Mikel Lizarralde: “Odoo bezalako tresna batek erakunde bateko kudeaketa errazten du”

Mikel Lizarralde: “Odoo bezalako tresna batek erakunde bateko kudeaketa errazten du”
2019/07/10 eta kitto!

UEUren 47. Udako Ikastaroen barruanOdoo tailerra: enpresa eta erakunde txikien kudeaketarako tresnaikastaroa izan zen atzo Eibarren. CodeSyntax-eko Mikel Lizarralde Asurmendi eibartarra izan zen irakaslea, eta elkarrizketa egin zioten UEUko komunikazio arloko kideek.


Zer da Enpresa Baliabideen Plangintza?
Enpresa batek azken finean jardun bat dauka egunerokoan; eta hori guzti hori nolabait modu sailkatuan eta ordenatuan eraman, kudeatu eta laguntzeko tresna bat da; gutxi gorabehera.


Adibidez, zein eratako lanak aurrera eramateko?
Edozein lan eramateko. Erakunde batek daukan edozein lan. Hasi kontabilitatetik, lan komertziala, erosketak, ekoizpena, pertsonen kudeaketa; ia ia edozertan lagundu dezake. Eta malgutasun handia ematen dizu zu zeuk behar duzun atal zehatz horretan soilik laguntzeko.


Zergatik erabili beharko luke erakunde batek?
Lehenengo eta behin informazioa modu sailkatu batean edukitzeko. Ikastaroaren hasieran aipatu dugu nola guk historiaurrean fakturak–eta word batean sortzen genituen. Informazioa atera nahi badugu, datuak atera nahi baditugu, azterketa minimo bat egin… Zein den gure bezerorik handiena? Zein da gure fakturazioaren eboluzioa? Zein sektoretan fakturatzen dugu gehiago? Hori guzti hori, adibidez, fakturazioan modu sailkatuan egon behar da gordeta. Odoo bezalako ERP [Enpresa Baliabideen Plangintza] batek lagundu dezake. Ez soilik fakturazioan, beste jardun guztian ere bai. Dela komertziala, dela ematen diren ikastaroak… Hori guzti hori horrelako tresna batean badaukagu, erraztu dezake kudeaketa bera.


Kasu honetan software librean oinarritu zarete; Odoo izeneko tresnan. Zein aukera eskaintzen ditu Odook?
Ikastaroaren izenburuan jarri dugu Odoo erakunde txikientzako ERP bat dela, baina, berez, bere anbizioa handia da. Eibartarra ematen du [barre artean]. Bere nahia litzateke sistema komertzialen, programa komertzialen pare iristea. SAP bat edo Microsoft baten parekide izatea nahi du. Bide hori egiten ari dira eta gu ikusten ari gara azkenengo urteetan asko hazten ari den proiektu bat dela. Software librekoa da. Aipatu dugu ikastaroan software libre hori kakotx artean hartu behar dela Odoo–ren kasuan, baina pozgarria da horrelako ekimen bat egotea.


Zergatik diozu kakotx artean?
Odoo–k bi aurpegi dauzka. Alde batetik software libreko ekimena da, baina atzean dagoena enpresa bat da eta bere eskaintza komertziala ere hortik doa, bere zerbitzuak saltzera Odoo–ren gainean. Odoo–ren bertsio batzuk ere ordainpekoak dira. Horregatik batzuetan kakotx artean jartzen dugu software librearena; baina bada software librea eta dauka gauza positibo bat. Erosten ari garena programa bat da eta lan ordu batzuk. Ez gabiltza lizentzia bat ordaintzen, izan ere hor baimen bat erosten dugu. Hemen erosten dugu Odoo–ren erabilera bera, programa bera; programa ezartzen digutenen lan orduak eta datuen burujabetza gurea da; eta ez Alemanian egon daitekeen enpresa handi batena; eta etzi uztea nahi badugu enpresa hori, haien eskuetan gaude. Odoo–rekin aukera hori badaukagu. Hornitzailez aldatzekoa ere bai. Zu gaur CodeSyntaxekin hasi zaitezke eta bihar beste enpresa batengana joan. Odoo–rekin hori errazagoa da.


Euskal Herrian ere erakunde txiki batzuk hasi dira erabiltzen Odoo eta hori ere ekarri nahi izan duzue ikastarora
Bai, hori da. Ikastaroaren hasieran hitz egin dute Talaios eta Lakarikoop–eko Amaia eta Leirek eta kontatu dute euren esperientzia. Lakari denda bat da eta jan munduaren alorrean eskaintzen dituen zerbitzuak hortik bideratzen hasi ziren eta euren esperientzia konpartitu dute gurekin. Nik uste oso interesgarria izan dela. Ez da izan behar tailer bat soilik “horrela instalatzen da” erakusteko; bizirik dagoen zerbait dela baizik.