Aratosteei errepasoa otsaileko Txikitto aldizkarian

Aratosteei errepasoa otsaileko Txikitto aldizkarian
2023/02/27 eta kitto!
Otsaileko Txikitto hilabetekaria banatuko da aste honetan Eibarko eskoletan LH-ko ikasle guztien artean (hemen daukazu PDF formatoan). Ale honetan Aratosteak dira protagonista. Herriko zazpi ikastetxeetako argazkiak azaltzeaz gain, kaldereoen irudiak eta play-back lehiaketakoak ere ikus daitezke.

Ikasleekin berriketan atalean, Euskal Herriko klima eta eguraldia aztertzen jardun dute Iturburuko 5. mailako ikasleek. Bertan elkartu dugu zortzikotea, ikastetxeko paraje ederrean, eguraldi zoragarriak lagunduta, eta han azaldu digute ikasitako guztia. Hemen daukazue eurekin egin dugun bideoa.

GURE AITXITA-AMAMAK EZAGUTZEN atalean, Venezuela atzean lagata, 2021eko abenduaren 9an ailegatu ziren Eibarrera Betsy eta Jose Antonio eta Sebastian amama-bilobak. Urtebete pasatxo honetan primeran integratu dira hirurak bizimodu berrira. Elkarrizketa gazteleraz egin arren, Betsyk ahalegina egiten dihardu euskara ikasteko, eta, tarteka, irten zaio berbaren bat euskaraz. Arrateko Andra Mari eskolan elkartu ditugu biak, bertan ari da ikasten-eta Jose Antonio.

Hori guztiaz gain, aurrekoetan bezala, ikastetxeetako berriak, ikasleek egindako denborapasak, txisteak eta ipuina eta beste hainbat atal aurkituko dituzue.

Txikitto! aldizkariko ale hau eta aurreko guztiak etakitto.eus-eko mediatekan dituzue eskuragai. Bideo guztiak lotura honetan: https://etakitto.eus/mediateka/bideoak

Txikitto! aldizkaria irakurketa eta idazketa-trebetasunak lantzeko aldizkaria izateaz gain, ikastetxe-guraso-ikasle/seme-alaben arteko harremanak euskaraz izan eta ondo pasatzeko aukera ematen digun euskarri ezinhobea da. Ikasle eibartar guztiek HILERO eta DOAN ikastetxean bertan jasotzen dute aldizkaria.

Egitasmoa, partehartzaile eta irekia da: ikasle, irakasle eta gurasoen arteko elkarlanean oinarrituta dago.