Naiara Samper (koronabirusa duen gaixo eibartarra): "Nire ingurukoak, momentuz, ondo daude denak"

Naiara Samper (koronabirusa duen gaixo eibartarra): "Nire ingurukoak, momentuz, ondo daude denak"
2020/03/16 eta kitto!
Kezetaria: Malen Illarramendi Beitia

Lehenik eta behin, eta garrantzitsuena, nola zaude? Noiz hasi zinen lehen sintomekin,  eta nola jakin zenuen Koronabirusa zela?
Koronabirusak eragindako neumoniarekin nago orain, eta egia esan, badu bere larrintasun puntua. Izan ere, egun batzuetako tratamenduaren ondoren, ez du hobera egiten. Zorionez, txarrera ere ez, beraz, pixkanaka egin beharko aurrera.

Kontatuko diguzu zein izan den hasieratik orain arteko prozesua?
Martxoaren 6an, ostirala, hasi zen dena. “Trankazoarekin” nengoen, eta arratsalde partean kalenturarekin hasi nintzen. Hori dela eta, etxean geratzea erabaki nuen. Hurrengo egunetan makal samar nengoen, eta igandean Poliklinikara hurbildu nintzen eta bi egun pasa nituen ingresatuta. Baina, printzipioz ez neukanez harreman zuzenik Italiako, Txinako, edo horrelako tokietako inorrekin, Koronabirusa oraindik deskartatuta zegoen. Ostegunean Mendarora hurbildu nintzen plaka bat egitera, eta emaitzetan ikusten zena ez zen ona: bi birikietan neumonia zatar bat ikusten zen, analisietan ere defentsa bajuak nituela atera zen,  eta Koronabirusaren froga egitea pentsatu zuten. 24 ordu eman genituen etxeko laurok etxetik atera gabe emaitzen zain, eta ostiralean abisatu zidaten, zalantza batzuen ondoren,  nire froga positiboa zela. Medikuak nire egoera aztertzeko batu ziren, eta erabaki zuten hoberena ingresatzea zela.

Sintoma fisikoez gain, imaginatzen dut psikologikoki ere eragingo duela gaixotasunak, ezta? Izan ere, badakigu gehienak sendatzen direla, eta benetako arriskua gutxi batzuentzako baino ez dela. Baina, norberari tokatzen zaionean... nola eramaten da hori?
Anbulantzia bat etorri zen etxera nire bila, eta ostiralean bertan ingresatu ninduten. Gaur  arte (martxoak 16) ni nintzen Mendaroko ospitaleko Koronabirus kasu bakarra. Fisikoki ez  naiz hain gaizki sentitzen, okerrena kalentura izan da, oso tenperauta altuak izan baititut.  Egunero egiten dizkidate kontrolak, eta poliki-poliki joan behar da. Psikologikoki ere, ez nago oso gaizki, egia da askotan beldurra sortzen zaidala, izan ere, telebistan hildako asko daudela esaten dute. Baina nik ez daukat aurretiko patologiarik, beraz, alde horretatik, lasai nago. Hala ere, bajoiak ere baditut, bakarrik nagoelako, ezin dudalako inor ikusi...

Ingurukoek (etxekoek, lagunek...) nola eraman dute?
Positiboaren berri izan nuenean, Osakidetzatik galdetu zidaten ia norekin egon nintzen harremanetan azken egunetan. Etxekoak, nire gurasoak, anaia.... kontrolpean daude ordutik, eta momentuz denak daude ondo. Nahiz eta haiekin egon ez, lasaitasuna ematen die ni ospitalean egoteak, badakitelako ondo zainduta nagoela. Gainera, bideoen eta horrelakoen bitartez elkar ikusteko eta entzuteko aukera daukagunez, eramangarriagoa egiten zaigu.

Gertutik ikusi duzu zein egoera latza den ospitaleko langileentzako ere. Zein izan da zure esperientzia eurekin?
Ospitaleko jendearekin maiteminduta nago. Oso jatorrak dira, oso pendiente daude beti, edozer gauzatarako prest...  Ezin hobeto ari dira portatzen nirekin. Elkarrizketa hau baliatu nahi dut  nire eskerrik beroenak emateko ospitaleko langileei.

Uste duzu jendeak benetako kontzientzia duela kutsatzeari dagokionez? Zer esango zenieke oraindik inolako ardurarik gabe jokatzen ari direnei?
Batetik, jendeari asko kostatu zaio konturatzea egoera hau benetan larria dela, eta asteburu honetara arte ardura gutxirekin jokatu du hainbatek. Eta bestetik, oso gaizki iruditzen zait jendeari, ume txikiei moduan, isunak jarri behar izatea kaso egin dezaten. Horren aurrean, nolabait nire haserrea adierazteko, nik Facebooken, “Eibar Opinan”,  idatzi bat jarri nuen. Izan ere, nik ez dut aukeratu Koronabirusa izatea, eta badakigu oso kutsakorra dela. Ezin dut ulertu etxean geratu beharrean, jendeak nola paso egiten duen eta kalera irteten den. Igandera arte tabernetan gertatutakoa, esaterako, ulertezina iruditzen zait, bai tabernarien aldetik, eta baita bezeroen aldetik ere. Kutsatzeko arrisku oso handia dago, eta kosta egiten zait ulertzea jendea ez dela kontzientziatzen. Kriston arazoa da hau, eta lehenbailehen pasatzen bada, denontzat hobe.

Hemendik dei bat egin nahi diot jendeari konturatzeko zein garrantzitsua den neurriak betetzea hau guztia gertatzeko. Nire kasuan, lehen esan bezala, ez daukat aurretiko patologiarik (ez asmarik ez besterik) eta printzipioz, sendatuko naiz.  Baina, jende asko hilko da, eta ez badugu guztiok gure partetik ipintzen, arazoak izango dira. Ozen eta argi esan nahi diet herritar guztiei ETXEAN GERATZEKO agintariek kontrakoa esan arte. Etxeetan denetarik daukagu, eta egoera aprobetxatu dezakegu bestela egin ezin ditugun gauza asko egiteko. Animo asko guztioi, denon artean lortuko dugu hau gelditzea.

Ez nuke elkarrizketa amaitu nahiko berriz ere eskerrak eman barik ospitaleetako langileei ez ezik, bestela ere beste guztiongatik lan egin behar duten guztiei ere. Zer esanik ez familia, lagun eta baita ezezagun guztiei ere, beraiengandik jasotzen ari naizen babes eta animo guztiengatik.

Naiara samper Larunbatean Naiara Samperek sare sozialetan jarritako testua.