Enpresa, elkarte eta entitateei ariguneak sortzeko deia egin die Euskaraldiak

Enpresa, elkarte eta entitateei ariguneak sortzeko deia egin die Euskaraldiak
2020/06/17 eta kitto!
Atzo Donostian izandako prentsaurrekoan  Euskaraldiaren bigarren edizioan ariguneak antolatzen ari diren entitateen izen-ematearen martxaren berri eman zute. 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo den Euskaraldiaren bigarren edizioaren berrikuntza nabarmenetakoa da ariguneena, era guztietako erakunde, enpresa eta elkarteetan sortzen diren euskara erabiltzeko gune babestuena.  Izan ere, lehen edizioan hiztunen arteko harremanetan oinarritutako ariketa sozialari talde babestuetan egiten den ariketa gehitu zaio aurten.
Agerraldian deia egin zaie Euskal Herri osoko elkarte, enpresa, komertzio, erakunde eta bestelako entitateei, euskaraz aritzeko aukera egongo den guneak sortu ditzaketen aztertu, ariguneak osatu, saretu eta gune horiek babestu ditzaten. Jadanik sektore, tamaina eta izaera oso ezberdinetako erakundeak ekimenarekin bat egin dutela eta euskaraz aritzeko guneen mapa zabala osatzen ari dela azpimarratu dute antolatzaileek. Ehunka zentrotan milaka arigune sortuta eta izena emanda daudela jadanik azaldu dute.

Ariguneak sortu eta entitateek izena emateko epea irailaren 27rarte irekita egongo dela azaldu da prentsaurrekoan. Ariguneak osatzen hasi diren hiru erakundeetako ordezkariak eta Euskaraldiaren antolaketan eta koordinazioan ari diren beste hainbeste entitatetakoak bildu ziren atzo, ekainak 16, Donostiako Tabakaleran izandako ekitaldian. Xabier Iturbe Euskalteleko presidentea,  Leire Okarantza Fagor Taldeko Gestio Sozialeko arduraduna, Jabier Otermin Super Amara Bera Bera kirol klubeko komunikazio arduraduna, Estibalitz Alkorta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Euskara Sustatzeko zuzendaria, Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako zuzendari nagusia, Edurne Otamendi Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuko burua, Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topagunearen presidentea eta Euskaraldiko koordinatzaile Arrate Illaro izan ziren atzoko agerraldian.

EUSKARALDIAren bigarren edizioaz jakin beharrekoa
Noiz: 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo da, 15 egunez
Non: Euskal Herri osoan
Leloa: Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan
Helburu nagusia: Euskararen erabilera areagotzea hiztunen hizkuntza ohituratan eraginez eta euskaraz aritzeko guneak zabaldu eta areagotuz
Koordinazio mahaia: Euskaltzaleen Topagunea, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Euskararen Erakunde Publikoa eta Euskal Hirigune Elkargoa.
Webgunea: https://euskaraldia.eus

Zenbait kontzeptu:
Ahobizi: Euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egiten dut uneoro. Kideek euskaraz ulertzen ote duten ez dakidanean lehen hitzak, beti, euskaraz egiten ditut; euskaraz ulertzen badute, euskaraz jarraitzen dut. Batzuetan zaila izan arren, elkarrizketa elebidunetan ere euskarari eusten diot kideek ulertzen dutenean.
Belarriprest: Nire gaitasun eta aukeren arabera erabakitzen dut euskaraz noiz eta norekin egin. Beti ez dut euskaraz egingo ulertzen duten guztiekin, baina euskara dakitenek niri uneoro euskaraz hitz egitea nahi dut; eta horixe eskatzen diet modu esplizituan.
Arigunea: entitate barruan euskaraz aritzeko guneak dira; euskaraz hitz egiteko aukera bermatzen dute uneoro, izan entitate barruan edo izan entitateak herritarrekin duen harremanean. Talde hauetako kideek ahobizi eta belarriprest modura jardungo dute Euskaraldiak iraungo duen 15 egunetan, baina ariketa modu kolektiboan gauzatuko dute ariguneetan.