Jokin Alonso, Spartan Race-ko munduko txapeldun

Jokin Alonso, Spartan Race-ko munduko txapeldun
2019/10/11 13:57
eta kitto!
Jokin Alonso 27 urteko eibartarrak urrezko domina lortu du Spartan Race oztopo lasterketan, Estatu Batuetan (Lake Tahoen, Kalifornia) irailaren 29an jokatutako munduko txapelketan.

- Munduko txapelduna izan berri zara Spartan Race oztopo lasterketan. Nola sentitzen zara?
Lehenik eta behin, nire adinakoen artean irabazi dudala (25-29 adineko kategorian) esan beharra daukat. Kategoria absolutuko irabazlea izatea oso urrun geratzen zait, baina poliki-poliki distantzia txikiagotzen doa. Hasieratik bakarrik joan nintzen bukaerara arte. Azken bi kilometroetan lehenengoa heltzeko aukera nuela konturatu nintzen, baina oraindik zazpi oztopo gelditzen zitzaizkidan. Egia esanda, gauzarik hoberena korrikalariek eta lagunek nitaz esandakoa izan da. Guztia hitz onak izan dira eta hori niretzat oso garrantzitsua izan da, ezin izango dut inoiz eskertu. Oraindik ez dut sinesten munduko txapelketa irabazi dudala.

- Nolakoa izan da munduko txapelketan parte hartzeko Estatu Batuetara bidaiatzearen esperientzia?
Hau nire bigarren urtea da Spartan Race munduko txapelketan. Iaz laugarren heldu nintzen, baina orkatilan lesioa izan berri nuen eta ez nuen asko entrenatu. Hala ere, oztopo bakarrean huts egin nuen. Urte honetan askoz gehiago entrenatu dut, baina hiru oztopotan huts egin dut. Normalean ez dut hainbeste huts egiten, baina ziurrenik hotzarekin zerikusia izan du. Udako erroparekin joan nintzen -ez nuen hotz handia espero- eta Donostia aldeko Denontzat gimnasiokoei, Ismael Mateori batez ere, eskertu behar diet euren erropa guztia eskaini izana. Azken momentuan eurek lagatako eskularruei esker eskuak bero-bero mantendu ahal izan nituen-eta. Egia esan, urduri ibili nintzen goiz hartan. Gainera, lasterketaren hasiera bi ordu atzeratu zen eguraldi kaxkarra zela-eta. Elurra eta izotzarengatik zailagoa izan zen mediku zerbitzuak lasterketako puntuetara eramatea eta horregatik atzeratu zen. Lasterketa horren oztopo zailena hotza eta haizea izan dira; esaterako, 0º azpitik igeri egin behar izan genuen eta elurra ere egin zuen une batzuetan. Gorputza bero mantentzea izan da zailena, proba hauetan eskuek ondo funtzionatzea nahitaezkoa delako oztopoak gainditzeko.



- Azalduko zeniguke zer den Spartan Race? Zertan datza?
Spartan Race munduko oztopo lasterketen (OCR) artean ezagunena da, eta ibilbidean zehar oztopo ezberdinak gainditzean datza (hormak, soka igoera, igeri egitea, kargak eramatea, etab.). Oztopoko lasterketak bi arlo garrantzitsutan sailka ditzakegu: Spartan Race eta beste gainerako OCRak. Spartan Race lasterketetan, oztopoak nahitaezkoak izan arren, aukerako oztopoak badaude: hau da, oztopoa gainditu ezin baduzu, 30 burpee egin behar dituzu horren ordez. Gainerako OCRtan oztopo guztiak nahitaezkoak dira eta, oztopo batean trabatuz gero, nahi adina aukera dituzu; baina, ezin baduzu oztopo hori gainditu, lasterketan bertan emandako eskumuturrekoa mozten dizute eta zure lasterketa han amaitzen da. Bueno, jarraitu dezakezu, baina egindako denbora ez da kontuan hartuko.

- Zergatik erabaki zenuen mundu horretan murgiltzea? Noiz eta nola?
Txikitatik kirol munduan murgildu izan naiz, nire aita betidanik bizikletan ibili da-eta. Ez nintzen ia pedaletara heltzen, eta pedalada erdia aurrera eta beste erdia atzera ematen hasi nintzen. Nerabean korrika egitea oso aspergarria iruditu zitzaidan. Urteak pasa eta Strava aplikazioa ezagutu nuen. Horrekin “pikatzen” hasi nintzen, hor gure inguruko kirolariak egindako ibilbideak eta erritmoak agertzen baitira, eta eurekin denborak konparatzeko aukera duzulako. Korrika egiten hasi nintzen eta oso argal gelditu nintzen.
Ipuruako gimnasiora joaten hasi nintzen eta 2016ean Bilboko Spartan Race-era joan nintzen, Alex Gonzalez Eibartarrarekin. Primeran pasatu genuen eta handik aurrera lasterketak ondo prestatzen hasi nintzen. Egun 25 Spartan Race egin ditut munduan zehar (Espainia, Andorra, Frantzia, Italia, Estatu batuak...). Gainera, lasterketa hauetan jende asko ezagutzen da eta oso giro polita sortzen da horien inguruan.

- Garaipen honen atzean esfortzu handia dagoela ukaezina da….ezta ?
Bai, entrenamendu asko dago atzean. Gehiena korrika egitea, eta azken bi urteotan CFE gimnasioan ibili naiz eta asko hobetu dut haiei esker. Esan beharra daukat nire koadrilako Enekok (@bazman_science) asko lagundu didala. Berari esker asko ikasi dut kirol munduari buruz, denboraldi baten berarekin entrenatzen egon nintzelako. Gaur egun nire kabuz nabil, baina orain entrenadore batekin berriro hastea pentsatzen ari naiz. Errespontsabilitate askoz handiagoa da eta horrek atzera bultzatzen nau, horregatik nabil bakarrik oraindik.

- Nolakoa da zure egunerokotasuna? Nola bateratzen duzu kirola zure eguneroko bizitzarekin?
Lanean hasi nintzenean zaila izan zen kirola eguneroko bizitzarekin bateratzea, baina azkenean ohitzen joaten zara. Gaur egun Gazteizen nabil lanean kalitateko ingeniari bezala, automobil-industria arloan. Giro oso ona dago bulegoan eta gehienok kirola egiten dugu eguerdian. Normalean korrika egitera irtetzen naiz astero hiru-lau egunetan, batzuetan Juan Zubiaurre eibartarrarekin (lagunekin entrenatzeak asko laguntzen du). Arratsaldeko azken orduetan Krossfit egiten dut beste bi-hiru egunetan.

- Munduko txapeldunaren domina izanda, zein erronka dituzu aurrerantzean?
Esan dudanez, nire adinakoen mailan lortutako domina izan da. Hurrengo erronka nire adineko Europako txapelketa irabaztea eta Espainia mailan kategoria absolutuan podiumen bat lortzea da, baina ikusiko dut, pausoz-pauso. Urte honetan bigarrena izan naiz Europako txapelketan, baina nire ustez Europan lasterketak gogorragoak dira, malda gehiago izaten dutelako.

- Zer gomendatuko zenioke kirol honetan hasi nahi duenari?
Hasieran, lagunekin ondo pasatzeko inguruko OCR motz bat egitea open kategorian. Kategoria horretan laguntza jasotzea onartuta dago. Horretarako, gutxienez korrika pixka bat egitea eta gimnasioan goi-atala zertxobait lantzea gomendatuko nuke. Ahaztu aurretik, nire familia eta lagunei betidanik eman didaten laguntza eskertu nahi diet.

Multi-Rig Lake Tahoe World Championship (2) Nire lehenengo Spartan-a 2016 Bilbon Alexekin