IñakI Iurrebaso (soziologoa): “Asko edo gutxi erabiltzen ote da euskara dagoen ezagutza-mailarako?”

IñakI Iurrebaso (soziologoa): “Asko edo gutxi erabiltzen ote da euskara dagoen ezagutza-mailarako?”
2022/03/17 eta kitto!
"Euskara asko erabiltzen da dagoen ezagutza-mailarako". Horrela  eman zion hasiera bere hitzaldiari Iñaki Iurrebaso irakasle eta ikerlariak. Iurrebaso aditua da demolinguistikan, hizkuntzen portaerak neurtzen dituen disziplinan, hain zuzen ere. Esan zuenez, "hizkuntza baten gaitasuna beti dago erabileraren gainetik. Beraz, alderaketa-molde horrek ez du balio ezagutza eta erabilera-maila aztertzeko".

Aztertutako datuen arabera, badirudi gaur egungo euskararen erabilera-maila hiztunek daukaten hizkuntza gaitasunaren gainetik dagoela."Ondorio horretara iritsi gara erabilera-datuak eta gaitasun-datuak alderagarritasun irizpideekin landu eta euren artean zuzenenan alderatuta. Eta ondorio berera iritsi gara, halaber, hizkuntza-gaitasunaren araberako hiztun-multzoek egiten duten erabilera aztertuta", esan zuen.

Ikuspegi berri horrek orain arte euskaldunok geure buruaz izan dugun ikuspegia errotik aldatzen du (gaitasunean indartsu, erabileran ahul deitu dugun hori), "askotan uste izan dugunaren kontra, erabilera-maila ez baitago gaitasun-mailak eska zezakeenaren azpitik, horren gainetik baino".

Iurrebasok esan zuen hizkuntza-gaitasunari buruzko datu berrituek baieztatu egiten dutela euskarak bizi duen gutxiagotze egoera larria. Datuek gordin azaleratzen dute, bere ustetan, "gaitasunean ere euskara izugarri ahul dagoela Euskal Herrian erdaren aldean. Hiztunen %7,4ri bakarrik zaio errazago euskaraz hitz egitea erdaraz baino, eta aldiz, erdaraz errazago moldatzen direnak %84,6 dira. "Gure hizkuntza-komunitatea gaixorik dago" bere ustez.

Bestetik, ordea, hizkuntza-gaitasunari buruzko datu berritu hauek eta erabilera-datuak harremanetan jartzen baditugu, eta dagoen gaitasun-mailarako erabilera handia dela onartzen badugu, zeharkako ondorio pozgarri batera iritsiko gara bere ustetan: "Euskaldungoa leiala da bere hizkuntzarekiko".

Laburki esanda, Iñakik azaldu zuenez, "hizkuntza-gaitasunari dagokionez, euskara oso ahul dago erdaren aurrean, euskarazko nagusitasuna duten hiztunak oso gutxi dira gaur egun".
Bestalde, erabilera-maila horren gainetik dago nabarmen (logika instrumentalari jarraituta egokituko litzaiokeena baino gehiago erabiltzen da euskara).
Azkenik, euskararekiko jarrera eta motibazioa litzateke hiru ardatzen artean mailarik gorenean genukeena.