Gaur arratsaldean iritsiko da Tantanez Tantan euskararen olatua

Gaur arratsaldean iritsiko da Tantanez Tantan euskararen olatua
2023/05/19 eta kitto!
Gaur arratsaldeko 19:00etan ailegatuko da Eibarrera Tantanez Tantan, bazterrak euskaraz bustiko dituen euskararen aldeko olatua. Ekimenak jai-giroan beteko du ibilbidea: “Eibar BHIKo hankapaloek irekiko dute katea, Musika Eskolako trikitilariak joango dira gantxillaren ondoan, eta Ustekabek itxiko du kalejira”. Berritasunik ere izango da: “Zirikatzailea ibiliko da ibilbidean atzera eta aurrera jendea katean sartzera animatzen, giza kateko maila guztiak bete nahi ditugu-eta”. Antolatzaileen azkeneko eskaera euskaltzaleontzat: “Ez ahaztu zerbait urdina janztea eta lepoan koadrodun zapia jartzea!”.

700 lagun Ibilbidea betetzeko
Urkizuko iturritik Untzagara arteko ibilbideak kilometro inguru duela kalkulatzen dute antolatzaileek eta, lana errazte aldera, hamabi zatitan banatu dute aurten ere ibilbidea: “Urkizu-Ibarkurutze, Ibarkurutze-anbulatorioa eta anbulatorioa-Untzaga, horiek dira tarte nagusiak; baina horien barruan hainbat azpitarte antolatu ditugu. Gonbidapenak egiterako orduan talde edo elkarte bakoitzari tarte bat eman diogu, tarte bakoitzean jendea egongo dela ziurtatzeko; gure kalkuluen arabera 50-60 lagun beharko ditugu azpitarte bakoitza betetzeko, eta 700 lagun ibilbide osoa betetzeko. Ez da erronka makala”. Horregatik dei egiten diete Eibarko euskaltzale guztiei, “gaur, maiatzak 19, ozen oihukatu behar baitugu eibartarrok euskaraz bizi nahi dugula”. Urtero moduan, aurten ere, soinean zerbait urdina eta koadrodun zapia eramatea eskatzen dute antolatzaileek. Urkizutik Coliseorainoko tartean egongo direnak 18:30 ingururako han egon beharko dute, katea ondo antolatzeko, eta Coliseo eta Untzaga artekoak, berriz, 19:00etarako.

Euskal Jaia eta Serafin Basauri omenduak
Euskararen alde egindako lana eskertu eta aitortuko du aurten ere euskararen olatuak eta bi izango dira omenduak: “Batetik, Euskal Jaiak 58 urte betetzen ditu aurten, eta urte hauetan guztietan euskararen alde, euskal tradizio eta kulturaren alde egindako lana eskertu nahi diogu; eta, bestetik, aitortza berezia egingo diogu Serafin Basauri euskaltzaleari, euskara eta euskal kultura bultzatzeko eta zabaltzeko egindako lanarengatik. Euskara-irakaslea izan zen, Ikastolaren bultzatzaileetako bat ere bai, euskararen inguruan Eibarren argitaratu diren liburu askotan dago Serafinen eskua, herri hizkerak jasotzen dituen Badihardugu Elkarteko buru… Ondo merezitako errekonozimendua eskaini nahi diogu”.