ROSA MARTINEZ ALCOCER (aktorea): “‘Frida’ egitea oparia izan da niretzat”

ROSA MARTINEZ ALCOCER (aktorea): “‘Frida’ egitea oparia izan da niretzat”
2017/04/10 09:07
eta kitto!
Amaitu dira Antzerki Jardunaldiak. Berrogeigarren urtez, estatu mailan erreferentzia bihurtu den ekitaldia hartu du herriak, gaur egun euskara zein gazteleraz ikusi daitezkeen antzezlan nabarmenak jasoz. Horien artean egon da Rosa Martinez Alcocer aktore eibartarrak antzeztu duen ‘Frida’. Fran Lasuen herrikidearekin batera, ikur mexikarraren bizitza ekarri du taula gainera. Pertsonaia berezia beretzat hain berezia den eszenatokian.

 

-Frida Khalorena egiten duzu, ez da gutxi!

Demasa da! Liluratzen nauen pertsonaia da Frida Khalo. Orain dela denbora asko maitemindu ninduen, bai emakume moduan bai bere bizitzak, baina antzerkira eramatea fantasia zen errealitatea baino. Ez nekien nola egin eta zein forma eman. Ez nekien, adibidez, monologoan antzeztuko nuela, azkenean izan den moduan. Humberto Robles mexikarraren testua jaso eta zoragarria iruditu zitzaidan.

-Ez zenuen birritan pentsatu?

Oldartu eta aurrera egin nuen, maitemindu egin ninduelako. Lanbide honetan burua ‘moztu’ behar dugu batzuetan, ez pentsatu. Hainbatetan beharrezkoa da burua edukitzea, baina geldiarazten eta zugan sinestea uzten ez dizuten beldurrak badituzu, zure alde egin behar duen erraminta baino, oztopo bat da burua. Nik burua ‘moztu’ nuen Fridaren kasuan, bestela zalantzak izango nituelako eta ez nintzatekeelako seguru sentituko hain pertsonaia indartsua antzezteko. Bihotzak esaten zidanari egin nion kasu eta momentu horretatik hasi nuen lan prozesua Paco Obregon zuzendariarekin.

-Nolakoa izan zen lan prozesua?

Oso arina. Pacok, antzezlanean biolina jotzen duen Fran Lasuenek eta talde guztiak aipatu dute prozesu magikoa izan dela. Ez da antzezteko erraza den lana, baina erraza egin zaigu. Gure artean bikain moldatu gara.

-Zer suposatu du zuretzat Frida Khalo antzezteak?

Plazerra izan da. ‘Frida’ egitea oparia izan da niretzat, maila guztietan. Pertsonaia guztien bitartez ikasten duzu beti eta honekin, zehazki, asko ikasi dut. Bizitzari aurre egiteko zuen modua, berak zituen zailtasun guztien aurreko erresilientzia, umorea, adimena, norberaren gainean barre egiteko zuen gaitasuna, bufoi kutsua ere bazuen, eta baita tragikoa ere. Denetarikoa da, pertsonaia guztiengandik zerbait duelako.

-Fridaren bizitza bere margoak bezain koloretsua izan zen?

Bere bizitza oso anitza eta bizia izan zen. Ez zuen bizitzeko ezer uzten. Inork baino gehiago maite zuen bizitza. Berak zeuzkan arazo fisiko eta psikologikoak, eta oso bizia eta kartsua izan zen harreman sentimentala kontutan hartuta, bere bizitza ez zen erraza izan. Hala ere, Frida zentzu guztietan konprometitzen zen, bizitza bizitzen zuen eta honi ondo heltzen zen. Ez da kasualitatea Frida margolaria izatea, kolorea eta bizitza maite zituelako. Edertasuna maite zuen. Bera zen modukoa adierazten zen margolanekin, hor zegoen bere egia guztia, biluztu egiten zen. Hori berebizikoa izan zait bere pertsonaia antzezteko orduan. Bere margolanak oso gogorrak dira, baina kolorez beteak, eta horrek ondo definitzen du bere bizitza.

-Zer moduz joan zen Eibarko saioa?

Eibartarra naiz, eta nahiz eta aspaldi bizi naizen hemendik kanpo, Eibarren aritzea oso berezia da. Beste egunean nire buruari galdetzen nion ea zergatik zen horrela. Institutuan Poxpolo eta Jesus Cimarrok antolatzen zuten antzerki taldean eman nituen lehen pausuak antzerki munduan, gero Eibar-Ermua antzerki tailerrean jarraitu nuen, Geroarekin egin nuen lehen antzezpen profesionala Antzerki jardunaldietan aurkeztu genuen eta Geroaren azken saioa ere bertan eskaini genuen. Beraz, antzerkia Eibarrekin oso erlazionatua dago niretzat. Eibarren aritzea gozagarria da eta beste egunean etxean bezala sentitu nintzen. Fran Lasuenek ere gauza bera esan zidan. Bera ere aspaldi bizi da Eibartik kanpo eta bertan aritzea oso berezia izan zela aitortu zidan.

-Antzerki Jardunaldiek 40 urte bete dituzte. Zer suposatzen dute zuretzat?

Beti da berezia Antzerki Jardunaldietan aritzea. Eibar bezalako herri batean 40 urtez Antzerki Jardunaldiek iraun izanak esan nahi du lan handia, esfortzu izugarria eta maitasun ikaragarria egon dela atzean. Mimo askorekin egiten dira jardunaldiak eta publiko fidela daukate. Guzti honek ospakizun eta zorionak merezi ditu.