Maskarekin ere, euskara ahoan

0    Euskara 
ETA KITTO ETA KITTO
Maskarekin ere, euskara ahoan
ETA KITTO 2020, Eka 08

Herriko euskaltegietan ez da jarduna eten eta maskararekin bada ere, ikasleek euskara dute ahoan. Ikasturtea amaitzear da, baina uda sasoi ederra izan ohi da euskara ikasteko eta egoera berezi honetan baldintzak aldatu arren, euskaltegietako ateak zabalik egongo dira. Euskarak osasuntsu jarraitu nahi badu, indarrez egin beharko dio aurre pandemiari.

 

Hasieran bi asteko kontua behar zena luzatu egin zenez, Udal Euskaltegiko ikasleek etxetik jarraitu behar izan dute euskara ikasten. “Materiala pen drive eta horrelakoetan gorde genuen eta posta elektronikoa, Skype eta antzeko plataformak erabili ditugu lanean jarraitzeko”, esan digute Udal Euskaltegikoek. “Uste baino hobeto moldatu gara, baina normalean baino lan gehiago egin behar izan dugu”.

Ikasleek ondo erantzun dute, nahiz eta batzuk atzean geratu diren. “Batzuk Internetik ez dutelako, beste batzuk ordenagailura ohituta ez daudelako, eta hainbatek, euren etxeetako egoera asko aldatu denez (lana, umeak zaindu edo dena delakoa), utzi egin behar izan dute”.

Itxialdia amaitu arren etxetik jarraitzen dute lanean, baina datorren astean ikasturte-amaierako azterketak euskaltegian egingo dituzte. “Ahozko azterketak egiteko askoz erosoagoa da bertan egitea. Internet bitartez eginez gero konexioa galtzen da, moztu egiten da, atzerapenarekin doa… aurrez aurre egitea hobe da”.

Beste ikasle batzuk BECen izango dute hitzordua ekainean eta uztailean zehar. HABEk ekainaren 12an berrabiaraziko ditu euskara maila egiaztatzeko azterketak (B2, C1 eta C2) eta 14.000 lagun inguruk parte hartuko dutenez, azterketak BECen egiteko erabakia hartu dute segurtasun-neurriak bete ahal izateko. Orain arte EAEko hiru hiriburuetan egiten zen, baina oraingoan toki berean egingo da hainbat txandatan, “jende larregi ez pilatzeko”.

Udaberri berezia bizi ondoren, udan ohiko jardunera itzultzeko gogoa dute Udal Euskaltegian. Hilaren 19ra arte udako ikastaroetan izena emateko epea zabalik egongo da eta hitzordua eskatuta joan beharko da izena ematera. Ikastaroak, berriz, aurrez aurre eman nahi dituzte. “Egoerak txarrera egiten ez badu behintzat. Bestela, gelak ondo prestatu ditugu segurtasun- eta osasun-neurri guztiak betetzeko”. Ikastaro trinkoa izango da, ekainaren 29tik uztailaren 24ra, goizetan emango dute eta dagoeneko jendea hasi da animatzen.

Urte hau berezia izan da guztiontzat, baina Udal Euskaltegiarentzat are gehiago, apirilean 35 urte bete zituen-eta. Hainbat ekintza eta ospakizun egin behar zituzten urteurren berezia ospatzeko, baina pandemia tarteko, gauza batzuk zintzilik geratu dira. “Bakarrizketa batzuk antolatu ditugu, herrian irteera batzuk egitea pentsatu genuen, Antzerki Jardunaldietan antzezlanen bat… gauza batzuk ezin izan ditugu egin, baina urtea oraindik ez da amaitu eta egingo dugu zerbait”.

 

Aspertzeko denborarik ez AEK-n

Koronabirusak AEK euskaltegiko ateak itxi zituen. Martxoaren 13an aurrez aurreko eskolak eten zituzten eta ikastaroak Internet bitartez jarraitzeko erabakia hartu zuten. “Konfinamenduan denetarik egon da”, esan digute AEK-koek. “Ikasle batzuek normalean baino denbora gehiago izan dute eta euskara gehiago ikasteko aprobetxatu dute; beste batzuek, ordea, ez dute ez astirik ez aukerarik izan; osasun-langileek, senideren bat gaixo zutenek, seme-alabak dituztenek eta beste hainbatek egoera zaila bizi izan dute eta ahal zutena egiten dute; teknologiaren bidez, urrutitik eta etxean bakarrik ikastea gustatzen ez zaien pertsonei, aurrez aurreko taldeetan izena eman dutenei, ez zaie asko gustatu Internet bidez ikastea, baina sarean egindako mintzasaioak gustatu zaizkie, besteak entzutea eta elkarrekin berba egitea garrantzitsua da-eta; eta azkenik, etxetik ikasteko baliabide teknologikoak ez dituztenek, posta arruntez jaso dituzte ariketak”.

Ikusten den bezala, ikasle bakoitzak egoera bat bizi du, baina ikasleek oso jarrera ona erakutsi dute AEK-koek diotenez, “eta pozgarria da”. Gainera, irakasleek bidalitako lan eta proposamenez gain, sare sozialen eta Internet bitartez euskara ikasteko eta praktikatzeko aukera gehiago izan dituzte. “Mintzasaioak, sukaldaritza-saioak, kontzertuak, irakurgaiak, kirola etxean euskaraz egiteko aukerak, poteo birtualak euskaraz, mindfullnes-saioak euskaraz, Euskaraldia etxetik… Jendeak irudimena dauka eta gauza originalak sortu dira”.

Itxialdia amaituta, talde gehienek Internet bitartez jarraitzen dute lanean, baina azpitalde batzuk egin dira aurrez aurre lan egiteko. Gainera, A1, A2 eta B1 mailetako ikasleek euskaltegian egingo dituzte azterketak, eta besteek BECen (B2, C1 eta C2). “Segurtasun- eta osasun-neurri guztiak hartu ditugu, espazioak berrantolatu, txandak zehaztu, eta abar. Hala ere, ez dugu arrisku larregirik hartu nahi eta ahal baldin bada, Internet bidezko saioak egiten saiatuko gara”. Ikasturtea amaitu baino lehen ikasleekin elkartzen saiatuko dira, baina datorren asteotan egoerak nola eboluzionatzen duen ikusi beharko dute. “Ikasturtea amaitzeko nolabaiteko harreman zuzena eduki nahi dugu ikasleekin”.

Ikasturtea sanjuanak inguruan amaituko da, baina euskaltegiak martxan jarri duen kanpainak dioen bezala, ‘Uda hemen da, AEK ere bai’. “Udan autoikaskuntza metodoa bultzatuko dugu. Ikasleek kontaktua izango dute tutoreekin, baina aurrez aurrekoa bada, banaka izango da, eta bestela Internet bitartez”.

Barnetegiak, ordea, bertan behera geratu dira. “Udan AEK-k barnetegi asko eskaintzen ditu eta esperientzia polita izaten da, baina pena handiarekin, aurten, bertan behera geratuko dira”. Dena dela, AEKtik mezu argi bat eman nahi dute. “Euskara ikasteko aukera egongo da. Egoerara moldatuko gara, baina aukera hori emango dugu”.

Udako ikastaroetan eta 2020/21 ikasturtean matrikula egiteko epea zabalik dago eta AEKren bulegoan (astelehenetik barixakura, 10:00etatik 14:00etara), posta elektroniko bitartez (eibar@aek.eus) edo telefonoz (607534357 / 943201379) egin daiteke.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »