan nahiko aktibo zabiltzate. Jubiletxe modernoa da zuena?

Pertsona bat arduratzen da sare sozialak kudeatzeaz eta webgunea martxan jartzea da gure asmoa. Oraindik ez daukagu prest eta ondo pentsatu behar dugu nola erabiliko dugun, elikatu egin behar delako. Webgunea egin eta aktualizatu gabe edukitzen badugu, ez du zentzurik. Beraz, hori da gure asmoa, baina buelta batzuk eman behar dizkiogu oraindik. Hori bai, esan dezakegu Gipuzkoako lehen jubilatu etxea garela arlo digitalean eta erakundeek hainbatetan esan digute hori; adibidez, Euskofederpenek (EAEko pentsiodunen eta jubilatuen elkarteen federazioak). Aipatu behar da, bestetik, Euskofederpenen hurrengo batzarra Eibarren egingo dela eta Untzagako jubiletxean egitea eskatu zutela, baina guk Udalarekin egin dugu berba batzarra udaletxera eramateko eta han egingo da azkenean.

 

Udala aipatzen duzunez: nolako harremana duzue Udalarekin?

Oso ona! Primeran hartzen gaituzte eta harreman arin eta naturala dugu. Ez bakarrik Udal Gobernuarekin, baita oposizioko alderdiekin ere. Felixekin aurrerapauso handiak egin ditugu, ateak ireki dizkigute, eta neure burua aurkeztu dudanean ere berdin.

 

Beraz, ilusioz ekiten diozu bide berri honi?

Bai, ilusio handiz eta aurrera egiteko gogoz!