Pablo Kaperotxipi eta Pablo Quintero: “Baserritarrei beste salmenta-kanal bat eskaintzen diegu, irismen gehiagorekin”

Pablo Kaperotxipi eta Pablo Quintero: “Baserritarrei beste salmenta-kanal bat eskaintzen diegu, irismen gehiagorekin”
2020/12/22 eta kitto!
Pablo Kaperotxipi eibartarrak eta Pablo Quintero kanariarrak Kulto proiektua jarri dute martxan, baserritarrek euren produktuak saltzeko plataforma digitala. Gertuko produktu ekologikoen aldeko apostua egiten dute eta laster hainbat euskal ekoizleren produktuak eskaintzea espero dute. Hala ere, eibartarrok egin ditzakegu eskaerak.

 

Hitz gutxitan, zer da Kulto proiektua?

Gertuko ekoizle ekologikoei produktuak saltzen laguntzeko plataforma teknologikoa da. Kultoren bitartez ekoizleak zuzenean saltzen dio bezeroari, bitartekaririk gabe. Gainera, ingurugiroaren jasangarritasunari eta ekonomia lokalari mesede egiten diogu, baliabide naturalak mantenduz.

 

Nola sortu zitzaizuen Kultu sortzeko ideia?

Gutako bakoitza beste proiektu profesional batean zebilen, baina sentitzen genuen horrek ez gintuela asetzen. Gure artean berba egin genuen, elkarrekin zerbait egin nahi genuela ikusi eta negozio-eredu ezberdinak aztertzen hasi ginen 2019. urtearen hasieran. Ni Liencresen (Kantabria) bizi naiz -dio Kaperotxipik-, eta nire bizilagunak, Kasildak, ortu txikia du etxean. Egun batean kalabazaz eta beste hainbat nekazaritza-produktuz betetako poltsa bat ekarri zigun, eta orduan sortu zitzaigun ideia. “Zergatik ez dugu zabaltzen gertuko ekoizleen kalitatezko produktu ekologikoak eskuratzeko aukera?”, pentsatu genuen. Horrela, Kantabriako ekoizleekin berbetan hasi ginen, Kulto proiektua sortu arte.

 

Orain Kantabria kanpoko ekoizleek ere produktuak eskaintzen dituzte Kulton. Proiektua zabaltzen zabiltzate?

Uztailaz geroztik Madrilgo ekoizleak hasi dira produktuak saltzen, baina Madrilen dagoen eskaera-maila oso handia denez, ekoizle gehiago behar genituen eta merkatua zabaldu dugu behar hori asetzeko (Extremadurako bi, eta Sevilla eta Gaztela-Leongo bana). Orain, toki gehiagotara zabaltzea da gure helburua, ekoizle eta kontsumitzaile lokalak erakarriz. Euskadin 4-5 ekoizlerekin egin dugu hitzarmena eta 2021an plataformara gehitu daitezela espero dugu. Orain ez dugu ekoizle euskaldunik, baina badaude produktu hauek kontsumitu nahi dituzten bezeroak eta Kantabriakoei erosten diete.

 

Hala ere, helburua gertuko ekoizleen produktuak erostea da, ezta?

Hori da gure balioekin bat egiten duen ideia, baina kontsumitzaile batzuentzat hori ez da lehentasuna. Batzuek produktu osasungarriak eta ekologikoak erosteari ematen diote garrantzia, eta beste batzuek gehiago baloratzen dute zuzenean ekoizleari erostea eta bidezko prezioa ordaintzea. Adibidez, orain bertan Badajozeko bezero batekin egin dugu berba eta bi ekoizle ditu gertu, baina nahiago izan du Sevillako bati erostea eskaintza zabalagoa duelako.

 

Ekoizleek nola jaso dute zuen proposamena?

Ekoizleen erantzuna oso positiboa izan da. Dagoeneko badute euren salmenta-kanala (merkatuetan, kontsumo-taldeetan, jatetxeei salduz…) baina guk beste kanal bat sortzen lagundu diegu, teknologiaren bitartez irismen gehiago lortuz eta salmentetan sor daitezkeen arazoak ezabatuz. Adibidez, produktua garraiatzeak dakartzan arazoak ezabatzen ditugu, merkatuan denda muntatzea eta desmuntatzea… Gurekin ekoizleek bezeroak lortzen dituzte, garraio zerbitzua ematen diegu eta eskaerak prestatzeko paketeak eskaintzen dizkiegu (packaginga). Egiten dakitena eta balio gehien sortzen diena besterik ez egiteko eskatzen diegu bakarrik; hau da, ekoiztea. Kanal berri honek lan gutxi eskatzen die, demaseko ikusgaitasuna lortuz. Gainera, ekoizleek bidezko prezioa jasotzen dute. Hau da, ohiko banaketa-kateekin gertatzen denarekin alderatuz, ekoizleek jartzen dituzte produktuen prezioak eta %70a fakturatzen dute, salmentaren marjina handiena jasoz.

 

Pandemiak gizarte kontsumo-joerak aldatu ditu?

Pandemiaren ondorioz tokian tokiko produktuak erosteko eta ekoizleen lana baloratzeko kontzientzia gehiago du jendeak. Gehiago baloratzen dugu produktu osasuntsuak ekoizteko egiten duten lana eta beldur gehiago diegu kanpotik datozen produktuei. Gainera, asko hazi da plataforma digitalen bitartez egiten den kontsumoa, beste bide batzuk aurkitu behar izan ditugulako hornitzeko. Beraz, guzti horrek mesede egin digu.

 

Zer egin behar da Kultoren bitartez erosteko?

Lehenik, proyectokulto.com web orrian sartu eta bakoitzaren kokalekua zehaztu. Horrela, plataformak gertuen dauden ekoizleak zeintzuk diren azaltzen du eta bakoitzak gehien interesatzen zaion ekoizlea aukeratuko du. Erregistroa egin, produktuak aukeratu eta eskaera egiten da. Ekoizleek eskaera prestatzen dute, zuzenean erosleari bidaltzen diote eta erosleak 24 ordutan etxean jasoko du. Produktuak ez dira gure eskuetatik pasatzen.

 

Bidalketan arazorik egonez gero, zuek arduratzen zarete?

Bai, gure esku dago arazoei berehalako irtenbideak ematea. Bezeroen kexak, kezkak eta aholkuak jasotzen ditugu, ahalik eta zerbitzu onena emateko. Gainera, erosleek momentu oro izango dute bidalketaren egoeraren berri.