Pello Zabala, meteorologoa: "Tenporetan ez nuen sinesten. Gero ikasi dut interpretatzen"

Pello Zabala, meteorologoa: "Tenporetan ez nuen sinesten. Gero ikasi dut interpretatzen"
2014/05/20 eta kitto!

- Nondik nora joko duzue Urko Aristik eta zuk zeuk hitzaldian?
Hor bertan moldatuko gara, jendeak eskatzen digunaren arabera. Izenburuari jarraituz, oraindik ez dakigu aurten udarik izango al dugun, tenporetarako ere hilabetea geratzen da... Eguraldiak norantza joko duen jakiteko, dena dela, nondik gatozen begiratzea komeni da: negurik ez dugu izan, bero nahiko izan da... Udari bero-kolpeak aurreikusten dizkiot, gero ekaitzetara joko dutenak, bero-lainoekin.

- Zaila da pronostikatzea Euskal Herrian? Zeren arabera egiten duzue?
Euskal Herri osoa hartuta, ez da hain zaila; jakinda, hori bai, desberdina dela kostalderako edo barnerako pronostikatzea. Nire esperientziatik abiatuta, kostaldeko euri dezentea askotan zaparradatxoa bihurtzen da barnealdean. Itsasoko hezetasunak eta hainbeste baso izateak ekaitzetarako joera hori justifikatzen dute. Orain dela bi urte izan genuen uda hura bai izan zela sanoa: halakorik, baina, ez da ohikoa hemen.
Gainera, unibertsitateko irakasleek dioten moduan, klima aldaketa ere ate joka dugu.

- Zuk ere klima aldatzen doala esango zenuke?
Diozunez, basaranak aurreratu egiten dira, enarak gero eta lehenago datoz... Iazko negua eta udaberria ikustea besterik ez dago: hori da botatzea, zenbat litro euri, beste urte osoetan baino gehiago. Donostiako meteorologoek ezetz zioten, klima aldaketarik ez dela; nik, baina, ezki-loreari, tiloari... erreparatu eta ikusten dut ekainerako loratuta daudela. Enarak ere, gero eta gutxiago, baina gero eta lehenago. Argi dago uda, zuhaitzetan behintzat, lehenago etortzen dela. Andaluziako eguraldia gero eta gertuago dugu, harrapatzen gaituela esango nuke. Basamortua goraka dator.

- Haizea eta animaliak dira zure txibatoak? Arantzazu toki pribilegiatua da haizeari begietara begiratzeko?
Abantailak eskaintzen ditu, bai; haizeari garbiago antzematen zaio. Inguruko mendiek ere Arabako haizea ekartzen dute eta hodeiak zelan desegiten diren ikusteak hezetasuna datorrela abisatzen du. Laino gutxi dagoenean, hegazkinen isatsak ere laguntzen dizu. Hemen... zeru gutxi, baina garrantzizkoa! Animaliek ere asko dakite. Erleak lanera badoaz, seinale ona; hor dago zizareen portaera... Marraskiloak, geldoak izanda ere, badakite azkar joaten gau batzuetako prozesioetan...

- Asko asmatzen duzu? Jendeak kritikatu ala zoriondu egiten zaitu gehiago?
Zoriondu, askoz gehiago. Orain Debagoinerako ematen dut pronostikoa eta zapatuetan Euskadi Irratian aste osorako. Baserritarrak hiru egunerako eta aste osorako pronostikoak eskertzen duen moduan, kaletarrak jakin nahi du arratsaldez bizikletan ibiltzeko zer eguraldi egingo dion. Baserritarrak ondo daki tripaki-lainoak zer diren; kaletarrak seguraski ez. Espikatzen asmatu behar dugu, pistak eman eta seinale horiek jendeak ulertzen lagundu.

- Zuretzat zer da eguraldi ona, zer txarra?
Nik gehiago jotzen dut jendeak zer duen gustoko, hara. Lanerako zer den hobea, autoan ibiltzeko euriak ez du laguntzen... Gure Bittoriano Gandiagak zioen moduan, ez dago eguraldi tristerik, ezta txarrik ere.

- Eguna zeru gorriz itzaltzen bada, hurrengo egunean eguzkia. Eta zeru gorriz esnatzen bada, arratsalderako euria. Horrela da?
Bai. Eta ez da gaurko kontua. Orain dela 3.000 urteko Mesopotamiako adreiluzko apunteetan ere azaltzen dira halakoak.

- Tenporei helduko diegu. Asmatzen dute? Gaur egungo begiradei eusten diete?
Nik ere ez nuen sinesten hasieran. 1983ko ufalen ondoren hasi nintzen aztertzen, halakoak kontatu zidatenei ez zutela balio erakusteko. Baina konturatu nintzen eguraldiak badituela fase moduko batzuk, hiru astetan berdintsu egiteko joera... Eta hori, euskaldunoi askotan gertatzen zaigun moduan, inon ez zegoen idatziz jasota. Azken urteotan, gainera, eguraldiak txintxotxintxo bete du tenporek iragarritakoa. Dena dela, interpretatzerakoan gauza asko daude hor: erdian bestelako ilargi aldea dagoen, barixakuetan izan daitekeen aldrebeskeri bat edo beste...

- Aurtengo udarako tenporak noiz izango dira? Zenbat geratzen da?
San Antonioren (ekainak 13) astean, hemendik hilabete batera: ekainaren 11n hasi eta 18ra arte, aste guzti hori. Iaz urtaroa hasi baino hiru aste lehenago izan ziren eta guztiz asmatu zuten.