Jose Juan Unzueta (zeramikaria): “Ohikotik kanpo dauden lanak egiteko aitzakia dira erakusketak”

Jose Juan Unzueta (zeramikaria): “Ohikotik kanpo dauden lanak egiteko aitzakia dira erakusketak”
ETA KITTO 2021, Abe 17

Astelehenaz geroztik ikus daiteke Arrate Kultur Elkartearen Topalekuan “40 años después” izenburuko erakusketa. Bertan Jose Juan Unzuetaren zeramika-piezak ikusi ez ezik, erosi ere egin daitezke. Eibarren jaio arren bizitzaren zatirik handiena Galizian eman duen artistaren lanak abenduaren 24ra arte egongo dira ikusgai.

Zergatik izenburu hori?

Badauka izateko arrazoirik. Nire bakarkako lehen erakusketa Eibarren egin nuen, orain dela 40 urte, udaletxe zaharreko erakusketa-aretoan. Orduan, 40 urte igaro eta gero berriz hemen egiteak badu bere xarma, nahiz eta beste areto batean izan.

Nolatan hasi zinen zeramika-lanak egiten?


Esther Galarzak, Marino Plazak eta Asun Pozak antolatutako zeramika ikastaro bat egin nuen 1979. urtearen amaieran, Unibertsitatean, eta gehiago ikasteko jakin-mina barru-barruraino sartu zitzaidan. Orduan, Galizian Muño izeneko toki bati buruz berba egin zidaten. Bertan lanean aritzeko toki bat lagatzen zizutela esan zidaten, tornuak zituen mahai luze bat, eta nik ikasitakoa hobetzeko denbora izatea nahi nuen. Harrigarria iruditu arren, bertara joateko onartu ninduten. Gainera, garai hartan Super Egon ari nintzen lanean eta orduan hasi ziren lan-arazoak. Gauza bat baino gehiago batu zirela ikusita, zirt edo zart egiteko une aproposa zela pentsatu nuen eta horrela joan nintzen Galiziara.

Eta Galizian bizi zara gaur egun ere, ezta?


Hasieran denbora baterako joango nintzela uste nuen, ideia hori nuen buruan. Ikasitakoa hobetu eta gero bueltatzeko asmoarekin joan nintzen, baina hango bizimodua gustatu zitzaidan eta han jarraitzen dut. Buztingileen herri horretan hiru bat hilabete eman nituen eta gero Carnota ezagutu nuen, Costa da Morten. Prestige hondoratu zen tokian dago. Ni 80ko hamarkadan ailegatu nintzen eta sasoi hartan National Geographic bat zuzenean bizitzea bezalakoa zen han egotea. Bizimodua ere oso merkea zen eta Euskaditik nirekin batera joan ziren lagun batzuekin etxea eta lokala alokairuan hartu genituen eta horrela hasi ginen.

Horrenbeste denbora eta gero, ikasitakoa hobetu baino zerbait gehiago egin duzula galdetu beharrik ez dago…

Nekazal inguruan bizitzeak lasaiago ibiltzeko aukera ematen du. Zerbaitetan hastea beti izaten da gogorra, baina horrelako toki batean biziz gero behar duzun denbora izatea ahalbidetzen dizu eta, gainera, zama ekonomikoak eragiten dituen buruko minak ere hiri batean egon daitezkeenak baino arinagoak dira.

Nolako lanekin etorri zara?

Normalean egiten ditudan zeramika-lanak erabiltzekoak izaten dira, azoketan eta dendetan saltzen ibiltzen naiz. Baina hortik kanpora dagoen beste zerbait egiteko ideia beti ibiltzen da buruan bueltaka. Denborarik ez duzulako, motibaziorik ez duzulako aurkitu, hamaika gauzarengatik, azkenean ez dituzu bestelako pieza horiek egiten. Erakusketak horrelako lanak egiteko aitzakia ezinhobeak dira niretzat eta, beraz, primeran etorri zait 40. urteurrena. Bestela ere, urtero etortzen naiz Eibarrera Gabonetan, Eibart azokan parte hartzen egoten naiz, baina erabilgarriak diren lanekin joaten naiz azokara.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »