Unax Blanco, dokumentalen zuzendaria: “Migratzaileen gaia tristurarekin tratatzen badugu, hesi gehiago jarriko ditugu”

Unax Blanco, dokumentalen zuzendaria: “Migratzaileen gaia tristurarekin tratatzen badugu, hesi gehiago jarriko ditugu”
2017/11/10 12:26
eta kitto!
‘Refugiados, camino a ninguna parte’ dokumentalaren ostean, ‘ZUK’ proiektua aurkeztu zuen atzo Unax Blancok Bilboko Azkuna zentroan. Migratzaileen gaia modu positiboan tratatu nahi izan dute Asier García eta biok, guztion arteko hesiak bota eta migratzaileak pertsona arrunt bezala ikusteko. Aurrekontu murritzarekin, “boluntariotzaren inguruko dokumentala” osatzen duten lau istorio kontatzen ditu zuzendari eibartarrak.

 

-Errefuxiatuak ahaztu ditugu?

Greziako egoera bai ahaztu dugu, baina ahaztu ezin dugun zerbait da, egoera hura ez delako amaituko. Afrika eta Ekialdeko Hurbil eta Ertaineko hainbat herrialde suntsituta daude, eta jendea Europara etortzen ahaleginduko da goseagatik, aldaketa klimatikoagatik edo bizitza hobeagoa lortzeagatik. Eurentzat Europa ametsa da, eta pertsona oro ahalik eta ondoen bizitzen saiatzen da. Ez bada Turkiatik Greziara, Libiara joango dira eta han betoa dago orain. Europak hango gobernuari ordaintzen dio eta errefuxiatuen zirkulazioa gelditzen ari dira, baina horrek Marokon migratzaileen gorakada egotea suposatu du, baita Turkian ere; astero 500-600 pertsona iristen dira Greziako Lesbos eta Kios uharteetara. Europak ez badu bere jarduteko modua aldatzen, nahiz eta hedabideetatik desagertu eta gure buruan ahaztu, migratzaileen errealitate gordinak hor jarraituko du. Grezian 80.000 migratzaile daude, adibidez.

-Dokumentalaren aurrerakinean azaltzen duzuenez, ordea, inoiz baino jende gehiago dago Giza Eskubideen aldeko borrokan.

Euskal gizartea solidarioa da. Mugimendu sozial handia dago, batez ere Bizkaia inguruan. ‘Ongi etorri errefuxiatuak’ elkarteak jende asko mugitzen du eta indarra dauka. Ekonomikoki laguntzera animatzen da jendea batez ere eta beste irakurketa bat egin dugu hor. Errazagoa egiten zaigu Maltan dagoen GKE bati dirua ematea hemen lanean ari den bati baino. Han eta hemen lagundu beharko genuke. Elkarte asko dago hemen eta agian ez dira hain ikusgarriak. Bestalde, bakarka ere asko lagundu dezakegu. Keinu bat nahikoa da. Adibidez, migratzaileei barrerak jaisten, agurtzen edo normal tratatzen.

-Zein puntutaraino egin dezakegu zerbait kaletarrok?

Ni ez naiz migratzaileak uretatik erreskatatzeko gai, baina bakoitzak bere gaitasuna dauka. Nik istorioak grabatu eta montatzen ditut, hori da nire ekarpena. Beste batek bosgarren pisuan bizilagun beltzari agurtzeko ekarpena egin dezake, adibidez.

-Nola abiatu zenituen ‘Refugiados’ eta ‘ZUK’ proiektuak?

Borja Olabe laguna Kiosera joan zen eta bertan gertatzen ari zena kontatzea demasa izango zela aipatu zidan. Horrela abiatu zen dena. ‘Refugiadosek’-ekin ikusleak lur-jota geratzen ziren. Horrek beheraldia ematen zidan eta Asier Garciarekin zerbait positiboagoa egitea pentsatu genuen, migratzaileak pertsonak direlako eta eurekin enpatizatu behar dugulako. Gaia beti tristura eta dramarekin tratatzen badugu, barrera gehiago jartzen ditugu eta eurekiko distantzia handitzen da. Kalera irteten direla, ondo biziz gero gu bezalakoak direla... erakutsi nahi genuen. Hori zen dokumentalaren helburua, baina horrelako zerbait egiteko aurrekontu eta denbora gehiago behar da, eta gure esku dagoena egin dugu. Boluntariotzaren inguruko dokumentala da ‘ZUK’, baina hasierako ideiari eusten dion lana egitea gustatuko litzaiguke etorkizunean.

-Nolako prozesua jarraitu duzue dokumentala grabatzeko?

Lehenik, ‘Zaporeak’ GKEarekin egon ginen Kiosen eta euren azken otorduaren lekuko izan ginen. Euren bitartez Esther Medina erizaina ezagutu genuen eta, kasualitatez, pisu gehiago hartu du berak dokumentalean. Bera kanpamenduetan sartzen zen eta bere bitartez emakume errefuxiatuak ezagutzeko aukera izan dugu. Biktima bikoitzak dira eurak, euren gizarteetako arazoei errefuxiatuak izatea gehitzen zaielako. Siria eta Irakeko bi emakumerekin berba egin genuen Estherren bitartez. Gero, Gernikako bonbardaketan handik irten ziren errefuxiatu-zutabeak emulatuz ‘Ongi etorri errefuxiatuak’-ek ekintza bat antolatu zuen Muxikatik Gernikara, eta elkartearen inguruan berba egiteko aprobetxatu dugu. Bestetik, Maliko Abdulen zentratzen da hirugarren istorioa. Bost urte daramatza hemen eta modulu bat ikasi zuen, lanean hasi zen, euskara ikasten, CEARen laguntzen, antzerkia egiten... baina asilo eskaera ukatu zion gobernuak. Eredu bat da, jende asko dagoelako antzerako egoeran. Azkenik, ‘Salvamento Maritimo Humanitariorekin’ egon ginen Maltan eta Libiako uretan erreskate bat bizi izan genuen.

 

[video width="960" height="540" mp4="http://etakitto.eus/wp-content/uploads/2017/11/zuk-teaser-web.mp4"][/video]

 

IMG_3671