Paula Cortes eta Nagore Gomez, Gurutze Gorriko boluntarioak: “Jendea oso esker onekoa da"

Paula Cortes eta Nagore Gomez, Gurutze Gorriko boluntarioak: “Jendea oso esker onekoa da"
2020/05/01 eta kitto!
Kazetaria: Malen Illarramendi.

Bizitzen ari garen egoeraren aurrean, Paula eta Nagore konturatu dira zein garrantzitsua den behar duenari laguntzea. Nork bere aletxoa jarrita, denon artean errazagoa da egoerari aurre egitea. Eibarko Gurutze Gorriarekin harremanetan jarri ziren, eta elkarteak eskaintzen dituen zerbitzuetan laguntzen ari dira, beste boluntario asko bezala. Oso pozik daude egiten duten lanarekin eta jendeak bihotzez eskertzen du euren konpromisoa.

Kontaiguzue zer egiten duzuen egun hauetan.
Eibarko Gurutze Gorriko taldeko partaideak gara. Une honetan, ekarteak hiru zerbitzu eskaintzen ditu. Batetik, hainbat enpresak emandako elikagaiak banatzen ditugu kontsumitzaileen beharren arabera. Bestetik, etxetik irten ezin diren pertsonei farmaziako mandatuak egiten dizkiegu, baita zaborra bota eta txakurra atera ere. Horrez gain, pasiatzera irteten gara behar bereziak dituzten pertsonekin: autistak, pertsona nagusiak… Azkenik, eta hori da gure eginkizun nagusia, SD Eibarrek emandako tabletak eta modem-ak banatzen dizkiegu horrelako baliabiderik ez daukaten umeei. Banatzeaz gain, gailuak konfiguratzeaz ere arduratzen gara, erabiltzaileak piztu eta besterik gabe erabilgarri izan ditzan.

Nola bururatu zaizue Gurutze  Gorrian izena ematea? Zerk bultzatu zaituzte?
Covid-19aren kontua hasi zenean, gure artean hitz egin eta behar zuen jendeari nola lagundu ahal genion pentsatu genuen. Inoiz bizi izan ez dugun egoera da, eta arriskuan dagoen jende asko dago besteon laguntza behar duena. Hori horrela, hainbat aukera aztertu ondoren, Gurutze Gorrian izena ematea erabaki genuen. Momentu honetan gure lanetan ez gaudenez %100ean, denbora libre gehiago daukagu, eta egoera aproposa iruditu zaigu besteen alde zerbait egiteko. Gu ez gara arrisku taldeko pertsonak, beraz, gure ekarpenari esker, arriskua duten pertsonen premiak beteta geratzen dira neurri handi batean.

Gurutze Gorrikoak

Badaukazue anekdotarik kontatzeko?
Anekdota moduan kontatu dezakegu asko harritu gintuela jendeak zein azkar ematen duen izena txandak antolatzen direnean. Alegia, antolatzaileak WhatsApp taldean hurrengo eguneako behar den pertsona kopurua zehazten duenean, berehala betetzen dira plaza guztiak. Azkar ibili ezean, eginkizunik gabe geratzen zara (kar, kar kar). Horrek adierazten du jendeak lagundu egin nahi duela, eta hori baino seinale hoberik…

Pertsonalki aberasgarria izango da esperientzia, ezta? Zer sentitzen duzue?
Pertsonalki oso pozgarria da egiten dugun guztia, izan ere, behar duen jendearen premiak asetzean, norbera ere barrutik asetuta geratzen da, benetan pozik. Gainera, jendeak asko eskertzen du gure lana, eta oso jatorrak dira gurekin. Kalean jendeak geratu egiten gaitu esateko horrelako egoera batean asko eskertzen dela egiten dugun lana.

Ez daukazue kutsatzeko beldurrik? Zein prebentzio neurri hartzen dituzue?
Egia esan, ez dugu kutsatzeko beldurrik. Babes-neurri egokiak erabiltzen baititugu, etengabe higiene neurriak zainduz. Hala ere, nire kasuan (Nagore), asma dudanez, egia da errespetu handia diodala honi guztiari. Nolanahi ere, gaztea naiz eta kutsatuz gero, pertsona nagusi batek baino errazago egingo diot aurre gaixotasunari. Esan beharra dago gu ez garela jendearen etxebizitzetan sartzen, haiek jeisten dira pegorara dagokiena hartzera. Jendearekin partekatzen dugun bakarra produktua jaso-izanaren agiria da. Hortaz, uste dugu erabiltzen ditugun babes-neurri guztiekin, oso zaila dela kutsatzea. Kalitatezko materiala erabiltzen dugu, eta eskularruak eta maskarrila egunean zehar ainbat aldiz aldatzen ditugu.



Hemendik aurrera ere (egoera hau amaitzen denean) honetan jarraitzeko asmoa daukazue, edo Covid-19-aren honetan laguntza emateko besterik ez duzue izena eman?
Behin betiko boluntario izateko aukera eman digute, eta, printzipioz, jarraitzea pentsatu dugu, zeren eta konturatu baikara ez duela asko lotzen, hau da, guztiz aukerakoa dela momentu bakoitzean baietz edo ezetz esatea, egoeraren arabera, konpromiso barik. Poz-pozik gaude egiten dugun lanarekin, eta, gainera, talde ona osatu dugu boluntario guztion artean, beraz, primeran pasatzen dugu.

Norbaitek Gurutze Gorrian izena eman nahi badu, zein pausu jarraitu behar ditu?
Ezin errazagoa da izena ematea: email bidez jarri behar da eurekin harremanetan, dokumentu bat bete, eta eurek sartzen zaituzte boluntarioen datu-basean. Hori eginda, zurekin harremanetan jartzen dira eta jarraitu beharreko urratsen berri ematen dizute. Gure kasuan, adibidez, Covid-19az arduratu behar zen WhatsApp taldean sartu gintuzten. Hortik aurrera, agindutakoa betetzea baino ez da egin behar.