Eibarko Udalak ere eman du izena Euskaraldian entitate gisa

Eibarko Udalak ere eman du izena Euskaraldian entitate gisa
2020/09/30 eta kitto!
Eibarko Udalbatzak bat egingo du Euskal Herri osoan 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra bideratuko den Euskaraldiarekin eta ekimenaren sustatzaile ere izango da. Horretarako, Udalak, entitate gisa, Euskaraldian eman du izena, “horretarako ariguneak identifikatuz eta bultzatuz”. Horrekin batera, udala osatzen duten pertsonei, herritarrei eta herriko eragileei ahobizi eta belarriprest izatera eta ariguneetan parte hartzera deitu dituzte. Hala adierazi zuten asteleheneko Udal Batzarrean irakurritako "Euskaraldiaren bigarren edizioa udalean eta udalerrian sustatzeko erakunde adierazpenean". Bertan jasotzen denaren arabera, “ordezkari politikoon egiteko nagusia izango da Euskaraldiaren markoan eta bereziki Udalean eta Udalaren ardurapeko entitateetan ekimena zabaltzea. Horrenbestez, ekimen honetan ahalik eta arigune gehien, eta ahobizi eta belarriprest gehien aktibatzeko urratsak emango ditugu, arduradun politikoak izan nahiz langileak izan”. Gainera, Eibarko Udalak neurriak hartuko ditu “hizkuntza-praktika horiek posible izan daitezen eta praktika horiei etorkizunean eutsi ahal izateko”.