Miren Aristi Bernedo (medikua): "Datozen asteetan egoera aldatu egingo da eta ospitaleetako karga ere nabarmen handituko da"

Miren Aristi Bernedo (medikua): "Datozen asteetan egoera aldatu egingo da eta ospitaleetako karga ere nabarmen handituko da"
2020/03/18 eta kitto!
Kazetaria: Malen Illarramendi Beitia.

Miren Aristi mediku eibartarrarekin hitz egiteko aukera izan dugu. Egoera honen aurrean ezjakintasuna da gogorrena, bere ustez. Ibuprofenoaren erabilera  oraingoz kontraindikatuta ez dagoela adierazi digu. Datozen asteetan egoera aldatu egingo dela eta ospitaleetako karga ere nabarmen handituko dela dio.

- Zein da zure gaur egungo lan egoera? (Non egiten duzu lan, zein da zure eginkizuna…)
Familia- eta komunitate-arretako egoiliarra naiz, baina momentu honetan nire lanpostua aldakorra da, beharren arabera honako hauek egiten ditut: Anbulatorioan, Larrialdietan, ospitaleko plantan, telefono-deiak egiten... Une honetan etxeko ospitalizazioan nago eta txandak Donostia Ospitaleko Larrialdietan egiten ditut.

- Imaginatzen dut nola edo hala izango duzula lanean harremanik Koronabirusaren kontuarekin. Zer da gogorrena?
Gogorrena zain egotea da. Izan ere, oraindik ez dakigu zenbateko eragina izango duen gizartean, alegia, zenbat paziente kutsatuko diren. Horren arabera, gure lan egiteko era eta erabili beharreko baliabideak desberdinak izango dira, eta, oraindik, ez dakigu zer egin beharko dugun eta zer ez. Gogorrena ezjakintasuna dela esango nuke.

- Gizarteak garrantzi handia ematen dio zuen lanari, eta ez da gutxiagorako. Suposatzen dut zuek ere beldurra izango duzuela, zuengatik, etxekoengatik, gertukoengatik… Nola sentitzen zara horrelako egoera baten aurrean?
Infekzio-arriskua handiagoa da aurretik bestelako patologiak dituztenentzat. Nire beldurra da pertsona horiek kutsatzea, bai lanean eta bai etxean.

- Pentsatzekoa da psikologikoki ere gogorra izango dela egoera honetan bizitzea. Nola egiten duzu egoera eramangarriagoa izan dadin?
Gure lana beti da psikologikoki gogorra, izan ere,  erantzukizun handia daukagu egiten ditugun eta egiten ez ditugun gauzekin. Kasu honetan bereziki gogorra da deskonektatzeko aukerarik ez daukagulako.

- Gripea eta Koronabirusa parekatu ohi ditugu. Mediku-ikuspegitik, zein alde dago bataren eta bestearen artean? Zuzena da parekatze hori? Tratamendua bera da?
Bi gaixotasunak, gripea eta koronabirusa,  arnas-bidetik kutsatzen dira. Antza denez, Covid-19ak ohiko gripeak baino transmititzeko ahalmen handiagoa dauka. Gripearen kasuan, populazioaren zati handi batek inmunitatea garatu du edo txertoa jarri du. Bestalde, Covid-19a  berria denez, printzipioz memoria inmunologikoa ez dago gure alde. Horrek eragiten duena da, batetik,  populazioaren parte handiagoa kutsatu ahal izatea aldi berean. Horren ondorioz, bestetik,  kasu gehiago daudenez, pertsona larri gehiago daude momentu berean eta osasun-sistema kolapsatzeko aukera handiagoa da. Covid-19aren hilkortasun-tasa ez dago finkatuta, baina estimatzen da gripea baino altuagoa dela.
Covid19aren sintomak gripearen oso antzekoak dira: sukarra, artikulazioetako mina, eztarriko mina, eztula eta arnasteko zailtasuna. Infekzio biriko guztietan bezala, printzipioz, tratamendua sintomatologikoa da.

- Ibuprofenorik ez dela hartu behar zabaldu da sare sozial eta komunikabideetan, arriskutsua izan daitekeelako. Horrela da?
AEMPSk (Agencia Española de Medicamentos y Productos  Sanitarios) jakinarazi du gaur egun ez dagoela daturik ibuprofenoak infekzioa okertzen duela baieztatzeko. Hala ere, gida berriek paracetamola erabiltzea gomendatzen dute sukarra dagoenean, baina, oraingoz ez dago kontraindikatuta ibuprofenoaren erabilera.

- Esan eta esan ari zaizkigu oso beharrezkoa denean baino ez jotzeko ospitaleetara. Baina, hain egoera gogorraren aurrean, ez da erraza. Nola bizi duzue zuek jende kolapso hau ospitaleetan?
Egia da azken asteetako karga asistentziala urgentzietan murriztu egin dela. Horrek adierazten duena da gomendioak jarraitu egin direla orokorrean, eta zerbitzuen erabilera egokia egin dela.  Bestalde, aldi berean, erakusten du urtean zehar baliabideen erabilera desegokia egiten dela. Beraz, emergentzia-egoera honetan sistemaren funtzionamendu egokian pentsatzen dugun bezala, urtean zehar ere honekin kontzientziatuta egotea garrantzitsua da.
Momentuz, ospitalea (kasu larriak artatzeko gunea) ez dago kolapsatua, baina, kasu larriak ez direnak tratatzeko guneek (anbulatorioak, arreta-telefonoak....) lan-karga handia daukate dagoeneko. Hala ere, aurreikusten da datozen asteetan egoera aldatu egingo dela eta ospitaleetako karga ere nabarmen handituko dela.

- Zein aholku emango zenieke herritarrei egoera hau ahalik eta hoberen eramateko?
Argi izan behar dugu aldi baterako egoera izango dala. Hori dela eta, behin eta berriz errepikatu diren eta denok ezagutzen ditugun gomendio eta neurriak jarraitzea ezinbestekoa da  kutsatze berriak prebenitzeko eta kutsatutako paziente  guztien arreta bermatzeko.