Errenta aitorpena, gure erara: 2023an 100.000 lagun fisikok errenta aitorpena euskaraz egitea da helburua

0    Euskara 
ETA KITTO ETA KITTO
Errenta aitorpena, gure erara: 2023an 100.000 lagun fisikok errenta aitorpena euskaraz egitea da helburua
ETA KITTO 2021, Api 13

Martxoaren 30az geroztik Gipuzkoako herritar batzuek errenta aitorpenaren autolikidazio proposamena jaso ondoren, apirilaren 12an zabalduko da proposamena onartzeko epea. Aukera hori jaso ezean, hilaren 16tik aurrera errenta mekanizaturako hitzordua eskatzeko epea irekiko da. Eta bestela, Internet bitartez egin daiteke ZergaBidea gunearen bidez.

Ohikoa da txanda hartu behar izatea errenta aitorpena egiteko, baina pandemiak eragindako egoerak mugatu egin du toki itxietako aforoa eta, ondorioz, indarra hartu dute izapideak Internet bitartez egiteko aukerek. Batzuentzat arrotzak izan daitezkeen prozesuak errazteko asmoz, gipuzkoa.eus/eu/web/ogasuna webgunean argibideak aurkitu daitezke.

Euskaraz gero eta gehiago
Ikusi daitekeen moduan, errenta aitorpena egiteko ardura duten herritarrek aukera ezberdinak izango dituzte kontuak egiteko, baita hizkuntza aukeratzerako ere. Herritarren gehiengoak gazteleraz egitea aukeratzen du, baina euskararen aldeko hautua egiten dutenen kopurua gora doa eta azken urteetan erakundeek abiatutako kanpaina da arrazoietako bat.

Orain dela urte batzuk Ogasunarekin euskaraz aritzeko ekimena jarri zuten eta, azken hiru urteotako zenbakiei begiratuz gero, erantzun positiboa izan duela esan daiteke. Eibarren egindako errenta aitorpenei dagokienez, 2017an 14.195 aitorpen egin ziren eta horietako 1.280 euskaraz (hau da, %9,02); 2018an 14.234 aitorpen eta horietako 1.402 euskaraz (%9,85); eta 2019an 14.158 egin ziren, 1.441 euskaraz (%10,18).

2023an 100.000 euskaraz
Gipuzkoako Foru Ogasunak bere webgunean dioenez, “2020an Gipuzkoan 80.519 herritarrek euskara aukeratu dute Aldundiko Ogasun eta Finantza Departamentuarekiko harremanetan. 2023ari begira, aldiz, Ogasunaren helburua da 100.000 pertsona fisikok aukera hori egitera iristea. Helburu hori lortzea gizarteak hizkuntza berdintasunaren alde egindako ahaleginaren sari bat litzateke”.

Oso erraza da errenta aitorpena euskaraz egitea aukeratzea eta horretarako hainbat bide daude. Horrela egin dezakezu: autolikidazio proposamena telefonoz edo Internetez onartzean euskaraz egin nahi duzula adieraziz; errenta mekanizatuaren bulegoan laguntzen dizun langileari adieraziz; Foru Ogasunaren Zergabidea plataforman, errenta aitorpena euskaraz aurkeztuz, aukera bidaltzean zure aukera adierazita; edo aitorpena egiteko gestoria bat erabiltzen baduzu, errenta aitorpena euskaraz eginez eta Ogasunarekin eta Aldundiarekin dituzun harremanetan euskara aukeratuz.

Errenta aitorpenetik aparte, ogasunarekin dugun harremana euskaraz egiteko, bide bi ditugu. Batetik, harremana Internet bitartez egiten denean, Gipuzkoataria sailean harremana euskaraz egiteko aukeratu daiteke. Eta bestetik, aurrez aurrekoan, 030 eredua aurkeztu daiteke Ogasuneko herritarren arretarako bulegoetan edo Aldundiko erregistro zentralean.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »