Jon eta Oihane, Ibarkurutze fruta-denda: “Giro berezia sortu da bezeroen eta gure artean”

Jon eta Oihane, Ibarkurutze fruta-denda: “Giro berezia sortu da bezeroen eta gure artean”
2020/05/17 eta kitto!
Koronabirusak ez dut eten Ibarkurutze fruta-dendako Jon eta Oihaneren lana. Itxialdiaren zatirik gogorrenean ere barazkiz eta fruituz bete dituzte herriko etxeak eta bezeroen erantzuna bikaina izan da euren iritziz. Sasoi berrira moldatu dira eta, dendako ateak zabalik eduki arren, WhatsApp (680382091 edo 664718699) bidezko eskaerak ere jasotzen dituzte, bezeroen beharretara egokituz.

 

Hasieran nola moldatu zineten alarma-egoerara?

Alarma-egoera ezustean iritsi zen eta kezkatuta geunden, ez genuelako informazio askorik. Itxialdiaren lehen astean denda goizez irekitzea erabaki genuen eta Italiatik albiste latzak iristen ari ziren. Nahiko beldurtuta geunden. Segurtasun- eta osasun-neurri bereziak hartu genituen, egoera berrira egokitzeko. Lehen, adibidez, bezeroek erosi nahi zituzten produktuak hartzen zituzten, baina orain gehienez bi pertsona sartu daitezke dendan eta produktuak guk ematen dizkiegu.

 

Hasieratik izan duzue materiala eskura?

Hasieran ez genuen maskararik edo eskularrurik. Ez genekien zer egin ere. Pentsatzen genuen moduan jokatu dugu. ‘Kenko’-ko Enekok eskularru batzuk ekarri zizkigun eta beste lagun batek maskarak, inon ere ez baikenituen aurkitzen. Gel hidroalkoholikoa ere kostata lortu genuen.

 

Nola erantzun dute bezeroek egoera berri honetan?

Betiko ohiturak aldatzea zaila da, pertsona nagusientzat batez ere, baina jendeak ondo ulertu du zein den egoera eta zeintzuk diren hartu beharreko neurri bereziak. Bezeroak oso ondo portatu dira gurekin eta oso eskertuta gaude. Egoera honetan eurentzat erraza izango litzateke saltoki handi batean erostea, toki berean denetarik erosi daitekeelako, baina gurera etortzen jarraitzen dute eta, gainera, denda zabalik izateagatik eskerrak ematen dizkigute. Giro berezia sortu da gure artean.

 

Salmenta kopuruari dagokionez, aldaketarik igarri duzue?

Ez dakigu ohikoa baino jende gehiago ibili den, baina bai esan dezakegu jendeak ohikoa baino gehiago erosi duela. Erosketa handiagoak egin dituzte, etxetik gutxiagotan irteteko, hasieran batez ere. Bestetik, tabernak eta jatetxeak itxita egon direnez, jendeak ezin izan du kalean bazkaldu edo afaldu, eta dendetan gehiago erosi du.

 

Itxialdiaren sasoirik gogorrenean produktu faltarik izan duzue?

Ez. Baina gure sektorean gertatu dena da prezioak igo egin dituztela salmentaren katean gure aurretik daudenek. Produktuen eskaera handitu egin da eta, ondorioz, produktuen balioa igotzea logikoa da, baina ekoizleak egoeraz aprobetxatu direla uste dut.

 

Itxialdia arintzen doala igarri duzue?

Bai. Hasieran zoroaren pare ibili ginen, jendeak ez zekien produktuen falta egongo zen ala ez… baina egoera honetara ohitzen joan gara eta osasun-larrialdiaren aurreko egoerara hurbiltzen goaz, poliki-poliki. Hau da, jendeak eguneko erosketa egiten du, ez aste osokoa.

 

Zein ordutegi duzue orain?

Momentuz goizean bakarrik zabalduko dugu. Ez dakigu horrela jarraituko dugun alarma-egoera amaitu arte ala arratsaldez zabaltzen hasiko garen, egoeraren arabera ikusiko dugu. Bezeroek goizez etortzeko ohitura dute, beraz, horrela jarraituko dugu momentuz. Agian, egoera honekin, ohitura berriak sor daitezke eta gerora begira gerta daiteke ordutegia aldatu behar izatea.