Sara Etxebeste: “Etxeak edo espazio pertsonalak antolatzeko modu bat baino gehiago da KonMari metodoa”

Sara Etxebeste: “Etxeak edo espazio pertsonalak antolatzeko modu bat baino gehiago da KonMari metodoa”
2021/11/22 08:57
eta kitto!
KOKORO tailerra antolatu du ...eta kitto! Euskara Elkarteak azaroaren 24rako, eguaztena. Sara Etxebeste (1986, Orereta) KonMari Aholkulari Agiridunaren eskutik murgilduko gara metodo horren oinarrietan. KonMari, labur esanda, etxeko espazioak antolatzeko edo ordenatzeko metodoa da, baina Sararen berbetan hori baino askoz gehiago da. Elkarteak Urkizun duen lokalean izango da tailerra 18:00etatik 20:00etara.

Marie Kondo japoniarraren antolaketa-metodologia Euskal Herriratu duzu. Nola izan zenuen horren berri eta zergatik egin duzu horren aldeko apostua?
Ia kasualitatez deskubritu nuen. Marie Kondok atera zuen lehenengo liburua irakurri zuen lagun batek, eta segituan gomendatu zidan, "liburu hau zuretzat da" esanez.Momentu hartan Italian bizi nintzen eta ez nion kasu handirik egin. Urtebete kanpoan bizi eta gero herrira bueltatu nintzenean zerotik hastea bezala izan zen. Orduan hasi nintzen liburua irakurtzen eta guztiz engantxatu ninduen, besteak beste nik betidanik izan dudan interes batekin egiten zuelako bat. Ordenatzea jolas bat izan da nirentzat txikitatik: lagunei armairua ordenatzen nien eta maletak egiten laguntzeko deitzen zidaten. Asko gustatzen zitzaidalako egiten nuen. Garai hartan zaletasun hori lanbidea izan zitekeenik pentsaezina zen. Orain, aldiz, gero eta ohikoagoa da etxeak edo espazioak ordenatzeko enkarguak edukitzea. Euskal Herrian oraindik nahiko arrotza da,baina badoa pixkanaka bere bidea egiten.

Zertan oinarritzen da KonMari metodoa?
Etxeak edo espazio pertsonalak antolatzeko modu bat da. Hala ere, nire iritziz, askoz ere gehiago da. Zure burua ezagutzeko eta zure buruarekin konektatzeko modua ere bada. Inguruan dituzun objektu guztiak berrikusten dituzunean, aukeraketa bat egiten duzunean eta toki konkretu bat bilatzen diezunean, nahi gabe zure bizitza guztia ari zara berrikusten. Zer den garrantzitsua eta zer ez den erabakitzen duzu, zer utzi dezakezun atzean, zer bukatu den... Niretzat zati interesgarriena edo sakonena hori da, aukera bat dela zure balioekin, ametsekin eta desioekin konektatzeko. Gauza asko mugitzen dira itxuraz superfiziala den zerbaiten atzean.

Askotan zaila egiten zaigu ordenatzea, eta modu negatiboan ikusten dugun jarduera da. Zertan lagundu ahal digu, zentzu honetan, KonMari metodoak?
Egia da batzuetan frustrantea iruditzen zaigula eta hori gertatzen da ez daukagulako estrategia edo metodo bat gauzak modu efektiboan egiteko. Iruditzen zaigu inoiz amaitzen ez den lana dela eta etxea beti erdizka dagoela. Zentzu apur batekin ez baduzu egiten gogorra izan daiteke, egia esan. Oso zehatza den egitura bat proposatzen du, malgua izan arren. Ohitura batzuk hartzea oso garrantzitsua da, haiek saihestu egingo dutelako ordenatzeko eginkizuna lan gogorra izatea.

Zeintzuk izango lirateke estrategia horiek?
Batetik, planteatu egin behar dugu bizitzan behin behintzat ordena-prozesu sakon bat egin behar dugula: hasieratik bukaeraraino lanketa bat egin behar dugu, eta modu horretan lortuko dugu lehen aipatu ditugun ohitura horiek barneratzea. Bestetik, Mari Kondok gelaka egin beharrean kategoriaka ordenatu behar dela aholkatzen du, hau da, materialen arabera. Berak bost kategoria bereizten ditu: arropa, liburuak, dokumentuak eta "komono" deitzen duena (aurreko kategorietan sartzen ez den guztia: sukaldeko tresneria, komuneko produktuak, dirua, mugikorrak…). Azken kategorian objektu sentimentalak sartzen dira.Bost kategoria horietan banatzen da daukagun guztia. Gelaka egiten dugunean gertatzen da gela batekin amaitzen dugunean beste gela bat desordenatuta dagoela, sarritan objetuak errepikatuta ditugulako. Kategoriaka egiten denean, berriz, ikusten dugu zer daukagun eta zenbat daukagun gauza bakoitzetik, hau da, zenbat liburu dauzkagu etxe guztian? Ikuspegi osoagoa hartzen dugu eta ondorioz, egiten den garbiketa askoz ere sakonagoa da.

Sentimenduekin zerikusi handia du metodoak, ezta?
Metodoak daukan berezitasun bat zoriontsu egiten dizun hori aukeratzen duzula da, eta nire ustez hor dago gakoa. Ez da hainbeste zentratzen botatzean (metodo minimalistak egiten duen bezala); ostera, garrantzitsuena da nola sentiarazten zaituen. Hor ere txip aldaketa bat dago. Normalean oso erraz dakigu esaten zer ez zaigun gustatzen edo zerk ez gaituen betetzen, baina, aitzitik, ez da hain erraza nahi dugun horretan eta pozten gaituen horretan benetan fokoa jartzea. Uste duguna baino sakonagoa da. KonMari metodoa ez da bakarrik kamisetak doblatzen ikastea. Hori bada baina, hortaz aparte, asko dago atzetik, beti ere norberak nahi duen neurrian, jakina.