Vanesa Larrabide (Eibarko Udaleko Ingurumen teknikaria): “Zortzi tailer antolatu ditugu, hondakinak murrizten ikasteko”

Vanesa Larrabide (Eibarko Udaleko Ingurumen teknikaria): “Zortzi tailer antolatu ditugu, hondakinak murrizten ikasteko”
2021/11/12 eta kitto!
Eibarko Udaleko Ingurumen Sailak, Egoaiziarekin eta herriko hainbat establezimendurekin batera, berrerabilpena eta birziklapena sustatzeko tailerrak antolatu ditu Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearen barruan. Plazak mugatuak dira eta ezinbestekoa da izena ematea azaroaren 14a baino lehen udal webgunean dagoen formularioaren bidez. “Berrerabili eta berrasmatu” izenburupean, materialen eta objektuen bizitza luzatzen ikasteko aukera izango dugu herritarrok. Ekimen berria da Eibarren, eta helburua hodakinak prebenitzea da. Izan ere, zaborrik onena sortzen ez dena delako.

Sortzen ditugun hondakinen kopurua nola murriztu daitekeen ikasteko hainbat tailer antolatu dituzue Eibarren datozen egunotarako. Nola sortu da ekimena?
Prestatu ditugun zortzi tailerren bidez, etxean edo inguruan ditugun objektu eta materialei beste erabilera bat ematen ikasiko dugu. Bartzelonan badago herritarrentzako horrelako tailerrak antolatzen dituen plataforma bat eta beti izan dut ideia hori buruan. Egoaiziako Lierni Fernandezekin batera, gai honen inguruko ideiak mahai gainean jartzen eta aztertzen hasi ginen; dakizuenez, kontsumo arduratsuaren inguruan lan egiten dute Egoaizian. Eibarko hainbat establezimendutan horrelako ikastaroak ematen dituztela bagenekien eta Egoaiziak lagundu digu eurekin harremanetan jartzen eta zer nahi dugun adosten. Birziklapena sustatzeaz gain, uste dugu oso garrantzitsua dela hondakinak prebenitzea eta, azken batean, hori da hondakinak berrerabiltzearen ondorio bat.

Materialen bizitza luzatzen erakutsiko da tailer horietan. Gutako bakoitzak zertan lagundu dezake etxean ditugun objektuak konpontzen eta berrerabiltzen baditugu?
Aspaldi genituen ohituretara bueltatzea inportantea da: objektuen bizitza gehiago luzatu daiteke konpontzen edo transformatzen baditugu. Kontsumoaren gizartean bizi gara eta gure txipa aldatzea ezinbestekoa da. Guztiok egiten badugu saiakera hori, hau da, berrerabilpena eta konponketa bezalako kontzeptuak benetan barneratzen baditugu, lortuko dugu indibidualki gure hondakinak murriztea.

Era askotako objektu eta materialekin lan egingo da tailerrotan: altzariak, dekorazio-objektuak, arropak, elikadura-hondakinak... Nola espero duzu herritarrek erantzutea?
Ekimen berria da, eta jendeak nola erantzuten duen ikusteko irrikitan gaude. Uste dugu ekimen polita eta erakargarria dela eta, herritarren interesekoa baldin bada, programazio luzeagoa egiteko aukera aztertuko dugu. Antolatutako tailerretatik hiru Hondakinak Prebenitzeko Astean finkatuta daude, baina gero abenduaren 16ra arte jarraituko dute. Eta abenduaren 18an egingo dugun bigarren eskuko azokarekin amaituko dugu.

Eibarko hainbat lekutan emango dira tailerrak…
Lehenengoa azaroaren 20an izango da, El Taller de Manualidades-en, eta bertan altzariak, lanparak eta horrelako objektuak zaharberritzen ikasiko dugu. Ondoren, Eskusutxon egingo den beste tailer batean, material birziklatuekin dekorazio-objektuak, osagarriak eta bestelako jantziak egingo ditugu. Bestalde, elikadura-hondakinetatik sortutako tindu naturalen bidez gure arropa berritzen ikasiko dugu Portalean. Ondorengo saioetan, alde batetik aulkiak edo altzari txikiak tapizatzen jardungo dugu El Taller de Manualidades-en eta, bestalde, erabiltzen ez dugun arropari beste erabilpen bat nola eman ikasteko aukera izango dugu Harixan-en. Tailer gehienak 18 urtetik gorakoentzat badira ere, umeei zuzendutako bat antolatu dugu Zorionak ludotekan, garrantzitsua iruditzen baitzaigu gai hauek haurrekin ere lantzea. Material birzkilatua erabiliz, txerritxoak egingo ditugu plastikozko botilekin, kortxoekin, oihalekin…

Elikadura ez duzue ahaztu, eta sukaldaritzarekin lotutako tailerra ere egongo da Farmacook nutrizio eskolan…
Askotan barazki-hondarrak soberan izaten ditugu eta ez dugu jakiten horiekin zer egin. Errezeta berriak, osasungarriak eta oso gozoak sortuko ditugu, aprobetxatzen ez dakigun horrekin.

Amaitzeko, gure bizikleten bizitza luzatzen ikasteko aukera izango dugu abenduaren 16rako antolatutako tailerrean.
Debabarreneko Txirrindulari Elkarteak lagundu digu tailer hori antolatzen; eurei esker bizikletaren oinarrizko mantentze-lanak eta konponketa arruntak egiten ikasiko dugu, besteak beste. Mugikortasun Astean eurak izaten dira jendeak eramaten dituen bizikletak eta materialak konpontzen dituztenak. Oraingoan, aldiz, tailerrean jendeari erakutsi egingo diote konponketak egiten.

Ingurumen sailetik antolatu dituzuen beste ekimenetan, bigarren eskuko bizikleten azokan, esaterako, nolakoa izan da herritarren erantzuna?
Bigarren eskuko bizikleten merkatua antolatzen hasi ginenean, ez genekien nolako harrera izango zuen, eta esan beharra dago hasieratik oso arrakastatsua izan dela. Azken edizioan %50 saldu da eta hori asko da. Oso pozik gaude, Eibarren potentziala dagoela ikusten delako. 2019an, Gabonak inguruan, bigarren eskuko azoka antolatu genuen, eta oso ondo joan zen hura ere. Iaz, COVID-19a zela eta, ezin izan genuen antolatu, baina aurten abenduaren 18an berriro antolatuko dugu.

Birziklatu bai, baina hondakinak murriztu ere bai. Hori litzateke leloa?
Debabarreneko Mankomunitateko ordezkariekin eta talde politikoekin batera hondakinak kudeatzeko sortutako mahaian argi ikusten dugu gero eta gehiago birziklatzen dela, tendentzia positibo bat dagoela. Astiro-astiro hobetzen doa, nahiz eta oraindik hobetzeko gauza asko egon gaikako sailkapenari dagokionean. Aldi berean, sortzen ditugun hondakinen kantitatea gero eta handiagoa da, eta horri aurre egin behar zaio. Orain dela lau urte egiten dugun Hondakinak Prebenitzeko Europako Astean horien birziklapenean eta gaikako sailkapenean zerikusia daukaten jardueretan zentratu gara. Tailer horien bidez, ez dugu soilik birziklatzera jo nahi: argi daukagu birziklatu egin behar dugula, baina, horrez gain, gure helburu nagusia ahalik eta hondakin gutxien sortzea izan behar da.

 

“BERRERABILI ETA BERRASMATU” tailerrak

Ikasi zure altzariak, lanparak eta beste objektu batzuk zaharberritzen.
Lekua: Bidebarrieta 44, Eibar (El Taller de Manualidades). Eguna eta ordua: Azaroak 20 eta 27, 11:00-14:00. Hizkuntza: Gaztelania. Ekarri beharreko materiala: Zaharberritu/berreskuratu nahi den altzaria edo objektua.
Material birziklatuekin dekorazio-objektuak, osagarriak eta bestelako jantziak sortu.
Lekua: Estaziño 16 - beha 2, Eibar (Eskusutxo) Eguna eta ordua: Azaroak 24, 18:00-20:00. Hizkuntza: Elebietan. Ekarri beharreko materiala: Bi arropa, bat botoiduna eta bestea zaharra birziklatzeko, plastikozko botila bat eta metalezko kontserba-pote handi bat.
Berritu zure arropa elikadura-hondakinetatik sortutako tindu naturalaren bidez.
Lekua: Portalea (A Tailerra) – Bista-Eder 10, Eibar (Ardilanak). Eguna eta ordua: Azaroak 25, 18:00-20:00. Hizkuntza: Euskara. Ekarri beharreko materiala: Kotoizko kamiseta zaharra.
Ikasi tapizatzen: zaharretik berrira.
Lekua: Bidebarrieta 44, Eibar (El Taller de Manualidades). Eguna eta ordua: Abenduak 1, 18:00-20:00. Hizkuntza: Gaztelania. Ekarri beharreko materiala: Aulkia, altzari txikia edo tapizatu nahi den kutxa.
Birziklatu zure jantziak osagarriak egiteko.
Lekua: San Agustin 2, Behea, Eibar (Harixan). Eguna eta ordua: Abenduak 4, bi txanda: 16:00-18:00 eta 18:00-20:00. Hizkuntza: Elebietan. Ekarri beharreko materiala: Arropa zaharra, hondatua.. Hizkuntza: Gaztelania.
Txerritxo birziklatuak, sortu zure jostailuak!
Lekua: Urkizu pasealekua 3, Eibar (Zorionak Ludoteka). Eguna eta ordua: Abenduak 11, bi txanda:  11:00 – 12.00 eta 12:15 – 13:15. Adina: 4 -10 urte. Hizkuntza: Euskara.
Zure elikagaiak hobeto aprobetxatzeko barazki-errezetak.
Lekua: Ego-Gain 16, Eibar (Farmacook Nutrizio Eskola). Eguna eta ordua: Abenduak 15, 18:00-20:00. Hizkuntza: Euskara.
Zure bizikleta konpontzen ikasteko oinarrizko mekanika.
Lekua: Errebal Plazia, Eibar. Eguna eta ordua: Abenduak 16, 17:30-19:30. Hizkuntza: Elebietan
Ekarri beharreko materiala: Bizikleta.