Jon Etxabek ondo gogoan dituenak (Zamoran bizitakoa ez ahazteko)
- Zergatik erabaki duzu liburua argitaratzea?
Amuriza bertsolaria eta, nire moduan, kartzelan preso egondako abadearekin behin baino gehiagotan komentatu izan dut eta berak esaten zidan Zamoran egindako urteetako bizipenak galtzea pena izango zela. Zerrenda bat banuen eginda eta, horko ipuin batekin, lehiaketa bat ere irabazi nuen. Formatuan, gai bakoitzak hamar orrialde hartzen ditu, bataz beste, eta hamazazpi narrazio motz daude. Ilobak ordenagailura pasatu zidan eta baita oparitu neri. Arrasateko Intxorta elkartekoek gustora hartu zuten aurkeztu nienean eta argitaratzera animatu. Kartzelan egin genituen ekintza nagusiak eta eguneroko bizitza isladatzen duten narrazioak jasotzen ditut, Zamoran egin nituen zazpi urte horietakoak.
- Handik irten barik eman zenituen zazpi urteak?
Ia bai. Kenduta, zigor moduan, Cartagenara bidali eta han eman nituen lau hilabeteak eta, jakina, Burgosko prozesurako epaia izan zenean, han eman nituen egunak.
- Zelako kartzela zen Zamorakoa? Bazuen ezberdintasunik?
Elizaren eta estatuaren kartzela zen, apaizondako estatuan zegoen bakarra. Baina, herri-mugimenduen presioarekin -eta ez bakarrik hemen, Euskal Herrian, zegoenarekin-, eurei ere jasanezina egiten zitzaien jarraitzea eta ahalegindu ziren, bai apezpikuek eta baita gobernua ere, kartzela ixten; baina militarrek ez zieten laga. Hemendik kanpo, Madrilen eta Bartzelonan batez ere, mobilizazio asko izan ziren. Azken lau urteetan zazpi abade besterik ez ginen han, arnasberritzea ere etorri zen eta, Franco hil zenean, Kalzada eta biok geratzen ginen.
- Zer esan dizute liburua irakurri dutenek? Jendeak zer aurkituko du liburuan?
Kartzelako gorabeherak kontatzen baditut ere, ahalegindu naiz, teknika ezberdinak erabiliz, jendea ez aspertzen. Horretarako, narrazioak puzzle gisan nahastu ditut. Amurizaren bertsoek ere bizitasuna ematen dute. Estilo arina jorratu dudalakoan nago; ahalegina hor dago, asmatu edo ez. Bestalde, kartzela hobeto ezagutzeko balioko duelakoan nago; zeren hura zapaldu ez dutenek ez dakite zenbateraino ez diren jabetzen harek eskaintzen duen gordintasunetik. Nolako isolamendua dakarren, zelako probokazioei aurre egin behar zaien...
Euskerari guztiz emaniko urteak
- Euskeraren inguruan ez duzu ibilbide motza egin; sutsu jardun duzu gainera. Baita EHE-en militatu... Hasierak, baina, ez ziren hain samurrak izan, ezta?
Seminarioan -hori bai lotsagarria- ez genuen euskerarik ezertarako landu. Euskal kontzientzia ere Eskoriatzako Marin auzoan egindako sasoian landu nuen, orduan ere sermoiak erderaz egin arren. Hemen Azitainen, baina, euskaldunen eskubideen aldeko jarrera indartzen jardun nuen eta euskerazko zine-foruma ere antolatu genuen, euskal gramatika ezagutzen ez bagenuen ere. Kartzelan alfabetatu nintzen ni, Amurizak ematen zituen klaseetan. Amnistiarekin behin kartzelatik irtenda, Debako Eskolak eskaini zidan irakaskuntzan sartzeko aukera eta, euskeraren alde, hango Gurasoen Elkartea lan handia egin zuen. Karmelo Urdangarin zuen kolaboratzailea tartean zegoen. D eredua irakaskuntza publikoan sartzeko gogor borrokatu behar izan genuen eta grebak ere egin behar izan genituen tarteko. Pedagogia ikasi barik eta ez titulorik ez magisteritzarik; prestatu beharra zegoen. Horrela atera nuen Magisteritza, Euskal Filologian: hiru urtetan asteburu osoak ematen nituen UNEDen eta, batzuk titulua oparitu zigutela bazioten ere, ez da izango guk baino lan gehiagorik aurkeztu behar izan duenik Magisteritza ateratzeko. Gero, Elgoibarren D eredua sartu genuen, klaustroan nagusitu ginelako, eta niri aurre-eskolan jardutea egokitu zitzaidan, hiru urteko umeekin. Behin Eibarrera etorrita, ...eta kitto! elkartearen sorrerako taldean izan nintzen Fernando Muniozgurenek bultzatutako saiakeran eta ondo gogoan dut sarrerako testua ere nik jiratu nuela.
- Zelan gogoratzen dituzu Azitainen emandako urteak?
Bost urte izan ziren eta harreman oso ona izan nuen hemengo jendearekin; gertukoak sentitzen nituen, batez ere. Nire barnean, dena dela, apaizaren papera zalantzan jartzen hasi nintzen, halako krisi bat izan nuen, Kontzilioa ere pasatuta zegoen eta gure sermoiei zer edo zer falta zitzaien. Jendearekin harremanak jorratu nituen eta JOC-aren (Juventud Obrera Cristiana) inguruan jardun genuen; beste herri batzuetan Euskal gaztediak indar gehiago izan zuen. Egia esan, gazteekin eta langileekin izan nituen esperientzia onenak eta ohartu nintzen sindikatuak eraginkorragoak zirela.
- Bi apaiz izan zineten Burgosko prozesuan, Julen Kaltzada eta zu zeu. Zein eragin izan zuen horrek?
Gu prozesu horretan izatearena nahiko eztabaidatua izan zen eta bere arriskuak bazituen. Sekularizatzeko gonbidapena ere izan genuen, onartu ez bagenuen ere. Abadeen mugimenduak lan asko egin zuen sasoi hartan eta gu apaiz moduan agertzeak bazekarren elizaren jarrera azaltzearen abantaila ere. Nik, gainera, ez nuen ezkutatu nahi izan armatuta ibili nintzela, abokatua kontrako iritzikoa izan arren. Abadea, fedea eta elizaren arteko kontraesanak agertu nahi izan nituen; ez dut inolako segurtasunik lortu nuela esateko.
- Arma hartzeak ez zizun barneko kontraesanik sortu?
Zelan ez! Laguntzaile gisa jardun banuen ordura arte, liberatuarena beste urrats bat zen, eta ez nolanahikoa. Baina nire burua babestu beharra
nuela esan zidaten eta beharrezkoa ikusi nuen aurrera egitea eta ez nintzen kokildu. Doktrina ofizialak nahi duena esan, baina Hegoamerikan ere abade bat baino gehiago sartu zen gerrillan. Ez gaitezen engaina: ez da ba Eliza beti arma gizonekin ibili, estatuekin bat eginda askotan? Kapellau militarren figura-eta, nondik datoz ba?
- Dena dela, oraindik ez zara sekularizatu, ezta?
Ez, ez. Zertarako hainbeste papeleo? Denbora mordoa galtzea besterik ez dakar horrek. Gainera, seminarioan izandako hainbat abade elkartzen jarraitzen dugu. Hor izateak aberastu nau ere: esperientzia handia eman dit eta bizitza ikuspegia zabaltzen lagundu.
Presoen aldeko jardunean oraindik
- Gaur egun ere badakigu presoen eskubideen alde lanean diharduzula. Zelan ikusten duzu haien egoera?
Lau hilabete dira Eibarrera bueltatu nintzela eta, Etxarrin eman ditudan azken urteotan, hango batzarretan-eta parte hartu izan dut, bai Etxerat-ekin eta baita Sasoian izeneko jubilatuen mugimenduarekin. Hain herri txikia izateko, preso asko daude Etxarrin: bederatzi badira. Bestalde, gaur egun presoek bizi duten egoeraz ez naiz baikor: ez zaizkie irtenbiderik eskaintzen eta, ohikoa denez, haien aldeko herri-mugimendu indartsua izan beharko da zeozer lortzekotan. Orain arte ez da nahikoa egin, interes asko baitaude tartean. Gainera, kartzela, onena izanda ere, basakeria hutsa da, mendekua besterik bilatzen ez duena. Azken mugimenduak, presoenak-eta, aldebakarrekoak dira eta Madrilek ez du bere jarrera aldatzen, nahiz eta nazioarte mailan erretratatuta geratu.
- Orain dela gutxi, bideokonferentzia bidez, frankismo aldian sufritutako torturak azaldu dizkiozu Argentinako Maria Servini epaileari. Hor leihorik zabaltzeko aukerarik ikusten duzu ordukoa argitze bidean?
Etorkizun motza ikusten badiot ere, momentuko irtenbidea besterik igual ez da izango, beste bultzadatxoa da bide horretan, Madril aldatuko ez bada ere. Hemen ez bezala, Argentinan behintzat zeozer egiteko gogoa erakutsi dute eta poztasuna ematen du nazioarte mailan zabaltzeak. Nire moduan, beste asko daude salaketak egiteko, estatu osoan. Eta datuak ere ondo gordeta ditut, orduko nire abokatuak ikerketak eskatu eta ni torturatu nindutenen izen guztiak jaso zituelako. Bestalde, egun horretakoa pantaila aurrean nuen epaileari pare bat galderei erantzutera mugatu zen.
- Eta ETAk borroka armatua laga ondorengo une hauek, zelan bizi dituzu?
Prozesu luzea, korapilatsua eta zaila aurreikusten dut. Zaila da aurreratzea nondik joko duen honek guztiak, baina bide horretatik joan behar du. Ez dago motibo askorik baikorra izateko, baina pazientzia handia izan behar dugu, gogor eutsi behar diogu eta gauzak konponbidean jartzeko ahaleginean jarraitu. Merezi du.