Unai Altuna, sukaldaria: “Denbora gutxian produktu on bat lortu dezakegu”

Unai Altuna, sukaldaria: “Denbora gutxian produktu on bat lortu dezakegu”
ETA KITTO 2019, Urr 21

Unai Altuna Baratze tabernako sukaldariak ‘Lanera eramateko tuperra’ izeneko ikastaroa eskainiko du azaroaren 5, 7, 12, 14, 19 eta21ean Portaleko sukaldean 18:30etik 20:30era. Altunak errezeta osasuntsuak, originalak, errazak eta azkarrak egiteko aukerak emango ditu. Izen-ematea urriaren 21etik 28ra egin ahal izango da Pegoran.

 

– Zertan datza sukaldaritza ikastaroak?

Ordu biko klasean lehenengo eta bigarren plater bat (eta postrea, ahal bada) prestatzea da nire asmoa. Horretarako denborak ondo finkatuta egon behar dira eta ezin dira oso elaborazio konplikatuak izan. Asmoa da etxean jateko lehen eta bigarren platerak egitea, eta hortik hartzea tuperrak betetzeko errazioak. Ez da janari berezirik egin behar lanera eramateko, etxean eta lanean jaten dutenek gauza bera jango dute guk proposatutakoarekin.

– Nolako jakiak prestatuko dituzue?

Lehen platera saltsarekin prestatzen badugu (pasta, adibidez), bigarrena saltsa gabe egingo dugu (brotxeta bat, esaterako); lehena kuskusa duen entsalada bada, bigarrenak saltsa eramango du. Adibide batzuk jartzearren. Barazki asko erabiliko dugu, produktu freskoak, osasuntsuak, sasoian sasoikoak, baita potajeak ere (baina bi ordutan ez digu denbora askorik emango), eta kontserbaren munduan gehiago murgiltzea nahi dut. Kontserba onak daude, baina kontua ez da ontzia zabaldu eta kontserba tuperrean botatzea. Kipula, piper, txorizo eta tomate apur batekin oinarri gozo bat egin eta gainean kontserba botatzea da kontua. Horrela, denbora gutxian produktu on bat lortu dezakegu.

– Janari guztiak dira aproposak tuperrean eramateko?

Tuperra lanera eramaten badugu, hozkailuan sartu behar dugu bazkalordua heldu arte. Enpresa gehienetan mikrouhin labeak eta hozkailuak dituzte. Produktu freskoak hozkailuan sartzen ez baditugu, arriskutsua izan daiteke.

– Egunero etxean bezala jatea bultzatzen duzue?

Hori da. Behin edo behin etxetik kanpo edozer gauza jaten baduzu, ez da ezer gertatzen; baina ohiko kontua bada, ez da ona.

– Tuperra janari ezberdinekin betetzeko ideiak emango dituzue?

Garrantzitsua da aukera asko edukitzea, ez aspertzeko. Adibidez, patata batekin zenbat gauza egin daitezkeen ikusiko dugu eta gauza bera egingo du beste produktu batzuekin. Garrantzitsua da produktuak berrerabiltzea.

– Janaria etxetik eramanda dirua aurrezten da, ezta?

Noski! Gauza osasuntsuak erabili behar dira, baina janari bat prestatzeko zerbait sobratzen bazaigu, beste zerbait prestatzeko balio ahal digu. Hori ere ikasiko dugu ikastaroan. Produktu naturalarekin kozinatzea, ahal den merkeena izatea, ahal den denbora gutxienean egitea eta janari gozoak prestatzea da nire asmoa da.

– Parte-hartzaileek kozinatuko dute?

Bai, hori nahiko nuke. 15 lagunentzako tokia dago eta izena ematen dutenen kopuruaren arabera ikusiko dugu nola moldatzen garen. Ikastaroan ikusten badute janaria ordu eta erdian prestatzen dutela, etxean berdin egin ahal izango dute.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »