Euskadi alarma-egoeraren hirugarren mailara igarotzear

Euskadi alarma-egoeraren hirugarren mailara igarotzear
ETA KITTO 2021, Ots 23

Euskadi alerta-maila jaistetik gertu dago, eta horrek murrizketak malgutzea ekarriko luke. Kutsatzeen kopuruak beheraka jarraitzen badu, datozen egunetan hirugarren mailara igaro daitezke Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa. Hala bada, mugikortasun askea baimendu dezakete EAEn.

Azken orduetan 303 kasu positibo detektatu dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan, atzo baino 34 gutxiago, hain zuzen. Azken 14 egunetako intzidentzia-tasa metatuta beheraka egiten ari da: ostiralean 364,23 kasu antzeman zituzten 100.000 biztanleko eta igandean 336,36. Pandemiaren bilakaerak beheraka jarraituz gero, intzidentzia-tasa metatua 100.000 biztanleko 300 kasuko langatik jaitsiko da datozen egunetan.

Eusko Jaurlaritzaren Biziberri III Planaren arabera, hori lortzen denean, alarma-egoeran laugarren mailatik hirugarrenera igaroko dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa eta, besteak beste, konfinamendu perimetrala amaituko litzateke, EAE barruan zirkulazio librea berriro baimenduta.

Gainera, EAEtik ateratzeko debekua bertan behera uztea ere aztertuko lukete. Horrez gain, taldean elkartu daitezkeen pertsonen kopurua 4tik 6ra handitzea aurreikusten du Jaurlaritzaren planak.

Edonola ere, neurri berriak ez dira berehala sartuko indarrean. Azken erabakia LABIren aholku batzordeari dagokio eta hurrengo bilera martxoaren 5erako deitu dute. Ordura arte, beraz, ez da aldaketarik espero.

Argazkia: El Mundo

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »