EusLider: Gazteentzat euskara atsegin eta dibertigarria egitea helburu

EusLider: Gazteentzat euskara atsegin eta dibertigarria egitea helburu
2020/07/15 eta kitto!
Aurtengo ikasturtean Eibarko DBH-ko ikastetxeetan (Eibar BHI, La Salle eta Aldatze) DBH 3 eta 4ko ikasleek eusLider egitasmoaren bigarren zikloan parte hartu dute. DBH 4-ko 70 bat ikasle boluntario (eusLider) aritu dira DBH 3-ko ikasleei (290 inguru) saioak ematen. Hauek dira eusLiderrak saioen helburuak: hizkuntzekiko jarrerak landu, eraldaketa sustatu, portaera berriak sortu eta hizkuntza-lidergoa indartu. Azkenean, jabetza eta ahalmentze prozesu batez dihardugu.

EusLider, "hizkuntza-lidergoa sustatzeko" proiektua, abian ipini zuen Eibarko AEK-k 2018-2019 ikasturtean gure herriko DBH 3-ko ikasleekin batera. Helburuak gazteen hizkuntza-ohituretan eragitea eta euskara gehiago erabiltzearen aldeko aldaketa sustatzea dira, aldaketa hori  "modu atsegin eta dibertigarrian" egin daitekeela erakutsiz.

Hain berezia izan den ikasturte honetan (2019-2020) eusLider egitasmoaren ll. zikloa burutu da Eibarko DBHko ikastetxeetan (Eibar BHI, La Salle eta Aldatze). Ahize-AEK-ko irakasleek gidatu dute proektua, AKEBAIk finantzatuta.

Guztira DBH 4-ko 70 ikasle boluntario (eusLider) ibili dira DBH3-ko 290 bat ikasleri saioak ematen. Saioak jaso ondoren, eurek eman dizkiete 3. mailakoei. Boluntario horietako batzurekin egoteko aukera izan dugu: Eibar BHIko Aizpea Laskurain; La Salle ikastetxeko Leire Etxeberria eta Lore Arizaga; eta Aldatzeko  June  Fidalgo eta Anne Luengo. DBH 4-ko  beste boluntarioekin batera, 3. mailakoekin jardun dute, ikasitako guztia transmititzen.

Hizkuntza-lidergoa indartu eta aktibatu
II. zikloan, DBH 3-ko ikasleak sentsibilizatu, hizkuntzen garrantziaz jabetu eta haien arteko euskararen erabilera informala sustatzeko tailerra egin da. Horretarako, I. zikloko parte-hartzaile eusLiderrak (DBH 4-ko ikasleak) formatu dira dinamizatzaile lanetan jarduteko eta eurek gidatu dituzte II. zikloko saioak. Metodologia honekin borondatezko hartzaileen hizkuntza-lidergoa indartu eta lidergo katea aktibatu da.

Eibar BHI-ko Aizpea Laskurainek azaldu digunez, "iaz, DBH 3an, AEKtik etorri zitzaizkigun hitzaldi batzuk ematera; euskararen garrantziari buruz hitz egin ziguten, eta konturatu ginen gure hizkuntzari garrantzi gutxi ematen diogula.  Saioak oso dinamikoak izan ziren, jolasen bitartez egin genituen. Proiektuaren parte izan nahi genuen, hau da,  eusLider izan nahi genuen galdetu ziguten, eta gelako askok baietz esan genuen. Amaieran, herriko beste ikastetxeekin batera Untzagan ekitaldiak egin genituen taldeka: pintxo-lehiaketa, karaokea, ginkana... Jende asko elkartu zen eta oso ondo pasatu genuen".

Aizpea Laskurain Aizpea Laskurain Eibar BHIko ikaslea.

Aizpearen ustez, oso garrantzitsua da horrelako ekitaldiak antolatzea: "Gure adinarekin ez dugu baloratzen euskaldunok daukagun altxorra,  eta oso erraz jotzen dugu gaztelerara.Ez gara konturatzen euskarak duen garrantziaz. Egitasmo hauek oso lagungarriak dira  gure hizkuntza-ohiturak aldatzeko. Gure aurrekoek gauza asko egin dute euskara bizirik irauteko, eta horixe bera egin behar dugu geuk ere".

Pandemiak eragindako ikasturte berezia
Aurtengo zikloari amaiera emateko, "ekintza soziala" prestatuta zegoen martxoaren 27rako, baina COVID 19ak sortutako alarma egoeragatik bertan behera geratu zen. Horren ordez, eta egitasmoari behar bezalako amaiera emateko, sare sozialetan zabaltzeko bideoak egin dituzte.

Aizpeak dioenez,"aurten ez da erraza izan gauzak egitea.Pandemiak gure asmoak zapuztu ditu, baina zeozer egin dugu. Kaleko ekitaldiak egitea ezinezkoa izan denez, bideo bat sortu dugu".

Gauza bera azaldu digute Aldatze ikastetxeko June Fidalgok eta Anne Luengok. Sarearen bidez harremanetan egon dira irakasle batekin. "Untzagakoa egitea ezinezkoa zenez, bideo bat egitea proposatu zigun. Ideia ona iruditu zitzaigun eta 3. mailakoekin harremanetan jarri ginen".  Bideoan `Udarako gau luzeak´ kantua abesten agertzen dira.

La Sallekoak ere zerbait prestatzen ari dira. Leire Etxeberriak eta Lore Arizagak esan digutenez, "3. mailakoak txisteak jasotzen dituen bideoa dabiltza egiten".  Ikasturtearen hasieran La Salleko 4. mailako eusLiderrak ere AEK-ko teknikariekin egon ziren; iaz egindakoa errepasatu eta, ondoren, gelarik gela eta talderik talde  joan ziren  3. mailakoeri azalpenak ematen. "Azken batean, kate bat sortzen da, guk ikasitakoa atzetik datozenei irakasten diegu". Ekintza soziala nola egingo zuten pentsatzen hasi eta euskal jokoak eta jolasak egitea erabaki zuten. Gero, "pandemia etorri zen eta dena bertan behera laga behar izan genuen".

eusliderrak2 La Salleko Lore Arizaga eta Leire Etxeberria, eta Aldatzeko June Fidalgo eta Anne Luengo.

Oso ondo gogoratzen dituzte denek iazko ekitaldian elkarrekin igaro zituzten une atseginak.  Aldatzekoek play-backa antolatu zuten, epai-mahai eta guzti, eta La Sallekoek modelo-pasea. Instikoek pintxo-lehiaketa prestatu zuten. Ilusio handiarekin egindako jarduerak izan ziren. Gainera, ginkana bat egon zen. Aurten ezin izan dute horrelakorik egin: "pena handia ematen digu, baina behintzat bideoak egin ditugu".

Gazteen artean euskara  zabaldu
Euskara bultzatzea da eusLiderren helburua eta, diotenez,  "esperientzia honen bitartez euskarari buruz ezagutzen ez genituen gauza asko ikasi ditugu". Onartzen dute, dena dela, umetan baino gutxiago hitz egiten dutela euskaraz lagunen artean.  Proiektu hauek oso garrantzitsuak direla uste dute, "horrelako ekintzak antolatzen direnean, euskaraz jarduten dugulako, ia konturatu gabe".

Modu atsegin eta dibertigarrian
Egitasmoaren arduradunen berbetan, “hizkuntza ohiturak modu atsegin eta dibertigarrian aldatu daitezke, ez da ezinezkoa eta ez dauka zertan aspergarria izan. Horretarako, eta parte hartzaileen interes arlo eta motibazioetatik ahalik eta gertuen, helburu hauek lortu nahi ditugu: hizkuntzekiko begirune handiagoa izatea, hizkuntza portaera berriak sortzea eta gazteen hizkuntza-lidergoa indartzea”.

Aipatutako helburu horiek lortzeko, egitasmoak hiru fase dauzka: “Lehenengoan, erakundearen atxikimendua eta parte hartzaileen jakin-mina asetzeko kanpaina egiten da. Bigarren fasean aurrez aurreko hiru saio egiten dira ikasleekin. Saio horietan portaeran aldaketa eragin dezaketen faktoreak lantzeko informazio esanguratsua ematen zaie, aldatzeko motibazioa landu eta horren beharra ikusarazteko. Hau da, aldaketa sustatzen da eta horretarako ereduak eta baliabideak eskaintzen zaizkie. Aldaketa egingarria dela ikusteko eta trabak gainditzeko prestakuntza ematen diegu, besteak beste. Eta hirugarren fasean aurrez aurreko hiru saio gehiago egiten ditugu, izena eman duten boluntarioekin. Saio hauetan ekintza sozial bat garatzeko lanketa egiten da eta, amaitzeko, ikasleek aukeratutako ekintza bat egiten da”.