Urtzi Antxustegi, Garbibox: “Edonor etorri daiteke autoa desinfektatzera eta ez diogu ezer kobratu”

Urtzi Antxustegi, Garbibox: “Edonor etorri daiteke autoa desinfektatzera eta ez diogu ezer kobratu”
ETA KITTO 2020, Mai 22

El Corte Ingleseko parkingean dago Garbibox, P1 pisuan. Autoak goitik behera garbitzen dituzte eta, koronabirusa gure artean dugun honetan, autoak doan desinfektatzen dituzte. Eibartar guztiei ireki dizkie ateak, eta ez dago zertan autoa garbitu desinfektatzeko. 60 egunez itxita egon ondoren, gogo handiz ekin diote ohiko jardunari, eta, autoak garbi uzteaz gain, elkartasun-mezua helarazi nahi diote gizarteari. Txanda hartzeko hitzordua hartu behar da 688 64 98 37 telefonora deituta.

 

Geldirik egon ondoren, berriz ekingo diozue autoak garbitzeko zerbitzuari. Gogotsu?

Bai. Azken finean, denbora asko egon gara geldirik eta gogorra da berriz hastea. Gainera, oraindik askok ez dakite zabalik gaudela.

 

Zein neurri hartu dituzue egoera berriak eskatzen dituen baldintza berezietara egokitzeko?

Likido berriak ekarri ditugu autoak desinfektatzeko. Hasieran esaten zuten ozonoak desinfektatzeko balio izan zezakeela, baina arriskutsua dela konturatu gara. Auto barruko tubo guztiak eta aire egokitua desinfektatzen dugu, denbora guztian autoa martxan lagata.

 

Neurri bereziak hartzea oztopo da zuen lanarentzat?

Lehen auto bat garbitzen ematen genuen denbora baino ordu erdi gehiago behar dugu orain. Prezio berean, denbora gehiago eskaintzen diogu garbiketari. Hala ere, autoen desinfekzioa bezero guztiei eskaintzen diegun zerbitzua da, euren segurtasunarengatik eta geureagatik, egoera honen aurrean guztion artean zaindu behar dugulako elkar.

 

Lan egiteko orduan nolako neurriak hartzen dituzue?

Bezeroen eta geure arteko distantzia errespetatzen dugu denbora guztian. Adibidez, bezeroen autoen giltzak hartzeko, autoaren kapotaren edo mahaiaren gainean jartzeko eskatzen diegu. Gero, ezer egin aurretik, bolantea, abiadura-kaxa eta eskulekuak desinfektatzen ditugu.

 

Oztopoak oztopo, lanera bueltatu zarete. Nola moldatu zarete itxita egon den bitartean?

60 egun inguru egon da itxita eta oso arraroa izan da. El Corte Inglesa itxita egon denez, ezin izan dugu zerbitzurik eskaini, nahiz eta guk, berez, lan egin ahal genuen. Hala ere, lagun batek bere garajea utzi digu bezero batzuei zerbitzua emateko. Normalean baino askoz ere auto gutxiago izan dira, baina lan pixka bat egiteko aukera izan dugu, eta eskerrak eman behar dizkiegu bezeroei.

 

Galerarik izan duzue egoera horretan?

ABEEE ireki behar izan dugu eta langileak urduri daude lanerako itzulera nolakoa izango den jakin nahian.

 

Garbitasun-neurri zorrotzak hartu behar dira orain. Autoak garbitzeko eskaera igo egin da?

Astelehenean hasiko gara topera eta orduan ikusiko dugu ea garbitasunaren kontuagatik eskaera igotzen den. Azken finean, autoan jende ezberdina badabil, garrantzitsua da autoa desinfektatzea. Edonor etorri daiteke autoa desinfektatzera eta ez diogu ezer kobratuko. Kontu hau ez dugu negozio moduan ikusten. Berdin dio gero autoa garbitzen ez badu. Gure artean elkar zaindu behar dugula uste dugu eta neurri honekin laguntza eskaini ahal badugu, primeran.

 

Bestela, nolako zerbitzuak eskaintzen dituzue?

Autoak barrutik eta kanpotik garbitzen ditugu, goitik behera.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »