Euskaraldiaren 5. eguna da gaur eta Johnen testigantzatik zer ikasi badaukagu: inguruko edo ezezagunekiko sortzen ditugun hizkuntza aurreiritziak alde batera uzteko baliatu dezakegu Euskaraldia. Lehen hitza beti euskaraz eginez jakin dezakegu aurrean dugunak ulertzen digun edo ez eta, horretarako, lagungarria izango zaigu gure buruarekin ditugun beldur eta zalantzak alde batera lagatzea. Eta, gogoratu, erabiltzen den euskara dela euskararik onena!
Azaroaren 20an abiatu zen Euskaraldia eta, ariketa sozialerako prestatzeko, euskaraldia.eus web orrian Ahobizi zein Belarriprest rola hobeto betetzeko aholkuak bildu dituzte, Prestakuntza Pilulak atalean. Horrez gain, Ahobizi eta Belarriprest izatea aukeratu duten hainbat lagunen lekukotasunak ikus daitezke Euskaraldiaren YouTubeko kanalean.