Jokin Bergara, soziologoa: “Berdintasunaren eta justizia sozialaren aldeko korronte bat zabaldu da pandemiarekin”

Jokin Bergara, soziologoa: “Berdintasunaren eta justizia sozialaren aldeko korronte bat zabaldu da pandemiarekin”
2020/06/09 07:33
eta kitto!
Koronabirusak mundua astindu du eta orainaldi nahasi honetan zalantzaz beterik irudikatzen dugu etorkizuna. Zientzialariek, medikuek, politikariek eta ekonomialariek zeresana izan dute pandemiaren kudeaketan. Baina zer gertatzen da soziologiarekin? Jokin Bergara soziologoak COVID-19k gizartean eragin duen lurrikara ulertzen lagundu digu.

 

Nola aztertzen duzu itxialdia arlo soziologikotik?

Itxialdia hasi zenean egoera anomiko bat zetorrela ikusi genuen, ezezaguna den horren aurrean ez dakigula nola ondo jokatu. Adibidez, ikusi genuen supermerkatuetan erosketa masiboak egiten zirela, jendeak ez zekiela ondo zer gertatuko zen, eta abar. Beldur maila altuko egoera zen. Gizarteak errutinak antolatuta edukitzea behar du zer egin behar den jakiteko. Asteak pasatu ahala egoera lasaitzen joan zen, errutina batzuk antolatu zirelako.

 

Itxialdia ezartzeko erabakia ona izan zen?

Itxialdia ezartzeko neurria berdina izan da guztiontzat, baina ez digu guztioi berdin eragin. Analisian faktore soziologiko ezberdinak sartzen badira, eraginak oso ezberdinak izan direla ikusten da. Klase arteko eta genero-ezberdintasunak handiagotu egin ditu, adibidez. Batetik, analisian klasearen bektorea sartuz gero, ikusten da ez dela gauza bera itxialdia etxe handi batean edo pisu txiki batean pasatzea. Eta bestetik, genero-indarkeria kasuak asko hazi dira. Hiri eta herri arteko dikotomia soziologikoari begira, erabakiak hiri handietan pentsatuz hartu dira. Eta, horrez gain, erabakiak hartzeko orduan helduak hartu dira aintzat eta ez haurrak.

 

Aurretik gizartean zeuden arazoak azaleratu dira pandemiarekin?

Gizarteak joera historiko luzekoak diren dinamika batzuk ditu. Adibidez, klase eta genero arteko ezberdintasunak. Koronabirusak lurrikara txiki bat eragin duen neurrian, lehen zegoena modu basatiago batean erreproduzitu du (adibidez, pertsona nagusiak erresidentzietan abandonatzea). Baina era berean, beste aldea bilatuz eta baloratuz, zaintza-lanen balio soziala igo egin da, osasungintza publikoa egotea kontsentsu sozial baten ondorioa dela ikusi da, enpresak demokratizatzearen ideiak zabaldu dira, langileen kaleratzeak egin ordez ABEEEak egin dira, hau da, estatuaren interbentzioarekin… Horrelako gauza batzuk ikusi ditugu, dinamika neoliberalari kritika egiten dioten korronteetatik datozen gauzak eta kontsentsu soziala eduki dutenak. Berdintasunaren eta justizia sozialaren aldeko korronte bat zabaldu da, lehen ez zegoena.

 

Pandemia gauza berria izan da guztiontzat. Nola erantzun dugu?

Koronabirusak gizartean zeuden beldur, angustia eta paniko dosi altuak askatu ditu. Horren erakusle dira balkoietako jokabide faxistak, baina ez hori bakarrik; modu autoritarioen gorakada egon da, poliziak ikusi ditugu kalean, multa pila bat jarri dute, estatuaren erabateko zentralizazioa egon da, eta birusak zaplaztekoa eman dio euskal autogobernuari eta agur esan diogu.

 

Arin egin diogu uko gure askatasunari?

Soziologiak epidemia kasuak aztertu ditu, hau da, horrelako krisi sanitarioen aurrean gizartearen erantzunak nolakoak izaten diren. Lehenengo efektua da ez dakizunaren aurrean dakienari delegatzen diozula erabakitzeko ahalmena. Ezjakintasunaren aurrean askoz zintzoagoak eta obedienteagoak bilakatzen gara. Erakundeekiko mesfidantza-tasarik altuena dugun sasoi historikoa da, baina kasu honetan erakundeek ezarritako neurriak ondo bete ditugu. Lehen jainkoak produzitzen zuen egia eta orain zientziak. Bestetik, ekonomiaren eta zientziaren diskurtsoen arteko talka frontala egon da. Atzetik gizarte zientziak egon dira, “gu ere hemen gaude” esanez.

 

Beldurra da gure etsai nagusia?

Milgramen esperimentuaren adibidea jarriko dut. Stanley Milgram esperimentu bat egiten zebilen elektrodo batzuen bitartez burmuinean zer gertatzen zen ikusteko, eta jendea parte hartzeko prest zegoen. Bi taldetan banatu zituzten. Batzuk aulkietan jarri behar ziren, eta beste batzuk bestaldean zeuden botoia sakatzen aulkietan zeudenei elektrodoak emateko. Zientzialariak botoia sakatzeko esaten zuenean, 20 volt adibidez, beste aldean “ah!” entzuten zen. Gero, deskarga 40 voltera igo zuten, eta oihuaren bolumena handiagoa izan zen. Intentsitatea igotzen joan ziren eta garrasiak ere. “Mesedez, gelditu”, esaten zuten beste aldetik, baina zientzialariek jarraitzeko agindua ematen zuten, dena ondo zegoela esanez. Neurketa egin zuten zientzialariek amantal txuria jantzita bazuten, botoia sakatzen zutenen ehuneko altu bat heriotza eragingo zukeen voltajeraino iristen zen (deskargak ez ziren egiazkoak, baina parte-hartzaileek ez zekiten), eta zientzialariek amantalik janzten ez bazuten, ehunekoa asko jaisten zen. Hau da, gauza baten inguruan guk ez badakigu ezer, zientziari itsu egiten diogu kasu. Gaur egun zientzia da jainkoaren ahotsa. Bestetik, krisialdi sozial eta ekonomikoa datorren neurrian, beldurrak gu gure baitara biltzea eragiten du eta bestearekiko elkartasun mailak asko jaistea. Beldur hau klase sozial zaurgarrienen aurka areagotu daiteke (etorkinak, zaharrak…). Hala ere, distantzia soziala existitzen zen dagoeneko. Askoz gehiago hurbiltzen gara gure klase sozial, etniko eta kulturalekoengana. Barrera automatikoa jartzen dugu ijitoekin, marokoarrekin edo beste kultura batzuetakoekin. Koronabirusarekin beste aldagai batzuk sartu daitezke zaku horretan orain: gaixo egon direnak, zaharrak, txinatarrak…

 

Soziologiak etorkizuneko arazoak aurreikusteko lagundu dezake?

Soziologia eguneroko bizitzan ikusten ez diren patroi edo errepikapen batzuk ikusten saiatzen da, eta aztertu egiten ditu. Beste kasu batzuetan zer gertatu den eta zein patroi errepikatu diren ikusi dezakegu, eta horren gaineko jakintza enpirikoa izango dugu, baina ezin dugu jakin gizarteak nola erantzungo duen, gure ikerketa objektua oso aldakorra delako. Gizakiaren jokatzeko modu desberdinak sartzen direnez eta dinamikotasun hori aurreikusten ezinezkoa denez, zaila da jakitea zehatz mehatz nola erantzungo duen. Baina aurreko prozesu sozial eta historiko batzuk aztertuz, zer patroi errepikatu daitezkeen ideia egin dezakegu. Kasu honetan gertuen duguna 2008ko krisialdia da. Hor gaizki egin zena ikusita, berriz ez errepikatzeko balio dezake soziologiak.

 

Pandemia amaituko da, baina eragin dituen arazo ekonomikoek jarraituko dute. Nola ikusten duzu?

2008ko esperientzia dugu ikusteko zein ondorio sozial eta ekonomiko ekartzen dituen. Soziologiatik esan dezakegu desberdintasun sozialak eta klase diferentziak eragin handia dutela krisiaren ondorioetan. Norberaren kapital ekonomikoa, soziala, kulturala… sartzen dira jokoan. 2008ko krisiak erakutsi zuen sektore sozial jakinetan dela erasokorrena: emakumeetan, gazteetan eta etorkinetan. Seguruenik datozen urteotan pobrezia- eta langabezia-tasen igoera ikusiko dugu. Lupaz begiratu beharko dugu zein neurritaraino iristen den hor sortuko den sufrimendua, eta horrek zein ondorio politiko eta sozial edukiko dituen.

 

Pandemiak aldaketak eragingo ditu pertsonen arteko harreman zuzenetan?

2.000 urte inguru goaz filosofiatik teknikaren eta gizartearen arteko harremana ikertzen. Ikusi da teknologiak harreman soziala ahalbidetu duela (telebilerak, telelana…) eta plataforma digitalen pisua eta gure bizitzan duen sartzeko gaitasuna areagotu dela. Orain askoz hobeto ezagutzen dituzte gure ohiturak, nahiak, desirak eta gure lagunak zeintzuk diren. Plataforma horiei oso informazio baliotsua ematen ari gara eta arriskuak daude, gure sistema “demokratikoa” oraindik eta distopikoagoa eta autoritarioagoa izan daitekeelako. Badakite algoritmoen bidez informazio hori zeini eta noiz saldu.

 

Segurtasunaren izenean eman dugu gure inguruko informazioa?

Askatasuna-segurtasuna dikotomia horretan oso gauza arriskutsuak ikusi ditugu. Nahiago dugu seguru sentitu eta seguru sentitzeko modurik onena Txinara begira jartzea da (gure mugikorretan aplikazio bat edukitzea nondik ibili garen esateko, adibidez). Arriskua da teknologia digitalek zure bizitza baldintzatu dezaketen kultura sartu dezakezula. Txinan sistema sozialen kreditua dute eta politika sozialak horren bidez egiten dituzte. 500 puntura arteko sailkapena da eta zure jokabideen arabera puntu gehiago edo gutxiago dituzu. Sailkapenaren goian bazaude estatuak utziko dizu zine batera joaten, lanpostu bat edukitzen edo auto bat erosten; eta beherago bazaude, ez. Oso arriskutsua da. Herritar eredu bat nahi dute erreproduzitu, baina hor askatasuna galtzen da. Guztiok ez gara modu batekoak, gure sekta propioa edukitzeko eskubidea izan behar dugu besteena errespetatuz.

 

Arazo handien aurrean bakarka baino taldean aritzea garrantzitsuagoa dela ikusi da?

Soziologia XIX. mendearen amaieran sortu zen. Gizartea nekazaritza eta abeltzaintza mundutik hirietara pasatzen ari zen, iraultzak eta prozesu politiko gatazkatsuak gertatu ziren…, eta jendeak gertatzen zena jakin nahi zuen. Soziologiak hasieratik esan du animalia sozialak garela eta antropologikoki bestea beharrezkoa dugula gure beharrak asetzeko. Kontua da sistema ekonomiko jakin bati gehiago interesatzen zitzaiola gizartean indibiduoaren diskurtsoa zabaltzea, eta hor dugu 90. hamarkadan Margaret Thatcher eta Ronald Reaganen sasoian Thatcherrek esandakoa: “Indibiduoak daude, ez gizartea”. Hori liberalismotik dator eta neoliberalismoak gehiago hauspotu du. Hau da, gure artean akordioak egiten ditugun pertsona askeak garela, merkatuaren lege ikusezina eta hori guztia. Pandemia honek erakutsi digu indibiduo bezala gure artean akordioak egiten hasiko bagina, ez lukeela funtzionatzeko. Erabaki estruktural batzuk unibertsalak izan beharko lirateke, guztioi eragiten digutenak. Talde bezala erantzuteak krisi sanitario baterako, krisi ekonomiko baterako eta beste problematika sozial batzuei erantzuna emateko balio du.

 

Pertsona hobeak edo txarragoak irtengo gara pandemiatik?

SESB desegin zenean Kuba petrolio iturri gabe geratu zen eta, halabeharrez, produkzio agroekologikoa %24 igoz, mugikortasun ekologikoa sustatuz (bizikletaz, zaldiz…) eta beste hainbat neurri hartuz, bere biztanleria guztiari jana, edana, hezkuntza eta etxea bermatzea lortu zuen. Aztarna ekologiko oso baxua edukitzea lortu zuten biztanleen oinarrizko beharrak eta behar materialak asetuz. Gero, ordea, Venezuelatik Kubara petrolioa eramateko aukera izan zuten eta aurreko eredu produktibora itzuli ziren. Trantsizio sozioekonomikoa eta klima-aldaketa dira gure mendeari dagozkion gai nagusiak, gure biziraupena dagoelako jokoan. Pandemiatik hobeak edo txarragoak izaten irtengo garen? Justizia sozial eta ekologikoaren biderantz joango garen galdetuko nuke, bidegurutze hori dagoelako. Aukera materiala baldin badugu, alperrik da ardura indibidualari deitzea (ez egin hegan, ez kontsumitu haragia bost aldiz astean, birziklatu…). Erabaki estruktural batzuk ez badaude, berriro eroriko gara aurreko kontsumo-eredura. Nahiz eta gure askatasuna pixka bat urratu, arazo lodiei erantzuna emateko erabaki estrukturalak hartu behar dira. Kontua da erabaki estruktural horiek interes ekonomiko batzuen aurka daudela.