Juan Jose Flores (Bihotzgoxo): “Euskaraldia euskera erabiltzen animatzeko modua da, oso gutxi jakin arren”

Juan Jose Flores (Bihotzgoxo): “Euskaraldia euskera erabiltzen animatzeko modua da, oso gutxi jakin arren”
2018/11/19 eta kitto!
Belarriprestek eta Ahobiziek “Euskaraldia. 11 egun euskaraz” ekimenari ekingo diote datorren astean Eukal Herriko bazter guztietan, hizkuntza ohiturak aldatu eta euskararen erabilera bultzatzeko asmoz. Eibarren, gainera, hirugarren rola sortu da, Bihotzgoxoarena. Zeintzuk izan daitezke Bihotzgoxo? Zergatik da hain garrantzitsua Bihotzgoxo? Bere papera zein den hobeto jakiteko Juan Jose Flores, Eibarko Galiziako Etxeko presidentearekin egon gara. Bihotzgoxo izango da Euskaraldian eta bere ikuspegia azaldu digu.

- Euskaraldiaren enbaxadore moduan jardun duzu azken hilabeteetan. Zein izan da zure egin beharrekoa?
Euskaraldian kolaboratzeko deitu zidatenean nik euskera oso gutxi ulertzen eta hitz egiten nuela esan nien Akebaikoei. Euren erantzuna izan zen nire moduko jendea ere oso beharrezkoa zela. Kultur Etxe bateko ordezkaria naizenez, aproposa ikusi ninduten Euskaraldiaren ekimenean laguntzeko, eta bereziki nire inguruan Euskaraldiaren inguruko informazioa zabaltzeko. Eibarren Bihotzgoxo rola sortzeko asmoa zegoela azaldu zidaten. Niretzat plazer bat da enbaxadore jardutea. Jendea dakiena (bakoitza bere mailan) erabiltzen animatzeko modu bat da Euskaraldia: bakarrik “egun on” esaten dakizula, ba aurrera! Jarrera kontua da.
- Eibarko Galiziako Etxeko presidente moduan, beraz, argi ikusten duzu euskerarekiko zure jarrera zein den.
Jakingo duzunez, Galiziako Etxearen helburuak gure erroei eustea eta Galiziako kulturaren eta euskal kulturaren arteko lotura indartzea da. Beraz, oso ondo ikusten dut euskeraz hitz egitea eta euskeraren erabilera handiagotzeko egiten dena. Prest nago ahal dudan guztian laguntzeko, nahiz eta apenas ez dudan ulertzen eta hitz egiten. Bestalde, orain dela gutxi aurrejubilatu naiz, baina esan beharra daukat nire enpresan euskera plana izan dugula eta gustora parte hartu dudala beti euskera bultzatzeko ekimen guztietan.
- Bihotzgoxoaren papera oso garrantzitsua da. Azken finean, Bihotzgoxok  pozik hartuko du bere ingurukoak euskaraz egitea, berak ulertu ez arren.
Euskeraz ez dakiten batzuk txarto edo deseroso sentitzen dira euskeraz hitz egiten zaienean, eta hori ez da horrela izan behar, nire ustez. Batzutan, agian, euskeraz erantzun ahal diozu. Eta ezin baduzu elkarrizketa jarraitu, ez da ezer kostatzen “mesedez, erderaz” esatea.