Arrate Delgado, musikaria: “Ahalik eta azkarren taldea osatzea lortu nahi dut”

Gitarrak lagunduta elkartu gara Arrate Delgadorekin. Ezin genuen utzi pasatzen bere ahotsa zuzenean entzuteko aukera eta berak sortutako abestia jo du guretzat. Konfirmatu dezakegu: Arrate Delgado, ‘Harri artian’, artista bat da
Arrate Delgado, musikaria: “Ahalik eta azkarren taldea osatzea lortu nahi dut”
2026/10/01 11:58
Ekhi Belar Errasti

Modu bitxian hasi zen Arrate gitarra jotzen. Eta eskerrak! 18 urte besterik ez ditu eta bide osoa du egiteko, baina pauso sendoak dihardu ematen. Ipuruako jaietan zuzenean ikusteko aukera izan dugu berriki. Ea laster beste aukera bat ematen digun!

 

Zer moduz egon zen Ipuruako kontzertua?

Oso ondo! Jende asko elkartu zen, ez nuen espero. Soinu aldetik ere ondo ibili nintzen. Eskerrak Virginia Fernandezi (‘Virginia y Los Machines’), berak laga zidalako materiala. Nire anplifikadoreak ez dira oso onak, txikiak dira, eta jendearen laguntzarekin nabil jotzen. Virginia ez nuen ezagutzen, baina aurretik hitz egin nuen berarekin eta materiala laga zidan. Jendea oso jatorra da!

Eibarren jotzen zenuen lehen aldia izan zen?

Eibar Rugby Taldeak antolatutako jai batean jo nuen behin, Bizikleta Plazan. Giroa jartzeko norbait behar zuten eta, errugbilaria naizenez, aukera eman zidaten. Nire materialarekin egin nuen eta soinu aldetik oso txarra izan zen, baina bestela oso ondo. Etxean jotzeak beste puntu bat du.

Noiz ekin zenion proiektu honi?

DBH-n hasi nintzen, etxean, aitxitxaren gitarrarekin. Igeltseroa da eta behin gitarra bat oparitu zioten obra bat egiteagatik. Gabonetan jotzen zuen, lau tontakeria egiten zituen barre egiteko... Orduan, nik ere gitarra hartu nuen. Logelatik atera dut dena.

Ez zara musika eskolara edo bestelako klaseetara joan?

Ez. Telefono mugikorraren laguntzarekin ikasi dut eta praktikatu, praktikatu, praktikatu...

Gauza bat logelan jotzea da, baina jende aurrean aritzea beste kontu bat da. Nolakoa izan da jauzi hori?

Nahiko zaila. Etxean jotzen hasi nintzenean, logelatik irtete hutsa ere asko kostatu zitzaidan, hau da, gurasoei erakustea. Beraz, imajinatu! Gero, lagunei erakutsi nien eta boom-a orain dela bi urte iritsi zen. Eibar BHI-n ikasten nuen, Jardiñetan, eta graduazioan kontzertua ematera animatu nintzen. Arantza kentzeko egin nuen eta oso ondo egon zen.

Hor ikusi zenuen musikarekin bidea egin nahi zenuela?

Bai. Pixka bat gehiago mugitzen hasi nintzen: Instagrameko kontua egin, letraren bat idatzi... Valgañonera (Errioxa) joan ohi naiz eta plazan jo izan dut beti, lagun artean. Iaz ‘serioago’ jotzen hasi nintzen eta aurten lehen jaialdia egin dute, eta bertan jo dut. Espero dut urtero jotzea bertan.

Horrez gain, Galizian ere jo duzu, orain Ipuruan... Jendeari zure musika gustatzen zaion seinale!

Bai, seinale oso ona da. Ea aurrera goazen eta gauza gehiago irteten diren.

Gitarra eta zu igotzen zarete oholtzara. Pentsatu izan duzu laguntza gehiago edukitzea, beste norbaitekin aritzea? Ala bakarrik egin nahi duzu bidea?

Ahalik eta azkarren taldea lortzea nahi dut. Publikoaren aurrean agian ez hainbeste, baina urteak daramatzat bakarrik jotzen eta, gustatzen zaizkidan abestien aldetik, errepertorioa pixka bat itxia gelditzen da nik jo nahi dudanerako. Beraz, nahiago dut taldea edukitzea, hori guztia zabaltzeko eta gehiago ikasteko. Toki gehiagotan jotzeko ere askoz errazagoa dela uste dut.

Taldea sortu arren, zure estiloari eustea nahiko zenuke?

Rocka, rock&rolla, heavya, punka eta horrelako estiloak gustatzen zaizkit. Orduan, mundu horretan ibiltzea gustatuko litzaidake. Bestalde, euskaraz abestea ere asko gustatzen zait, eta hortik joan nahiko nuke. Gainera, ingelesezko abesti batzuk ere abestea nahiko nuke (gaur egungo gazteek hainbeste ezagutzen ez dituztenak, gurasoen sasoikoak), jendea kulturizatzeko pixka bat. Badaudelako euskarazko abestien antzeko estilokoak ingelesez: jendeari Brigade Loco gustatzen bazaio, hor dugu Green Day, adibidez.

Esan duzu letraren bat sortu duzula. Abesti propioak dituzu?

Normalean bertsioak egiten ditut, baina Ipuruan nire lehen abestia aurkeztu nuen. Pearl Jam, Linkin Park, Izaro (Errefuxiatuen abestia), Adele, Rotten XII, Loretxoa abestia... Horrelakoak jotzen ditut.

‘Harri artian’ da zure izen artistikoa. Zergatik?

Arrateko ama birjinarekin du zerikusia, bere figura harri artean agertu omen zelako.