Mirene Begiristain, ekonomian doktorea: “Lehen, baserria bizimodua zen, eta orain gehiago da ogibidea”

Mirene Begiristain, ekonomian doktorea: “Lehen, baserria bizimodua zen, eta orain gehiago da ogibidea”
2021/03/11 eta kitto!
‘Erroa eta geroa’ Euskal Herriko toki oso ezberdinetako emakume baserritarren ahotsak jasotzen dituen “dokumental xumea” da Mirene Begiristainen ustez. Ekonomia eta agroekologian aditua da bera eta dokumentala sortu duen Sorginatxurrak taldeko kidea da. Lana hilaren 18an egongo da ikusgai Portalean, 18:30ean, eta gero ikusleekin solasaldia egingo dute Maribi Ugarteburuk eta biek. Dokumentala aurkezteko azken emanaldietako bat izango da eta, joateko aukerarik izan ezean, Argiaren webgunean aurkitu dezakezue.

 

Zein gai lantzen duzue dokumentalean?

Nekazaritza lanak lehen eta orain, generoaren arabera lanak nola banatzen ziren, kontsumo ohiturak, ekoizpen ereduak, nekazaritzaren transmisioaren etena, emakume baserritarren eskubideak, erreleboko gaiak… Dokumentalak hainbat arlo jasotzen ditu agroekologiaren eta elikadura burujabetzaren ikuspegitik.

 

Nondik abiatu zen dokumentala?

2018an Baserritik Mundura izeneko formazioa garatzen ari ginen eta ikerketa kolektiboak egiten ziren, eta Sorginatxurra ikerketa taldeak erabaki zuen aproposa litzatekeela elikadura burujabetza eta ikuspegi feminista batzea eta hori jasotzea.

 

Talde lana izan da beraz?

Hori da! Sei emakumek osatzen dugu taldea eta horietako hiru emakume baserritarrak dira. Horrez gain, dokumentalaren errealizazioan eta muntaian Itziar Basterrikak eta Ainhoa Olasok asko lagundu digute, musikan Ines Osinagak eta Lorea Argaratek parte hartu dute, animazioan ere lagundu digute, Bizkaiko Foru Aldundiak diruz lagundu digu eta Baserritik Mundurako kideak ere egon dira hor. Eta, noski, dokumentalean parte hartzen duten emakume baserritarrak aipatu beharko genituzke.

 

Belaunaldi ezberdinetako emakume baserritarrak elkarrizketatu dituzue. Nolako aldeak aurkitu dituzue?

Gazteenek 30 urte inguru dituzte eta nagusienek 90 urte inguru, eta eten bat egon dela ikusi dugu. Industrializazioarekin etena egon zen baserriaren erreleboari dagokionez, eta ezberdintasunak daude baserria nola bizi zen eta orain ekoizpena nola bizi den. Lehen, baserria bizimodua zen, eta orain gehiago da ogibidea. Bizimodu horretan bizipenak, kezkak eta galderak aldatu egiten dira. Gaur egungo ahotsek gehiago edaten dute dimentsio sozial-politiko batetik, eta lehen gehiago eginbeharretik. Lehen, emakume baserritarrek zuten sostengurako gakoa, baina eskubide aldetik asko pairatu zituzten guzti horren ondorioak (kotizazioetan, adibidez). Bizipenak dimentsio emozionalagoak hartzen ditu gaur egun eta ogibidea da bizimodua baino gehiago, nahiz eta irauten dutenek bizimodu bezala hartzen duten. Lehen ia ez zuten beste aukerarik. Bazirudien emakumeek baserritarrek ezin zutela beraien dimentsio emozionala agerian jarri eta gaur egun hori presente dago erabakia hartzeko orduan.

 

Nolakoa da erroa? Eta geroa?

Erroa jakinduriaz beteta dago eta transmisioak berebiziko garrantzia du. Geroa, ostera, erronka handia da. Gaur egungo krisi ekosozialean nola lortuko dugu ekoizpenari eta lurrari loturiko proiektuei eustea? Lehen sektorean dugun arazo larriena errelebo falta da, eta horri loturiko arrazoiak. Eta ikuspegi feminista batetik, erronka are handiagoa da. Bistaratzeko, ikusarazteko, errekonozitzeko eta bere balioa emateko lehen sektoreak eta elikadurak gure bizitzan duten garrantzia azpimarratu beharko litzateke. Etena oso lotuta dago guzti horrekin. Etena egon zen eta geroa baldintzatu du, erronkaz betez.