Vanesa Torre, dendaria: “Herrian erosiz guztiok irabazten dugula jakin behar du jendeak”

Vanesa Torre, dendaria: “Herrian erosiz guztiok irabazten dugula jakin behar du jendeak”
2020/04/27 eta kitto!
Vanessa Torre Eibarko Dendarien Elkarteko presidentea eta Estaziño kaleko ’Burbujas y mas’ dendaren jabea da. Koronabirusak eragindako egoeraren aurrean herriko dendariak beldurtuta eta triste daudela dio, baina egoerari aurre egin eta aurrera begiratzeko gogoz.

 

Koronabirusaren krisiak nola eragin die Eibarko dendei?

Koronabirusak herriko den-da guztiei eragin die, baina arazoak lehenago hasi ziren. Hain zuzen ere, Zaldibarko zabortegian izandako sutearen ondorioz otsailaren 14an airearen kalitatea txarra esan zutenean. Orain errematea etorri da. Herriko denden eta ostalaritzaren egoera delikatua da. Beldurra eta tristura sentitzen dugu. Denda batzuek ez dituzte ateak berriz irekiko eta beste batzuk hala nola itzuliko dira. Zenbat eta denbora gehiago pasatu, orduan eta aukera gehiago dago kalteak handiagoak izateko. Gure osasuna da garrantzitsuena, edozein gau-zaren gainetik, baina momenturen batean osasun-arazoen eta arazo ekonomikoen arteko oreka bilatu beharko da.

Hasierako egoerarekin alderatuz segurtasun neurri gehiago eskura ditugunez, dendak berriz zabaltzea aurreikusten duzue?

Maiatzean dendak berriz zabaltzeko esperantza dugu. Denden irekiera mailaka egingo dela dakigu, baina gure nahia ahalik eta azkarren zabaltzea da. Izan ere, orain ez dugu irabazirik, baina gastuak bai, eta ez dakit nola aguantatuko dugun dendak zabaldu gabe.

535UEU-Irakaskuntza-Master-Baner-300x3001

Nolako mezua igorri dizue Udalak?

Udala oso arduratuta dago, Eibar zerbitzu-hiria delako. Herrian 370 establezimendu komertzial daude eta 300 itxita daude orain. Bestetik, 155 ostalaritza establezimendu ditugu, guztiak itxita. Udalarekin lankidetzan gaude herriko dendari eta tabernariei laguntzeko programak lantzeko, baina poliki goaz, arlo burokratikoak prozesu bat jarraitu behar duelako. Hala ere, Udalak Dendarien Elkarteak ekintza komertzialak egiteko aurrekontua bikoiztu zuen, eta baita ‘Umeak Eskolara’ eta ‘Dirulaguntzak Ikasleei’ programen aurrekontua ere.

Aurrera begira jarrita, kanpaina konkreturik pentsatu duzue?

Erosketa ohituretan aldaketa handiak izan dituen munduan bizi ginen dagoeneko eta orain eszenatoki ezberdin baten aurrean gaude. Hasteko, nola eta zein egoeratan itzuliko garen jakin behar dugu. Eta gero, herriko merkataritza sustatzeko kanpainak jarriko ditugu martxan. Herrian erosiz guztiok irabazten dugula jakin behar du jendeak eta kontzientzia hori zabaldu behar dugu. Bestetik, dendariok beste zerbitzu mota batzuk eman beharko ditugu agian (etxez etxeko salmenta, adibidez).