Ikastetxe guztietara ailegatu da gaur Txikitto aldizkaria

Ikastetxe guztietara ailegatu da gaur Txikitto aldizkaria
2021/03/22 eta kitto!
Txikitto! aldizkariaren martxoko alea (hemen daukazue PDF formatuan) aste honetan banatuko da Eibarko ikastetxeetan, 6 eta 12 urteko ikasle guztien artean. Azaleko argazkian Amañako ikasleak agertzen dira. Pandemiaren eraginez konfinatuta eman genituen hainbat aste. Etxealdiak denoi ekarri zizkigun aldaketak, baina ikasleen kasuan oso nabarmena izan zen. Egoerara moldatu eta klaseak etxetik online jaso zituzten, horrek esan nahi duen guztiarekin: konexioak huts egiten duela, ordenagailuak funtzionatzen ez duela… Bada, Amaña ikastetxeak ikasleak informatikan trebatzen ari dira, berriro gertatuz gero, inork arazorik, teknologikoak behintzat, izan ez ditzan.

“Jolastokixan jolasian” atalean, Aldatze ikastetxekoek “Hiriburuak” jolasa erakutsi digute. Hemen daukazue eurekin egin dugun bideoa:



Hori guztiaz gain, aurrekoetan bezala, ikastetxeetako berriak, ikasleek egindako denborapasak, txisteak eta ipuina, eta beste hainbat atal aurkituko dituzue.

Txikitto! aldizkariko ale hau eta aurreko guztiak etakitto.eus-eko mediatekan dituzue eskuragai. Bideo guztiak lotura honetan: https://etakitto.eus/mediateka/bideoak

Txikitto! aldizkaria irakurketa eta idazketa-trebetasunak lantzeko aldizkaria izateaz gain, ikastetxe-guraso-ikasle/seme-alaben arteko harremanak euskaraz izan eta ondo pasatzeko aukera ematen digun euskarri ezinhobea da. Ikasle eibartar guztiek HILERO eta DOAN ikastetxean bertan jasotzen dute aldizkaria.

Egitasmoa, partehartzaile eta irekia da: ikasle, irakasle eta gurasoen arteko elkarlanean oinarrituta dago.