Sohaib Abida, boxeolaria: “Euskal Herrikoa izanda, oso eredu ona da Kerman Lejarraga”

Sohaib Abida, boxeolaria: “Euskal Herrikoa izanda, oso eredu ona da Kerman Lejarraga”
ETA KITTO 2019, Mar 09

Sohaib Abidak bere boxeo ibilbideko borrokarik garrantzitsuena jokatuko du gaur Soraluzeko kiroldegian 20:00etan. Adur Olaizola izango du aurkari eta, gauzak ondo eginez gero, gertuago edukiko du Sanjuanetan Astelena frontoian egiten den ekitaldian parte hartzeko aukera. Marokoko banderarekin eta SDJ Crew taldearen abesti batekin sartu nahi du ringean.

 

– Zer moduz sentitzen zara gaurko boxeo-ekitaldiaren aurrean?

Ondo, pozik, borrokatzeko gogoz. Txikitatik gustatu izan zait boxeoa eta zita garrantzitsua da niretzat.

– Nolako borroka izango da?

Hiru minutuko hiru round egingo ditugu. Ixa Rodriguez boxeolari profesionalak hartuko du parte ekitaldian eta hainbat borroka egongo dira gureaz gain.

– Adur Odriozola izango da zure etsaia. Ezagutzen duzu?

Bai, nire klasekoa da. Hiru urte daramatza boxeolari moduan entrenatzen eta ona izango dela pentsatzen dut, hiru minutuz bakarrik ikusi dut. Ezkertia da eta horrek abantaila ematen dio. Beraz, arlo hori entrenatzen dihardut, ezkerti baten aurka borrokatzeko. Bera jotzea zailagoa da ezkertia izanik, baina entrenatuz gero ohitu egingo naiz.

– Nolako ibilbidea eduki duzu boxeoaren munduan?

Txikitatik gustatu izan zait boxeoa. Klasean beti genbiltzan borrokan, klaseko indartsuena nor zen jakiteko. Gainera, boxeoko pelikula asko ikusten nituen eta asko gustatzen zitzaizkidan. Gero, boxeoko guanteak lortu genituen eta lagun artean jolasean ibiltzen ginen, baina Inda Team gimnasioaren berri eduki nuen eta apuntatu egin nintzen. Urtebete daramat hor eta ordutik serioago hartu dut boxeoa. Gogor entrenatzen hasi nintzen eta boxeo-ekitaldi batean borrokatzeko aukera daukat orain. Oso pozik nago.

– Horrelako ekitaldi batean aritzea eragingarria da zuretzat?

Kluben arteko ekitaldietan borrokatu dut aurretik, baina ez dute epailerik edukitzen. Boxeoan aritu eta jende berria ezagutzeko saioak izaten dira. Beraz, boxeo-ekitaldi batean borrokatuko dudan lehen aldia izango da. Bihar jende asko joango dela esan didate, Ixa ezaguna delako, eta pixka bat urduri nago.

– Zenbat aldiz entrenatzen duzu astean?

Orain ia egunero. Asteburuan bakarrik entrenatzen dut, baina astelehenetik eguenera arte Asier entrenatzailearekin entrenatzen dut gimnasioan.

– Badaukazu eredurik boxeoaren munduan?

Mohamed Ali, Mike Tyson, Manny Pacquiao eta Kerman Lejarraga. Euskal Herrikoa izanda, oso eredu ona da Kerman.

– Nolako boxeolaria zara?

Bizkorra eta basatia. Gure mailan ez daukagu pisu handirik eta indarra edukitzeak abantaila ematen dizu. Indarra asko entrenatu dut, baina teknika gehiago entrenatu beharko nuke orain. Non jo behar duzun ondo jakin behar da, ezin duzu indarra xahutu etsaiaren guantean jotzeko, adibidez.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »