[ELKARRIZKETA] Maddi Izquierdo eibartarra Perun harrapatuta Euskal Herrira itzuli ezinik

[ELKARRIZKETA] Maddi Izquierdo eibartarra Perun harrapatuta Euskal Herrira itzuli ezinik
ETA KITTO 2020, Mar 26

 

Kazetaria: Malen Illarramendi Beitia.

Maddi Izquierdo eibartarra, bere aitarekin batera, otsailean abiatu zen Hego Amerikara ahizpa bisitatzera. Ia hilabete beranduago, mundu mailako osasun-egoera larria dela eta, Liman daude etxera bueltatu ezinda.

 

Eibartik nora zindoazten bidaian? Zein asmorekin?
Txile, Peru eta Bolivia ezagutzeko bidaia bat neukan programatuta ahizparekin eta aitarekin batera. Astean herrialde bat ezagutzeko asmoa genuen, eta halaxe egin dugu. Kontua da orain Perutik etxera bueltatu ezinda gaudela.

Eibartik atera zinetenean, zein egoratan zegoen koronabirusaren kontua?
Otsailaren 25ean hasi genuen Limarako bidaia. Data horretan koronabirus-kasu gutxi batzuk baino ez zeuden han-hemenka, eta, Perun, bakarra. Martxoaren hasieran hasi zen egoera larritzen. Guri, esaterako, ez ziguten inolako trabarik jarri inongo aeroportutan, ezta Madrilekoan ere.

Noiz konturatu zineten egoera korapilatzen ari zela?
Atacamako basamortutik zehar lau eguneko ibilaldi bat egin genuen, eta han ez geneukan ez wifirik, ezta koberturarik ere. Behin konektatzeko aukera izan genuenean, jakin genuen herrialdean alarma-egoera ezarrita zegoela eta oso azkar ari zela dena larritzen. Orduantxe konturatu ginen okerrena etortzeko zegoela.

Zein urrats jarraitu dituzue? Zein zailtasunekin egin duzue topo etxera bueltatzeko?
Lehenik eta behin, kontratatuta genuen aerolineara deitu genuen, ea itzulera-data aurreratzerik geneukan edo Limatik irten ordez, Santiagon (Txile) hartu genezakeen hegaldia. Ezetz esan ziguten, pazientziaz itxaroteko, eta hegaldia bertan behera geratuz gero, beste hegaldi batean sartuko gintuztela. Gure helburua Europara iristea zen, berdin zitzaigun Parisera, Madrilera edo Lisboara; beraz, sekulako dirutza (4.300€) ordaindutako hegaldi-txartelak erosi genituen, oraindik mugak itxi gabe zeuzkaten herrialde batzuetara joateko, esaterako, Paraguay, Panama, Mexiko edo Kolonbia, handik, Espainiara bueltatu ahal izateko. Ideia bat egiteko, Limatik Rio Janeirorako hegaldiaren prezioa 7500€koa zen! Gainera, euren ahalmenetik gainetiko eserleku- eta hegaldi- salmenta ari ziren egiten. Aeroportuko langileek eurek, nahiz eta jakin hegaldi horiek ez zirela irtengo, txartelak erostea gomendatzen ziguten. Saldu bai, baina lau hegazkin besterik ez ziren atera, eta horietako bi nazionalak, gainera. Beraz, diru mordoa gastatu dugu hemendik irten nahian, baina  ez du ezertarako balio izan.

 Zein da zuen oraingo egoera?
Egun oso bat baino gehiago eman genuen aireportuan irtenbideren bat topatu nahian, baina ezinezkoa zela ikusi genuenean, Liman apartamentu baten bila hasi ginen. Horietako batean gaude orain, urrea balitz ordainduta, izan ere, Espainiako egoera ezagututa, inork ez dio hango jendeari etxea alokatu nahi.

Zer egiten duzue egoerak sortzen dizuen inpotentziari aurre egiteko?
Gure egoera berean dauden beste hainbat pertsonarekin WhatsApp-eko talde bat sortu dugu, zeinetara tarteka-tarteka gure egoeraren inguruko berriak iristen zaizkigun. Talde horretan badago gu baino okerrago dagoen jendea ere, esate baterako, Cuscon, Arequipan edo Amazonasen daudenak. Horrez gain, egunean zehar entretenitzen gaituzten gauzak egiten saiatzen gara, baina ez da erraza, ez daukagulako ia wifirik, ezta zeregin handirik ere.

Lerro hauek baliatu nahiko zenituzkete mezuren bat bidaltzeko Euskal Herrira, hemendik laguntza jasotzeko?
Entzun diezagutela baino ez dugu eskatu nahi. 1.000 pertsona baino gehiago gaude Perutik irten ezinda, ez daukagu Enbaxadaren berririk, eta, gainera, hain egoera latza izanik ere, egunean 3 orduz bakarrik egiten dute lan. Harremanetarako 3 telefono-zenbaki jarri dituzte, baina ez dute erantzuten. Korreoak bidaltzen ditut eta erantzun automatikoa besterik ez dut jasotzen bueltan. Eusko Jaurlaritzarekin ere harremanetan jarri nintzen, baina oraindik ez dakigu ezer. Gure helburu bakarra da jakitea nola antolatuko garen aberriratzeko: nork izango duen lehentasuna, zenbat denbora gehiago itxaron beharko dugun kasu egin diezaguten… Guk berrogeialdia beteko dugu; gure helburua ez da etxera lehenago bueltatzea, baizik eta etxetik hain urruti egonda, informazioa jasotzea eta egoera latz hau gainditzen lagundu diezagutela.

irazabal

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »