Eduardo Apodaka, Joseba Gabilondo eta Mitxelko Urangaren proiektuak jaso du filosofiari eskainitako Juan San Martin Beka

0    Euskara 
ETA KITTO ETA KITTO
Eduardo Apodaka, Joseba Gabilondo eta Mitxelko Urangaren proiektuak jaso du filosofiari eskainitako Juan San Martin Beka
ETA KITTO 2021, Abe 03

“Globalizazioaren ondorenaz: apokalipsia, egia-ostea eta subjektuaren autonomia” izenburuko proiektuari esleitu diote XV. Juan San Martin Beka, gaur goizean udaletxean egin den prentsaurrekoan jakitera eman dutenez. 2021eko deialdian bekaren bitartez landuko den arloa Filosofia izango da eta deialdi honetan 9 proiektu aurkeztu dira, “horietako bost oso kalitate onekoak”. Proiektu irabazleak hiru egile dauzka oraingoan: ikerketa-lana zuzenduko duen Eduardo Apodaka, Joseba Gabilondo eta Mitxelko Uranga. Apodakaren berbetan, “arkitektura bereziko lana” egingo dute, “bakoitzak bere gogoeta eta ideiekin, baina talde-lanean”. Ikerketaren emaitza hiru liburu izango direla ere esan dute, bakoitza arlo baten ingurukoa, baina era berean elkarren artean osagarriak eta lotuak.

Izan ere, proiektu honen bidez globalizazio ostearen hiru alderdi esanguratsuenak jorratu, landu eta hausnartu nahi dituzte, filosofiaren hiru alor desberdinetatik (filosofiaren historia, subjektuaren filosofia eta epistemologia) abiatuta. Gai korapilatsuak eta oinarri zein garapen maila jasokoak izanda ere, interesik izan lezakeen edonork irakur ditzakeen saiakerak izango direla uste dute irabazleek, “gaiak gaurkotasun handia dauka eta”.

Kepa Sarasola UEU-ko zuzendari nagusiak irabazleak zoriondu eta lanari ekiteko animoak eman dizkie. Izan ere, 2001. urteaz geroztik Udalarekin elkarlanean kaleratzen den bekari esker 11 ikerketa-lan amaitu eta horietatik 7 argitaratu direla ekarri nahi izan du gogora. Argitaratutako lan guztiak Eibarko Juan San Martin Udal liburutegian daude eskuragarri.

Jon Iraola alkateak esan duenez, Udalarentzat garrantzitsua da euskararen normalizaziorako euskarazko ikerketa bultzatzea eta horregatik kaleratzen du 2001. urtetik Juan San Martin Beka: “Bekaren helburu nagusia euskarazko ikerketa sustatzea da, baina bereziki Juan San Martin ikerlari eibartarrak bere bizitzan zehar landu zituen gaien gaineko ikerketa lanak bultzatzea eta horrela Juanito omentzea”.

Aurtengoa argitaratzen den 15. deialdia da. Aurreko urteetan beste 81 lagun aurkeztu dira deialdiotara. Beka 9.000 eurokoa da eta sari hori 12 lagunek jaso dute. Bi deialditan gelditu dira bekak esleitu gabe: 2008an, epaimahaiak nahikoa mailarik ez zuelako ikusi proposamenetan; eta 2017an, eskaerek ez zituztelako beka eskatzeko baldintzak betetzen.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »