JÜRGEN LANDA (musikaria): “Emozioak musikaren bidez azaleratzen ditut”

JÜRGEN LANDA (musikaria): “Emozioak musikaren bidez azaleratzen ditut”
2021/09/07 eta kitto!
Sakoneraino heltzen den melodia eta ahotsa. Edertasuna eta hamaika emozio abesti bakar batean. “Denborari” izeneko bere lehenengo abestia argitaratu zuen Jürgen Landa abeslari eta musikari eibartarrak uztailaren amaieran. ‘Jür’ izenarekin eman du ezagutzera estreinako lana eta plataforma digitaletan dago entzungai. Oso pozik dago izan duen harrerarekin eta bakarka hasitako bidearekin jarraitzeko ilusioa antzeman zaio. Talentua eta gauzak egiteko gogoa bere alde ditu 20 urteko eibartar gazteak.

Uztailaren amaieratik “Denborari” zure lehenengo abestia entzungai dago plataforma digitaletan. Nola jaio zen?
Lagun bati abesti bat oparitu nahi nion. Banuen ideia buruan, baita izenburua ere, eta horri buruz egitera animatu nintzen. Abestia opari bat da.

Abesti bat argitaratzeko saltoa eman duzu, baina “Denborari” kantuaren aurretik izango ziren beste batzuk… Zenbat kanta dauzkazu mesanotxean gordeta?
Guztiz bukatuta esan daiteke bost kanta ditudala, baina momentuz ez daukat ateratzeko aukerarik. Aurrerago seguru baietz! Abesti bat atera nahi nuen eta honekin izan dut horretarako aukera.

Lan honetan pianoa Elena Martinek jotzen du…
Hori da. Letra eta melodia nireak dira, baina pianoa Elenak jotzen du, eta oso ondo, beti bezala. Bidean laguntza mordoa izan dut. Argi daukat Elena Martini esker atera dela aurrera. Bion arteko elkarlana izan da.

Nola egin duzue grabaketa?
Legarreko estudioan egin dugu, Walter Tuzzeorekin. Bazeraman denbora bat bere burua eskaintzen zerbait grabatzeko eta banabil berarekin beste zerbaitetan ere lanean. Beti ematen dit izugarrizko aukera berarekin lan egiteko eta grabatzeko. Lan egiteko orduan oso eskuzabala da eta oso pozik nago berarekin.

Abestiaren bi bertsio daude, estudioan grabatutakoa eta uztailean Txaltxa Zelaiko kontzertuan June Egurenekin zuzenean abestutakoa.
Zuzenekoa oso berezia da. Junek bikain abesten du horrelakoetan ere. Daukan ahotsarekin ezinezkoa zen ondo ez ateratzea. Gogoa neukan zuzeneko bat ere ateratzeko eta eman zen kasualitatea denbora gutxian biak grabatuta neuzkala. Polita da kanta bat bere zuzeneko bertsioan ere entzutea.

Zein sentsazio izan dute zure abestia entzun dutenek? Zer esan dizute?
Ez nuen espero hain harrera ona izatea. Oso pozik nago. Jendeak esan dit polita dela eta nabaritzen dela barrutik irtendako zerbait dela, oso emozionala dela. Eta alde horretatik arrazoia daukate. Anbiente espezifiko baterako kanta da. Nik behintzat kanta hau bakarrik entzun behar dut, nire baitan nagoenean, eta momentu horretan are ederragoa bihurtzen da kantua.

Hau da zuk jarraitu nahi duzun bidea eta estiloa?
Ildo horretatik jarraituko dudala uste dut. Lasaitasuna transmititzen duen musika egin nahi dut. Asko entzuten dut pop euskalduna eta erdalduna, eta nahiko sentimentala da. Nahi ala ez, beti ateratzen zait emozionaltasun hori nonbaitetik. Amak esaten dit Alex Ubagoren antza daukadala, beti negarrez (jajaja).

Zer da musika zuretzako?
Bufff… Galdera zaila. Musika da nire bizitzako parte handi bat. Sentimendu bat daukagunean, beldurra, poztasuna… denok jotzen dugu zeozertara. Batzuk kirola egingo dute, beste batzuk idatzi, edo dena delakoa. Nik beti jotzen dut musikara: triste nagoenean, pozik nagoenean… Oso pertsona emozionala izanda, emozioak musikaren bidez azaleratzen ditut.

Ahotsa berezko dohaina da edo ikasi egiten da abesten?
Berez eduki behar duzun zerbait da, baina ez da ahots polita izatea edo ondo abestea bakarrik. Teknika eduki behar duzu. Jakin egin behar da arnasa nola hartu, ahotsa nola proiektatu… Eta hori bakarrik ikastea oso zaila da. Koruan aukera izan genuen teknika bokaleko klase batzuk hartzeko, eta gehienbat han ikasi nuen, oso lagungarria izan zen. Ahots kordak muskuluak dira azken finean. Zuk ezin duzu harri pisutsu bat hartu prest ez baldin bazaude, eta ahots kordekin gauza bera gertatzen da.

Eibarko Koro Gaztearekin Txaltxa Zelain eman zenuten kontzertuan pianoa jotzen abestu zenuen. Noiztik pianoarekin?
Klaseak hartu ditut, baina pianoa gehienbat nire kabuz ikasi dut, saltseatzen. Kontzertu horretan jo nuen lehen aldiz jendearen aurrean. Ondo sentitzen naiz pianoaren atzean, babestuta, baina ikasi egin behar dut jendearen aurrean ere egoten. Instrumentu batek ematen dizu aukera zuk zure abestiak egiteko eta hori askoz politagoa da, zuk egindako gauza. Ematen dizu askatasun mordoa sentitzen duzuna adierazteko; eta hori niretzako oso garrantzitsua da: hustu egiten zara eta batzuetan hori beharrezkoa daukat. Nik horretarako idazten dut. Konposatzeko orduan gehienetan pianoa erabiltzen dut, baina aurten gitarra klaseak hartu ditut eta banabil  gitarrarekin ere zeozer egiten.

Proiekturik ba al duzu buruan?
Uztailean Koro Gaztearekin egindako kontzertuan beste abesti bat aurkeztu nuen, eta hori ere ateratzeko asmoa daukat. Laster, espero dut. Bidea ez da erraza. Lehen abestiarekin saltoa eman dut; gogoa neukan eta gogoz hartu behar dut hemendik aurrerakoa; hori bai, apurka-apurka, presarik gabe.

Beti entzun izan dugu musikaren mundua ez dela bat ere erraza.
Kontaktu asko eduki behar dituzu, oso ezaguna izan behar zara edo oso ona. Zaila da, duda barik, baina ezer ez da ezinezkoa.

Zuzenean aritzeko asmorik bai?
Gustatzen zait jendearen aurrean abestea eta jendeak ematen duen feedbacka kontzertuetan. Urduritasunaren eta lasaitasunaren arteko gauza bat da eta asko gustatzen zait. Nik ere, beste artista bat ikustera joaten naizenean, asko disfrutatzen dut kontzertuan sortzen den giroarekin. Desiatzen nago gauzak egiteko, ahal dudan bezain pronto edo bizi dugun egoera berezi honek lagatzen duenean. Egoera hobetzen doan neurrian, ziur nago, hain itxita eta zapalduta egon den kultura berriz ere loratuko dela.