Maria Pazos, matematikaria: “Mugimendu feminista da gizadiak daukan esperantza bakarra”

Maria Pazos, matematikaria: “Mugimendu feminista da gizadiak daukan esperantza bakarra”
2018/10/15 eta kitto!
Maria Pazos matematikari, ikertzaile eta aktibista feministak ‘Emakumeak kontuan hartuko dituen pentsio sistema eta ekonomia baterako proposamen feministak’ izeneko hitzaldia eskainiko du urriaren 18an 18:00etan Portaleko areto nagusian (jarduerak haurtzaindegi zerbitzua izango du). ‘Contra el patriarcado’ bere azken liburuan eta azken urteetako ikerketetan garatutako proposamenak eskainiko ditu gizarte justu eta jasangarriagoa eraikitzeko.

 

- Hainbat proposamen egingo dituzu urriaren 18ko hitzaldian. Nondik datoz? Zein da gaur egungo egoera?

Gai mardula da eta toki askotatik hasi gaitezke, baina pentsioei buruz berba egiten badugu, demaseko desberdintasuna dago gizonezkoen eta emakumezkoen artean. Kontribuzio-pentsioak dituztenek jasotzen duten pentsioa oso urria da, baina kontua da emakumezko gehienak kontribuzio-pentsioetatik kanpo daudela. 65 urtetik gorako emakumeen %75k ez dauka kontribuzio-pentsiorik (gizonezkoen kasuan %29koa da kopurua). Kontribuzio-sistematik kanporatu dituzte emakumeak eta pentsioa jasotzen dutenek oso pentsio baxua daukate, emakumeen pentsioen batezbestekoa ia pentsio minimoaren pare dagoelako.

- Zergatik gertatzen da hau?

Lanean gertatzen den desberdintasunaren ondorio da. Emakumeak lan mundura orain dela gutxi sartu garela diote, baina hori ez da horrela. Nik 65 urte ditut eta nire belaunaldikoak aspaldi sartu ziren lan munduan. 50 urte betetzean, Espainian, emakumezkoek batez beste 12 urte izaten dituzte kotizatuta eta gizonezkoek, berriz, 33 urte. Demaseko aldea dago eta pentsa, ez badituzu 15 urte kotizatzen, ez duzu gutxieneko pentsioa jasotzen. Orokorrean, emakumeei kostatu egiten zaigu 15 urte kotizatzera heltzea.

- Zein da horren arrazoia?

Enpleguari eta zainketari begiratu behar diogu. Emakumeak zergatik ez daude etengabe lan munduan? Gure zainketa-sistemaren egituraren arabera familian zainketa behar duen norbait dagoenean emakumeek lana utzi eta zaintza hori egin behar dutelako.

- Gizarteak barneratu duen zerbait da edo lan-sistemak duen arazo bat?

Zainketa-sistemaren eta enpleguaren marko erregulatzailearen arazoa da. Zainketa-sisteman ez dago dependentzia harretarako nahikoa zerbitzu publikorik. Horrela izango balitz, inork ez luke bere lana utzi beharko beste pertsona bat zaintzeko, Suedian gertatzen den bezala. Nahi beste maitasun eman ahal diozu pertsona horri, baina ez duzu lana utzi behar. Haurrentzako arretari dagokionez, ez daukagu 0 eta 3 urte bitartekoentzat jardunaldi osoko hezkuntza eskubide unibertsalik. Hau da, 10 hilabete edo urtebete egon zaitezke etxean jaioberria zaintzen, baina amatasun eta aitatasun baja amaitzen denean haurrak eskolara joateko aukera izan beharko luke, eta gurasoak berriz lanean hasi, baina ez dago hori bermatu dezakeen eskubide unibertsalik. Gainera, emakumea zaintzaile nagusi eta gizonezkoak laguntzaile bezala izendatzen dituzte gaur egun ditugun baimenek. Kontu honek ez die ama izan direnei bakarrik kalte egiten, emakume guztiei baizik, ama izateko arriskua dutelako. Horregatik, aldi bateko langileak izaten gara, lan-egoera ezegonkorrak ditugu eta gure lanpostuak erraz aldatzen dira. Gizonezkoek, ordea, 24 orduz buru-belarri lan egitea eskatzen duten lanpostuak izaten dituzte.

- Zeintzuk dira hitzaldian eskainiko dituzun proposamenak?

Pentsioei dagokienez hainbat gauza ezabatuko nituzke, baina genero zuloa aintzat hartzen badugu, pentsio ez kontributiboa gutxieneko kontribuzio-pentsioaren kopururaino igoko nuke. Euskadin parekoa dela esango nuke, baina Espainian askoz ere baxuagoa da. Bestetik, hainbat erreforma ezabatuko nituzke baita ere. Adibidez, jubilatzeko adina 67 urtera igotzearena. Neurri horrek emakumeei egiten die kalte batez ere, gaur egun 36 urte eta erdi eduki behar direlako kotizatuta 65 urterekin jubilatzeko (kotizazio minimoa igotzen joango da urtetik urtera 2027. urtean 38 urte eta erdi kotizatuta edukitzea eskatu arte) eta emakumeek ez dute hori betetzen. Gainera, kotizazio-hutsuneak zigortu dira eta emakumeak dira kotizazio-hutsuneak dituztenak. Bestalde, zainketa- eta enplegu-sistemak konpondu behar dira. Enpleguari dagokionez oso garrantzitsua da jardunaldi osoan lan eginez gero, astean gehienez 35 ordu lan egitea. Bestela uztartzea ezinezkoa da, ez umeekin, ez bizitzarekin orokorrean. Gizonezkoek astean 40 ordutik gora egiten badute lan eta emakumeek bere burua jardunaldi-murriztapena hartzera behartuta ikusten badute (edo etxekoandre bezala geratu, nahi ez badute ere), dualtasuna gertatzen da. Astean gehienez 35 ordu lan egitea langileen oinarrizko aldarrikapena da eta berreskuratu beharra dago. Horrez gain, egonkortasuna behar da lanean. Azken lan-erreformek enplegua ezegonkortu dute eta horrela ez dago ezer planifikatzerik. Eta azkenik, zainketa-sistemari dagokionez, zainketak emakumeek egin ez beharra aldarrikatu behar da. PPiiNA plataforman nago eta amatasun eta aitatasun baimenen sistema aldatu nahi dugu, guraso bakoitzarentzat baimen hauek berdinak, besterenezinak eta ordainduak izan daitezen. Zentzu horretan garrantzitsua da baita ere, lehen esan dudan bezala, haurren hezkuntzaren unibertsalizazioa.

- Nork gauzatu ditzake proposamen hauek?

Konpetentzien arabera erakunde batek edo besteak gauzatu ditzake. Aitatasun eta amatasun baimenen inguruan, adibidez, estatuko gobernuari dagokio erabakia hartzea. Eusko Jaurlaritzak dio EAEn baimen horiek berdinduko dituela (nahiz eta ez daukan erabaki hori hartzeko eskumenik), baina EAJk ez du gauza bera eskatzen diputatuen kongresuan. EAEk nahikoa autonomia dauka, baina aipatutako proposamenak gauzatzeko eskumen gehienak estatuak ditu. Gainera, gauza hauek ez dira EAE edo estatu mailan bakarrik tratatu behar, nazioarte mailan baizik. Gaur egun olatu feminista bizi dugu nazioarte mailan eta horrela bakarrik erauzi daiteke patriarkatua. Herrialde batean eraginda bakarrik ez da ezabatuko.

- Proposamen hauek gauzatzeko momentu aproposa dela esan izan duzu. Zergatik orain?

Olatu feminista bizi dugulako eta emakumeak kalean gaudelako. Emakumeok ez badugu presioa egiten, inork ez du egingo. Erreforma hauek gizarte osoari egiten diote mesede, eta baita ekonomiari eta klima aldaketari ere. Datuek diote emakumeok ingurunearekiko jarrera hobeagoak ditugula eta, horregatik, erabakiak hartzen diren postuetan egon behar gara eta balioak feminizatu behar dira. Aldaketa erradikal hau berebizikoa da ia segurua den hondamendia ekiditeko. Kontua da emakumeok bakarrik egiten dugula protesta, gizonezkoak ez daude mobilizazioetan. Mugimendu feminista da gizadiak daukan esperantza bakarra, mundu osoan artikulatua dagoelako eta masiboa delako. Guk aldatu dezakegu guzti hau eta gizonezkoek bat egitea espero dut, nahiz eta gero eta gehiago batu diren.

- Genero berdintasuna posible da gaur egun bizi dugun sistemaren barruan?

Proposatzen ditudan erreforma guztiak gauzatuz gero, nahiz eta sistema kapitalistan bizi, egoera hobea izango litzateke. Sozialismora bidea da hau. Ez da erreboluzio armatua, baina kapitalari mugak jartzen dizkio.