Miriam Marquez (psikologoa): “Erretzeari uztea dolu-prozesu bat da eta prest egon behar dugu tabakoari agur esateko”

Miriam Marquez (psikologoa): “Erretzeari uztea dolu-prozesu bat da eta prest egon behar dugu tabakoari agur esateko”
ETA KITTO 2019, Ira 23

AECC Gipuzkoa Minbiziaren Aurkako Elkarteak erretzeari lagatzeko laguntza-terapiarako taldea antolatu du Eibarren. Saioak doakoak izango dira eta tabakismoan aditua den Miriam Marquez psikologoak gidatuko ditu. Iaz Gipuzkoan terapia egin zuten pazienteen %62k amaitu zuten prozesua arrakastaz. Taldean parte hartzeko interesa dutenek informazioa eska dezakete 943 20 24 94 zenbakian, edo Eibarko Ardantza kaleko 11. zenbakian.

– Zeinentzako dira talde hauek eta noiz abiatuko dira?
Tabakoa laga nahi duten erretzaileentzako dira. Guztiz doakoak dira eta ez da erakundearen bazkide izan beharrik. Terapiak AECC Gipuzkoak Eibarren duen egoitzan egiten dira (Ardantza kalean) astean behin, eta baita inguruko enpresetan ere, hala eskatuz gero. Taldeak irailaren amaieran abiatuko dira eta oraindik badago izena emateko aukera. Taldea osatzean erabakiko dira egunak eta orduak. Terapiak banakakoak izan daitezkeen arren, nik taldeak gomendatzen ditut beti, euren artean aholkuak ematen dituztelako, bizipenak partekatzen direlako…

– Kanpoko laguntzak emaitza onak ematen ditu?
Arrakasta pertsona bakoitzaren araberakoa da, baina frogatuta dago kanpoko laguntza profesionalarekin helburua lortzeko aukerak handitu egiten direla. Terapia psikologikoaz gain, nikotinaren menpekotasunari aurre egiteko osagai nikotinikoei buruzko aholkularitza eskaintzen dugu. Lagungarriak besterik ez dira. Azken lana pertsonarena da. Erretzera eramaten gaituzten faktore psikologikoak ulertzea eta zein motatako erretzaileak garen jakitea oso inportantea da (haserre nagoenean erretzen dut, kuadrillan pote batzuk hartzen ditudanean erretzen dut…), bestela estrategiarik gabe aurkitzen gara.

– Zeren araberakoa da terapiaren arrakasta?
Pertsonaren momentuaren araberakoa da. Tabakoa lagatzeak oso gauza onak dakarzkigu (osasuna, dirua aurreztea…), baina, aldi berean, agur esan behar diogu lagun horri, eta prest egon behar dugu horretarako. Dolu-prozesu bat da, azken finean. Tabakoa minbizi mota askorekin lotuta dago eta, horrexegatik,  gure elkartetik saiakera egin nahi duten guztiei animatzen diegu etortzeko. Hori bai, argi eduki behar dute konpromiso bat hartu behar dela terapiarekin eta taldearekin.

– Zer eskaintzen diete terapia hauek erretzaileei?
Terapia bion arteko harremana da: psikologoa moduan, terapiarekiko eta taldearekiko konpromisoa eskatzen dut eta estrategiak eskaintzen ditut. Erretzaile bakoitzarekin lehenengo aurretiazko elkarrizketa bat egiten da, eta bertan elkarrekin baloratzen dugu erretzeari uzteko modu onena eta asteko saio kopurua; izan ere, pertsona bakoitzaren egoera eta behar berezien arabera aldatu egiten da. Saio horietan pazientearen mendekotasun fisiko eta psikologikoari arreta berezia ematen zaio, eta erretzeko ohitura sustatzen duten estimuluen kontrolari aurre egiteko estrategiak lantzen ditugu.

– Badago erretzeari lagatzeko trukorik?
Ez dago barita magikorik, estrategia multzo bat dago. Borondatea izan behar da, eta momentua aurkitzea oso inportantea da. Motibazioak topatzeak ere asko laguntzen du. Badakigu errekaidak edo berrizkaturak bost alditan izaten direla batazbeste, baina prozesuaren parte dira eta hori argi eduki behar dugu.

– Zer da ‘RespirApp’?
AECC Gipuzkoako Minbiziaren aurkako Elkarteak mugikorretarako aplikazioaren bertsio eguneratu berria atera du, ‘RespirApp’ izenekoa, oraindik erretzen duten herritarrei tabakoa uzten laguntzeko. AECCren Minbiziaren Behatokiaren arabera Euskal Autonomia Erkidegoan bizi den herritarren % 78 ez-erretzailea edo erretzaile ohia da, baina oraindik ere % 22k erretzen jarraitzen dute. Datu horien arabera, agerikoa da azken bost urteotan erretzaileen beheranzko joera, 2009. urtean erretzaileen kopurua        % 34 ingurukoa baitzen.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »