Juan Vallejo, alpinista: “Bidaiak merezi izatea bilatzen dut”

Juan Vallejo, alpinista: “Bidaiak merezi izatea bilatzen dut”
2020/03/15 eta kitto!
Juan Vallejo alpinista gasteiztarrak ‘Mis montañas’ izenburua duen hitzaldia eskaini behar zuen hilaren 26an Armeria Eskolan, baina azkenean ezin izango da egin koronabirusari aurre egiteko hartutako neurrien ondorioz. Hala ere, berarekin elkarrizketa egin genuen barixakuan kaleratu genuen alean. Bederatzi zortzimilako igota eta 30 espedizio baino gehiagorekin, munduko alpinista handienetakoa da Vallejo. Alberto Iñurrategi eta Mikel Zabalzarekin batera zailtasun handiko bideak jorratu ditu azken urteotan, berarentzat bideaz gozatzea delako gauzarik garrantzitsuena.

 

- Urtebete pasa da Patagonian izan zenuen istriputik (25 metrotik jausi zen). Zer moduz zaude?

Nahiko ondo. Oraindik badut istripuaren arrastoren bat, baina sendatuta nagoela esan daiteke. Hilabeteak daramatzat mendian gauzak egiten eta poliki-poliki normaltasunera itzuliko naiz.

- Horrelako istripu larriek markatu egiten zaituzte edo zuen ibilbidearen parte izango direla onartzen duzue?

Istripuek markatu egiten digute, larriak direnean batez ere. Inoiz izan dudan istripu larriena izan da eta ia urtebete egon naiz ezer egin gabe.

- ‘Mis montañas’ izeneko hitzaldia eskainiko duzu Armeria Eskolan. Zeintzuk dira zure mendiak?

Munduko edozein mendi da nire mendia. Mendietan egiten den edozein gauza gustatzen zait (eskalatzea, eskiatzea...), nire bizitza mendiaren inguruan mugitzen delako. Mendi jakin batzuen inguruan mintzatuko naiz, baina mendiez inguratuta bizi naiz eta edozein aukeratu ahal izango nuke.

- Zein osagai eduki behar du espedizio batek zuk bat egin dezazun?

Aldi bakoitzean zorrotzagoa bihurtzen zara. Hasieran edozein tokira joaten nintzen, baina urteak aurrera doaz eta urteekin arraroagoa bihurtu naiz (barreak). Orain ez naiz edozein tokira joaten eta proiektua erakargarria, interesgarria eta berria izan behar da niretzat. Ondo pentsatzen dut nora joan aukeratzeko orduan. Bidaiak merezi izatea bilatzen dut.

- Alberto Iñurrategi eta Mikel Zabalzarekin ibili zara espedizioetan azken aldian. Zergatik eurekin?

Mendia oso antzera ulertzen dugulako. Gauza ezberdinak egitea gustatzen zaizkigu hiruroi: ez zaigu gustatzen mendira material eta baliabide askorekin joatea, bakarrik joatea gustatzen zaigu eta bitarteko gutxirekin eskalatzea. Eskalada minimalistak egitea gustatzen zaigu, motxilan sartzen zaigunarekin helburuak lortzea.

- Hainbatetan esan duzu zure helburua ez dela 14 zortzimilakoak igotzea edo ospea eskuratzea. Azken urteotan alpinismoak hartu duen joera ikusita, joeraren kontra doan mendizalea zara?

Zentzu batean bai. Esan bezala, hasieran edozein tokira zoaz asko pentsatu gabe, baina denborarekin hainbat gauzen inguruan hausnartzen duzu. Azken finean, mendi batera ez zoaz gailurra egitera bakarrik, zerbait gehiago egon behar da. Mendi polita izan behar da, bide interesgarria izan dezala... Zortzimilakoetan espezializatuko izan banintz, alderdi horrek galduko nituzke eta mendiek zenbat metro neurtzen duten bakarrik ikusiko nuke. 14 zortzimilakoak lortzea erronka polita da, mendi ikaragarriak direlako, baina gaur egun masa-produktua bihurtu da (jende asko dabil, baliabide askorekin...) eta aspalditik ez zait gustatzen alpinismo mota hori.

- Nola moldatzen zarete espedizioetarako finantzazioa lortzeko orduan?

Gero eta zailagoa da dirua lortzea. Orain dela 20 urte alpinismoaren urrezko urteak bizitzeko zortea izan genuen, eta Udalei eta enpresei gure espedizioak erakargarriak iruditzen zitzaizkien. Orain normaltasunera iritsi gara eta zaila da babesleak lortzea. Lehen urtero ikusten genituen euskaldunen espedizioak Himalayan, baina gaur egun zaila da mendi handietara joatea, oso garestia delako. Beraz, gaur egun baimena behar ez den eta urrun egon arren txikiagoak diren mendietara espedizio gehiago egiten dira.

- Zeintzuk dira zure hurrengo erronkak?

Momentuz, ondo sendatu eta sentsazio onak berreskuratzea da nire helburua. Alberto eta Mikelekin harreman estua dut eta eskalatzera irteten gara etxean gaudenean. Espedizio berriak egiteko hainbat ideia ditugu eta, batez ere, gogoa. Beraz, gauzak egiten jarraituko dugu, baina ez dakit noiz eta non izango den.