Mikel Jauregi, Eibarko Baso Biziak: “Natura kontserbatzeko guztiok batera egin behar dugu arraun”

Mikel Jauregi, Eibarko Baso Biziak: “Natura kontserbatzeko guztiok batera egin behar dugu arraun”
2023/02/24 eta kitto!
Mikel Jauregi Eibarko Baso Biziak elkarteko kideak martxoaren 15ean egingo den ‘Basoa. Artea eta ekologiaren ikuspuntutik’ hitzaldian hartuko du parte. Gainera, Soraluzeko Baso Biziak elkartearekin batera, Eibarko basozaleek zuhaitz landaketa egingo dute bihar, otsailak 25.

zuhaitz landaketa

Nolakoa da gaur egun Eibar inguruko basoen egoera?

Desberdintze aldera, Eibarren landaketak dira nagusi, hau da, monolaborantza. Baso eremu txiki bakar batzuk baditugu isolatuta. Horietako bat Abontza erreka ertzetan dago, Legarre azpitik Urkorantz abiatzen dena.

Zer egin beharko litzateke egoera hobetzeko?

Kontuan izan behar da baso batek aniztasun ekologiko handia izateko nolabaiteko hedadura hartu behar duela. Ezinbestekoa dugu lur horiek arduraz kudeatzea. Hedadura zabaltzeko lurrak erosi edo kustodian hartzea izango litzateke irtenbidea. Basoekin lotuta badago arduratzen gaituen beste gai garrantzitsu bat ere: hain gaizki tratatu dugun Ego ibaia.

Nolakoa da urte hauetan egin duzuen lanaren balorazioa?

Oso balorazio positiboa egiten dugu. Nork esango luke, elkarlanari esker, gaur egun dugun egitura eta egiten ari garen ekintzak egin ahal izango genituela? Landaketak, mendi garbiketak, hitzaldiak, lur kustodiak, irteera gidatuak eta kontzientziazio kanpainak egin ditugu, besteak beste.

Etorkizuna beste modu baten ikusten duzue?

Inflexio-une baten aurrean gaude, naturaren kontserbazioaren alde guztiok batera arraun egin behar dugun unean. Nahiz eta etorkizuna ilun samarra ikusi, ilusioz eta gogoz, ea zerbait aldatzeko gaitasuna daukagun. Adibidez, aurki Eibarko Baso Biziak taldeak lurrak gureganatuko ditugu kontserbaziorako. Horrelako ekintzek ematen digute jarraitzeko gogoa, eta horrelako emaitzak lortzeko herritarrak deitzen ditugu gure ekimenekin bat egin dezaten, guztiok batera Eibar eta gure inguruak naturaz gozatzeko eremu bihurtzeko.