NEREA AGIRIANO (Aldatzeko irakaslea): “Perun proiektuak gauzatzen ari direla Ikustea oso pozgarria da”

NEREA AGIRIANO (Aldatzeko irakaslea): “Perun proiektuak gauzatzen ari direla Ikustea oso pozgarria da”
ETA KITTO 2021, Ira 10

Nerea Agiriano Azkue Eibarko Aldatze ikastetxeko irakaslea Perun egon da uda honetan, Egoaiziak bertan dituen era askotako proiektuak bertatik bertara ezagutzen: ura edangarri bihurtzeko proiektua edo genero-berdintasuna, hezkuntza, elikadura osasungarria eta bertako ekoizleek egiten duten lanarekin lotutakoak, besteak beste.

Zein izan da Perura egin duzun bidaiaren helburua?
Egoaizia GKE Aldatze ikastetxeko ikasle batzuen ekimenari esker sortu zen duela 20 urte baino gehiago, hemen, Eibarren. Hori dela eta, aldian-aldian, Aldatzeko irakasleren bat Egoaiziarekin munduko herrialde ezberdinetara joan ohi da Egoaiziak aurrera eramaten dituen proiektuak ikustera. Uda honetan niri egokitu zait. Egoaiziaren eta Aldatzeren arteko lotura estuari eustea da helburua, eta ondoren, eskolara bueltan, ikasleen sentsibilizazioa sustatzea.

Zer moduz joan da dena?
Bidaia bikaina izan da, dena aurreikusitako moduan joan da. Bidaia 2020ko udarako antolatuta zegoen, baina pandemiagatik bertan behera geratu zen. Zalantzak izan genituen aurten joatea egokia ote zen, baina alde onak eta txarrak baloratu ostean, joatea erabaki genuen. Egoaiziako Lierni Fernandez eta biok Bilbotik irten ginen  (Bilbo-Madril, Madril-Lima, Lima-Trujillo), eta han Marisabel Albizurekin bat egin genuen. Peru bertan, hiru lurralde ezberdinetan egon gara: lehenik Alto Trujillon, gero Piuran, eta azkenik Cuscon.

Zer proiektu mota ikusi dituzue?
Asko harritu nau Egoaiziak Perun egiten dituen proiektuen aniztasunak. Adibide batzuk ematearren: ura edangarri bihurtzearekin lotutako proiektuak bisitatu ditugu. Bertan, ura bildu eta edangarri bihurtzen da, auzo oso bat hornitzeko. Genero-berdintasunari, emakumeen ahalduntzeari, ekintzailetzari, elikadura osasungarriari, hondakinen bereizketari eta abarri buruzko tailerrak nola jasotzen  dituzten ikustera joan gara.  Kakao-ekoizleen kooperatiba bat bisitatu dugu (APROCAP), eta nekazarientzako prestakuntzan laguntzen zaie (inausketa, txertaketak, konposta).

Hezkuntza mailan nolako ekimen eta proiektuetan hartzen duzun parte?
Egoaiziak CIPCArekin (Peruko GKE kolaboratzaile bat) batera martxan jarritako estimulazio goiztiarreko zentroak ere bisitatu ditugu. Lokal txikiak dira, non hezitzaile batek ariketa espezifikoak egiten dituen 0 eta 3-4 urte bitarteko haurtxoekin, garunaren garapen egokia ahalbidetuko duten zenbait eremu neuronal aktibatzeko.  Bestalde, Egoaiziak urte asko daramatza Fé eta Alegría eskolekin elkarlanean eta bertako irakasleek azaldu digute nola gauzatzen dituzten proiektuak, hala nola kitxua hizkuntzaren erabilera sustatzea, hezkuntza-proiektu espezifikoak, instalazioen hobekuntza… Horrez gain,  S.D. Eibar fundazioak emandako futbol-ekipazioak banatzera joan ginen Piurako Eibar-Piura kirol-eskolako neska-mutilei.

Zerk eragin dizu gehien?
Landa-eremuetako haurrak behar bezain estimulatuta ez egoteak eta elikadura desegokia izateak (ez dute barazkirik jaten), eta ondorioz, hizkuntza nahasmenduak garatzea, arazo kognitiboak izatea eta baita gorputzadarren atrofiak ere.

GKEetako lana horrelakoa zela uste zenuen?
Ez, egia esan. Bulegoko lana badago, baina askoz gehiago terrenoan. Pertsona gutxi bulegoan, eta asko pertsonekin, onuradunekin. Baliabide teknikoen, giza baliabideen, denboraren, proiektuen garapenaren eta, nola ez, helburuen antolaketa izugarria dago baita. Bihotz oneko jende ugari ere, noski! Proiektuak gauzatzen ari direla eta bertakoengan eragin zuzena dutela ikustea oso pozgarria da.

Nola bizi izan dute pandemia?
Beldur handiz. Orain arte, 200.000 hildako baino gehiago egon dira Perun. 33 milioi biztanle inguru direla kontuan izanda, proportzioan, estatu espainiarrean baino 3 bider pertsona gehiago hil dira han. Argi dago, bertako osasun-sistemak ez duela zerikusirik hemengoarekin eta, bestalde, arautu gabeko lanak (% 70-80 inguru) konfinamendu garaiak, berrogeialdiak eta abar errespetatzea eragozten dituela. Han, Perun, neurri zorrotzak hartu zituzten 2020ko martxoan, hemen bezala, birusa iritsi ez bazen ere. Eta oraindik ere oso neurri murriztaileak dituzte, maskara bikoitza uneoro, etxeratze-agindua, eskolak eta unibertsitateak itxita daude… Bertakoen hitzetan, pandemiaren erruz, herrialdeak azken 10 urteotan egindako aurrerapenak jatorrizko puntura itzuli dira, edo okerrago batera.

Eta eskoletan nola dabiltza?
Desastre… Haurrek ia bi ikasturte daramatzate eskolara joan gabe.  Atzera begiratzen badugu, haurrak eta haien familiak etxean konfinatuta egon ginen hilabete beldurgarri haiek (bi eta erdi, hiru eskas) gogoratuko ditugu, ahaztezinak dira eta! Bada, Perun ia bi ikasturte daramatzate aurrez aurreko eskoletara joan gabe. Kasurik onenean, online eskolak jarraitzen dituzte PC edo mugikor baten bidez, eta kasurik okerrenean, eta ohikoena, mugikorreko datuak bukatzen zaizkienean edo eta estaldurarik ez badute, telebista edo irratian botatzen dituzten programa berezien bidez saiatzen dira zerbait egiten.  Egoera hori izanik, kezka handia sortzen dute txikienen ikaskuntzak eta garapenak, lanera joan behar izan duten gazte askoren eskola-uzteak, eta, oro har, ikasleen osasun mentalak eta emozionalak.

Zer ekarri duzu bidaia honetatik?
25 kg-ko bi maleta goraino beteta! Txantxa da. Gauza asko dakarzkit: jendearen adeitasuna, esker ona eta eskuzabaltasuna, jakin-minez beteriko umeen begiradak, emakume nekazarien indarra, banana eta kakao zuhaizpean ibilaldia, Fé y Alegría 63 eta 44 eskoletako dedikazioa eta lan nekaezina…

Eta orain zer?
Proiektuak, lekuak eta pertsona asko bisitatu ditugu Perun, eta argi dago lan egiteko fronte asko daudela zabalik. Egoaiziak lehendik dauden proiektuei babes ematen jarraituko du, eta indar handiz lan egingo du etorkizun hurbilean planteatzen diren erronka garrantzitsuei heltzeko, hala nola emakumearen aurkako indarkeria, haurren aurkako indarkeria familietan, eta gazteen pandemiaren osteko egoera sozioemozionala. Nire kasuan, Aldatzeko irakasle izanik, eskolako ikasleekin honen guztiaren inguruan lan egitea egokitzen zait orain. Beste herrialdeetako errealitateak ezagutzera eman eta sentsibilizazio lan hori egitea ere garrantzitsua da.

Nola lagundu dezakegu hemendik?
Egoaiziaren web orrialdea (egoaizia.org) bisitatzera edo eta sare sozialetako edozein jarraitzera gonbidatzen zaituztet, egiten duten guztiaren berri izateko. Eta ahal duzuen moduan laguntzera ere animatzen zaituztet. Dirulaguntzekin, bolondres moduan edo eta bazkide eginez.

 

PERU

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »