Nagore Cid Alzibar: “Askok nahi dute egoera horretatik irten, baina hori lortzeko bost egun ez da nahikoa”

Nagore Cid Alzibar: “Askok nahi dute egoera horretatik irten, baina hori lortzeko bost egun ez da nahikoa”
2022/12/01 20:44
eta kitto!
Aurten berandu ailegatu zaizkigu euria eta hotza. Eta gogo gutxirekin bada ere, honezkero bete-betean sartu gara neguan. Gutariko gehienontzat deserosoa den eguraldi hau, baina, arazo oso larria da etxe barik, derrigorrez kalean bizi behar dutenentzat. Aurreko urteaz geroztik, baina, egoera latz hori apur bat leuntzeko aukera ematen die Debabarrenerako zerbitzu modura sortu zen Eibarko neguko dispositiboak.

Bizitegi-egoera larrian dauden pertsonentzako neguko dispositiboa dago martxan Karmen kalean, Karmeldarren elizaren lokaletan. Etxerik gabeko pertsonentzako 14 plaza eskaintzen dituzte bertan eta, egoera klimatologiko txarretan, Debabarreneko edozein udalerrik eta/edo dispositiboko teknikariek aktibatu ahal izango dituzte plazak. Iaz ipini zen martxan aterpetxea, Soraluze, Elgoibar, Mutriku, Mendaro, Eibar eta Debako udalen arteko lankidetza-hitzarmenaren bitartez. Eibarko Udalak lehiaketa deitu eta gero, Arrats elkarteko hezitzaileak arduratzen dira zerbitzuaren kudeaketarekin.

Nola funtzionatzen du zerbitzuak?

Sarrerak ezberdinak izaten dira. Batetik, hona datozenak beste zerbitzu batzuetatik deribatutakoak izan daitezke. Hau da, Gizarte Zerbitzuek, edo beste elkarteren batek informazioa eman eta hau hemen dagoela jakinda etortzea. Edo beste aterpetxeren batek bidaltzea ere gerta daiteke, gida bat existitzen da eta gu ere bertan sartuta gaude. Eta beste hainbat, berriz, Eibar inguruan kokatuta daude eta horiei zuzenean esaten zaie hau irekiko dela eta horrela bertaratzen dira. Hona sartzeko bi aukera daude. Alde batetik udaltzainen bulegotik pasa daitezke, 24 ordutan zabalik dago eta. Bertan plaza erreserbatzeko aukera daukate 19:30ak arte. Plaza erreserbatu dutela adierazten duen txartela ematen zaie eta udaltzainek guri abisatzen digute. Eta beste aukera da zuzenean hona bertaratzea: 20:00etatik 20:30era harrera egiten dugu, gerturatzen denari informazioa ematen zaio eta, nahi badu, orduan aurrera.

aterpetxe

Nolako jendea etortzen zaizue?

Urriaren 15ean ireki zenetik gaur arte (azaroaren 22ra arte) 67 lagun etorri dira guztira. Jatorriari begiratuz gero, Gipuzkoako lurralde historikotik bi pertsona etorri dira, Euskal Autonomia Erkidegoko 12, Espainiako beste erkidegoren batekoak diren 22, Europako kide den herrialderen batetik atzerritar bat etorri zaigu, zehazki Ukrainatik, eta Europatik kanpoko beste atzerritarrak 30 izan dira. Adinari begira, gehienbat 46-65 urte bitartekoak izan dira. Generoari begira, gehiengoa gizonak dira, hori oso argi ikusten da datuetan (gizonak %99 dira). Bestalde, errolda oso garrantzitsua da pertsona hauen integrazio prozesurako, eta etortzen direnen erdiak ez dauka inongo erroldarik. Eta beste erdiak ipintzen du, nahiz eta argi dagoen errolda fiktizioa dela.

Eta badago erabiltzaile-profilen bat? Ala denetarik dago?


Nondik datozen eta nora doazen oso garrantzitsua dela pentsatzen dugu. Hau da, hemen eman diegun informazioarekin beste aterpetxeren batera doan jakitea, edo beste zerbitzuren baten sartu den. Oraingoz, baina, hori jakiteko datu nahikorik ez daukagu. Gehienak kaletik edo beste aterpetxe batetik etortzen dira, eta berriz kalera edo beste aterpetxe batzuetara joaten da.

Batezbeste zenbat denbora egiten dute hemen, zuekin?

Hilabetean gehienez bost egun egon daitezke. Hortik kanpora, Euskalmetek alerta egunak izendatzen dituen horietan guk ere alerta aktibatzen dugu eta egun horiek ez dira kontatzen. Beraz, oso eguraldi txarra dagoenean jendeak denbora gehiago pasatu dezake. Eta, behin alerta hori amaituta, guk abisatu egiten diegu eta berriz bost eguneko muga hori kontatzen hasten gara.

Zuengana jotzen duen jendeak nola bizi du gertatzen ari zaiona? Nola sentitzen dira?


Kasu bakoitza mundu bat da, horregatik da hain garrantzitsua pertsona hauekin egiten den esku-hartzea pertsona horren baldintza eta beharretara egokitutakoa izatea. Ez nintzateke ausartuko eskala baten gehiengoa zeintzuk diren esatera. Jende askok egoera horretatik irten nahi du, baina ez dauka modurik, azkenean bost egunekin ez da nahikoa, oso zaila egiten zaie aurrera egitea.

Egunero kalean ikusten ditugun arren, askotan begiratu ere ez diegu egiten, existituko ez balira bezala...

Gizartean dagoen estigma kalean bizi den jendearekiko oso handia da eta denok eman beharko genioke buelta bat. Lanean ikasi dudan gauzetako bat da edozeini gertatu ahal zaiola horrelako egoera batean egotea. Kaletik goazenean beste jende bat nola bizi den kontziente izan beharko ginateke, eta baliabide edo laguntzak eskaini.

Arropategi bat jarri nahi duzue martxan, ezta?

Bai, asko arropa eta zapata gabe etortzen dira. Horregatik, Eibarko herriari dei egin nahi diogu, nahi duenak zapatak, mantak eta, batez ere, neguko arropak ematera etor dadin. Aukera emango dugu azaroaren 28tik abenduaren 2ra, hona etorrita goizeko 10:00etatik 12:00etara. Eta eskatu nahi dugu norberak nahiko ez lukeen arroparik ez emateko, arropa duina, erabili daitekeena izatea, hori asko eskertzen dute beraiek ere.